Mankomunitateak balantze "oso positiboa" egin du hondakinen bilketaren datuen inguruan

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 18a, 15:44
Patxi Amantegi, Josu Amilibia eta Gema Ezeiza, agerradliaren une batean.

Tolosaldeko datu orokorrei begiratuz, gaikako bilketan, etxeko hiri hondakinetan, 2015ean %60,44ekoarekin amaitu da, eta gogora ekarri dute 2011n %25,34ekoa zela.

Izan ere, 2015 urtea izan da aldaketa ezberdinak egin eta gero egoera homogeneoan mantendu den lehen urtea. Josu Amilibia mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, "honek balantzea egiteko aukera ederra ematen digu, eta azken urteetan egin den lanaren ondorioak baloratzeko aukera". Alderaketa 2011 urteko datuekin egin dute, ordura arte ez baitzen organikoa eta errefusa bereizita jasotzen.

Lau urte horietako eboluzioa ikusita, 2011n %74,66 bideratzen zen zabortegira, eta 25,34 gaika biltzen zen. 2015 urtean, gaika biltzen da %58,38, eta zabortegira %38,22 bideratzen da. Beste %3,40a konpostatzen dena da, hau da, herrietan bertan kudeatzen dena eta ez dena jasotzen. Zabortegira 2011n 16.179 tona bideratzen ziren, eta 2015ean 7.096 tona, beraz, horrek %56ko jaitsiera suposatzen du. Gaikako bilketa osoa kontuan izanez gero, hau da, industria eta garbiguneak barne, 2015. urtean gaika bildu dena %58,33 izan da; 2011n %32,60a bildu zen.

Amilibiak herritarrak zoriondu ditu, eta mankomunitatearen leloa ekarri du gogora: Zurekin alde ederra! "Ikusi da Tolosaldeko herritarrekin alde ederra sumatu dela. Badakigu herritarren laguntzarik gabe ezingo ginela iritsi iritsi garen punturaino", azaldu du.

Datuak hondakin mota eta herrien arabera

Tolosaldean, ontzi arinetan 2015. urtean bi mila tona inguru bildu dira, eta 2011n 800 tona inguru; beraz, %152ko igoera izan da. Beiran, 2015ean 2.250 tona eta 2011n 1.850 tona, hau da, %22ko igoera. Papera eta kartoiari dagokionez, 2015 urtean 2.618 tona, eta 2011n 2.599 tona jaso ziren, hau da, igoera %1ekoa izan da. Arropako edukiontzietan, 2015 urtean 334 tona, eta 2011n 193 tona bildu ziren, igoera %73koa izanik. Materia organikoari dagokionez, 2011n ez zen jasotzen, eta 2015ean 3.581 tona jaso dira, eta landa eremuko estimazioa eginez, 525 tona inguru bideratzen direla kalkulatu dute. Izan ere, landa eremukoa ez da jasotzen, herrietan bertan kudeatzen da organiko hori. Olioaren bilketan, 2015 urtean 61 tona eta 2011n 59 tona izan dira jasotakoak, beraz, %3 gehiago lau urteren ondoren.

Herriz herri ere eman dituzte datuak, 2015ekoak. Zehazki, gaikako bilketaren portzentaia, eta urtean biztanleko zenbat errefus kilo sortu diren:

Alegia. %82,87 eta 50 kilo.
Ikaztegieta. %83,15 eta 41 kilo.
Anoeta. %70,79 eta 68 kilo.
Irura. %73,82, eta 68 kilo.
Zizurkil. %62,52 eta 98 kilo.
Amasa-Villabona. %76,83 eta 59 kilo.
Ibarra. %77,31 eta 56 kilo.
Tolosa. %72,31 eta 95 kilo (kontuan hartu behar da Tolosan dagoen ostalaritza kopuruak eragiten duela). Andoain. %31,96 eta 232 kilo.
Landa eremuan, beste herriak sartuko lirateke: Abaltzisketa, Aduna, Asteasu, Amezketa, Altzo, Alkiza, Albiztur, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Lizartza, Leaburu, Hernialde, Belauntza, Larraul, Elduain, Orendain, Gaztelu eta Orexa. Kasu hauetan zuzeneko gaikako bilketa %59,07ekoa da bataz beste, eta kontuan izanez gero herrietan konpostatzen den guztia, %68,72a izango litzateke. "Kontuan hartu behar da bilketa sistema ezberdinak daudela herri horietan, hau da, batzuk %80etik gora daudela gaikako bilketan eta beste batzuk %60tik gertu", zehaztu du Amilibiak. Bataz beste, 80 kilo errefusa biztanleko jaso dira.

