Erraustegiaren aurkako Aiztondoko plataforma aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 17a, 19:27

Zubietan eraiki asmo duten erraustegia "mehatxu larritzat" hartu dute eta Aiztondoko herritarren osasunean "eragin larriak" izan ditzakeela uste dute. Besteak beste, otsailaren 28an Zubietako erraustegira antolatu den martxan parte hartzeko deia luzatu du plataformak

Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilgo herritarrek parte hartu dute plataformaren aurkezpenean eta "errausketa proiektuaren bultzatzaileei hausnarketarako deia luzatuko dien giza talde" bezala aurkeztu dute euren burua. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egin den agerraldian, sei herrietako udal ordezkariek eta kirol eta kultur munduko hainbat pertsonek hartu dute parte. Guztiek babestu dute Zubietako erraustegiaren aurkako plataforma.

Azken hilabeteetan, berriz ere, Gipuzkoan erraustegi bat eraikitzeko egitasmoa jarri da martxan. Zubieta inguruan kokatzen da proiektua, plataformako bozeramaleek aipatu dutenez, "Aiztondo bailaratik oso hurbil". Proiektu honek gipuzkoar guztientzat eta bailarako herritarrentzat, bereziki, eragin larriak izan ditzakeela azaldu dute ondoren eta horretarako Instituto Salud Carlos III erakundeak gai horri buruz egindako txostena aipatu dute: "erraustegiak eta antzeko azpiegiturek oso eragin larriak dituztela dio ikerketak, bertatik 20 kilometro bitarteko eremuan bizi diren hiriguneetako gizakien osasunean. Zaborren erretzeak guretzako eta gure ingurumenerako kaltegarriak diren produktuak sortzen ditu kopuru handitan. Eta gai horiek nabarmen handitzen dituzte gizakiongan minbizi mota batzuk edo diabetesa izateko aukerak, are gehiago erraustegitik bost kilometroko ingurunean dauden herrietan".

Agerraldian parte hartu duten herritarrek egoera kezkagarritzat hartu dute eta horregatik erabaki dute Zubietako erraustegiaren aurkako plataforma bat osatzea. "Talde ireki eta anitza" esan dutenez. Hausnarketarako deia luzatzeaz gainera, "alternatiba, eztabaida eta negoziaziorako bideak ireki ditzatela eskatuko diegu errausketa proiektua babesten dutenei".

Sortu berria da erraustegiaren aurkako Aiztondoko plataforma baina dagoeneko antolatu ditu lehenengo ekitaldiak. Martxoaren 17an, esate baterako, erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia izango da Villabonako Gurea zinema aretoan, 19:00etan hasita. Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian.

Aiztondoko plataformak errausketaren aurkako mugimenduan parte hartzen du eta beste herrietako plataformek antolatutako ekitaldietara joateko deia luzatu du. Esate baterako, Zizurkilen jakitera eman dutenez, Andoaingo Ipar Haizeak Arduraren alde izeneko giza katea burutuko du, otsailaren 20ean, larunbatean, Arrate plazan eguerdiko hamabietan.

Eta tokian tokiko plataforma guztiek elkarrekin Zubietako erraustegira martxa antolatu dute otsailaren 28an. Zubietako herrian 11:00etan jarri dute hitzordua "zero puntua" deitu dioten lekura, azpiegitura eraikitzeko asmoa duten tokira joateko. Han 12:00etan egingo dute ekitaldia, berriz ere, 13:00etan Zubietako frontoira itzultzeko. Hala ere, Aiztondoko plataformak oinez Zubietaraino joateko irteera antolatu du. Horretarako, Zizurkilgo plazan goizeko 08:00etan geratu dira.

Amaitzeko, Marian Delgado eta Iñigo Ruiz plataformako bozeramaleek taldean parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Ostegunero biltzen dira, 19:30ean, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!