'(H)ari naizela', irratsaio berria, igandetik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 16a, 10:00

Tolosaldeko Atariak sustatu eta Harituz Bertsozaleen elkarguneak gauzatuta, abian da bertsoari buruzko irratsaio berria, Imanol Artolak gidatuta. Igande honetako estreinako saioan, Felix Irazustabarrena alegiarra izango da gonbidatua.

«Hedapen arloan gabiltza hanka-motz», aitortu du Artolak, «orain arte, Harituzek bere Facebook orria kudeatu baino ez du egin». 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari ATARIA irratian egin zitzaion jarraipena ikusita, «aukera hori baliatzea interesgarria iruditu zitzaigun eta egiten dugun lana zabaltzeko erabili genezakeela ATARIA». Igandetik aurrera, beraz, (H)ari naizela irratsaioa egingo du Harituzek ATARIA irratian.

Imanol Artola Felix arduratuko da saioa gidatzeaz: «Hemen Tolosaldean antolatzen diren bertso saioei jarraipena egingo diegu bereziki. Saio horietan egon eta han jasotakoak emango ditugu irratsaioan». Bertsozale Elkartearekin gauzatutako hitzarmenari esker, beste eskualdeetako bertso saioetan entzundakoak ere ekarriko dituzte eskualdeko uhinetara. «Pixkanaka forma hartzen joango da saioa, baina printzipioz bertso historikoei egingo diegu tartea astero eta gonbidatu bat ere ekarri nahi genuke estudiora, berekin batera, bertsoak komentatzeko». Astero aldizkari honetan bertan Harituzeko kideek prestatzen duten bertsoa entzuteko aukera ere izango da (H)ari naizela-n eta aurrera begira bertso jarriak musikaz lagunduta emateko asmotan dira.

TOLOSALDEKO ATARIA-k sustatu eta Harituz Bertsozaleen Elkarguneak gauzatuko duen irratsaioak, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen babesa izango du. Jon Agirresarobe elkarteko sustapen eragilearen hitzetan, «aspaldi honetan gutxitu egin da tokiko hedabideetan bertsolaritzaren jarraipena egiten duten irratsaio eta bestelakoak eta elkartetik badugu asmoa horiek bultzatzeko». Baliabideak bideratuko dituzte horretarako eta erraztasunak emango dituzte Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez beste eskualdeetan grabatutako bertso saioak Harituzekoen eskutan jartzeko. «Tolosaldean, orain, abiatzen dugun bidea, beste eskualdeetako medioentzat adibide eta eredu izatea espero dugu».

Hemendik aurrera, ATARIA irratian, igandean, 14:00etan hasita entzun ahal izango da (H)ari naizela eskualdeko bertsolaritzari buruzko irratsaioa. Asteazken iluntzetan, 20.00etatik aurrera errepikatuta eskainiko da. Etzi, estreinako saioan, Imanol Artolak Felix Irazustabarrena alegiarra izango du gonbidatu. Felixetik Felixera ariko dira, hortaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!