Datuei errepasoa egin ondoren, eta "balantze positiboa" dela berretsi eta gero, "oraindik hobekuntzarako margena" dagoela eta horretan jarraituko dutela lanean zehaztu du Amilibiak. 28 herrietatik 27 gaikako bilketan %60tik gora daudela nabarmendu du, eta horietatik asko %70tik eta %80tik gora daudela. "Herritarrei orain arte lan egiten jarraitzeko deialdia egiten diegu, denon artean eskualde hobeago eta ingurugiroarekin orekatuagoa lortzeko", gaineratu du Amilibiak.

Andoain herriaren datuak dira esanguratsuak, izan ere ez da iristen %32ra gaikako bilketan, eta horren arrazoia organikoa ez dutela bereizita jasotzen da. "Andoaingo biztanleria mankomunitatearen laurdena da, eta horrek eragiten dio bataz besteari", zehaztu du Amilibiak. Datuen alderaketa 2011 eta 2015 bitartekoa dela gogora ekarri du Patxi Amantegi mankomunitateko lehendakariordeak, eta Andoainek 2011ko datuetan jarraitzen duela nabarmendu du, "errefusa eta organikoa edukiontzi berdinean jasotzen baita, hau da, 2011n genuen eszenarioan daude, guk abiapuntu hartutakoa".

Mankomunitatean aurreko batzarrean aho batez onartu zen dekalogo bat, etorkizunera begira oinarri batzuk finkatzeko. "Herri asko %70 edo %80ko tasetan egon arren, eta ikusita bataz bestekoa %60ean dagoela, adostu zen mankomunitate bezala %60 horretatik jaistea ezingo zela onartu", azaldu du Amilibiak. "Tasa handiagoa duten herrietan, saiatu beharko lirateke portzentaje hori mantentzen. Marko horren barruan falta den herria Andoain da eta egoera aztertzen ari dira, eta beraien eta denon nahia da urte honen barruan saiakera egitea portzentaje hori hobetzeko".

Bere aldetik, Patxi Amantegik azaldu du mankomunitateak zehaztutako gutxieneko %60a gaindituko dela "esfortzu gehiegirik gabe. Kolaborazio pixka batekin, ez dugu zertan jatsi behar. Margena dago eta horren gainetik ibili gaitezke". Amantegik gaineratu duenez, "kontzientziazio lana etengabe egin behar da mankomunitatearekin batera. Edozein aldaketa egin behar denean, pilak jartzen ditugu, gero erlaxazio puntu bat egon ohi da, eta herri bakoitzaren ardura izan behar da tentsio puntua mantentzea". Mankomunitateko lehendakariordeak azaldu duenez, tasatik jaistea "ekologikoki ez da komeni, baina ekonomikoki ere ez: gehiago ordainduko dugu gaizki egiten badugu. Datozkigun aldaketei ere aurre egin behar diogu. Jendeari esan behar zaio ondo egin behar direla gauzak, denoi komeni zaigulako eta ekonomikoki errentagarriagoa delako bai udalentzako, mankomunitatearentzako eta herritarrentzako". Amilibiak gaineratu duenez, "datuak azaldu ditugu 2015eko egoera erakusteko, eta egoera oso ona da, salbuespen batekin. Denok kontuan izan behar dugu egoera hau aurrera jarraitu eta hobetzen joateko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!