Azoka batek bilduko du eskualdeko lanbide heziketa eskaintza osoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 25a, 13:27
Lehiberri zentroan egin dute aurkezpena; orain arte han egin izan dute azoka, eta aurten lekuz aldatuko dute.

Tolosako Trianguloa plazak Lanbide Azoka hartuko du, estreinakoz, larunbat goizean.

Euskal Herriko eskualde gazteenetarikoa da Tolosa, eta unibertsitate ikasle gutxien dituena ere bai, era berean. Enpresa jardunari begira, berriz, eskualde industriala da. Horrek lan mundura sartzeko bideak saretu eta hobetzea eskatzen die, uneoro, hezkuntza nahiz enpresa esparruko eragileei, eta bide horretan aletxo bat jartzera dator 2016ko Lanbide Azoka. Triangulo plaza hartuko du estreinakoz, eta hiru sektoreetara begirako lanbide heziketa zikloak salerosteko hitzordua izango da, larunbat goiza.

Egitasmoak Tolosaldeko Euskararen Mahaian du sorburua, bertan biltzen diren lanbide heziketa institutu, sindikatu, euskalgintzako eragile nahiz udalek ikastetxetik enpresetarako zubiak ere euskaraz eraikitzea baitute jomuga. Horrela, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariorde Itziar Arratibel, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko Joxemari Elola, Inmakulada Lanbide Heziketa Institututuko Amaia Karrera, Fraisoro eskolako Jose Javier Ormazabal, Don Bosco Paper eskolako Martin Letona eta Peñascal fundazioko Vanessa Alzate izan dira proiektuaren aurkezpenean. Beren alboan, Xabier Saizar Galtzaundi euskara elkarteko lehendakariak foroaren garrantzia azpimarratu du, eta beren lana "zirikatzailearena" dela azaldu: "Bi zutaberen gainean abiarazitako proiektua da Lanbide Azokarena, izan ere, eragile guztien elkarlanaren fruitua da, batetik, eta euskararen balio erantsia zabaltzeko bidea, bestetik, normalizazioari begira".

Baserritik dendaraino

Ofizio eskolek gero eta harrera handiagoa dute derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten neska-mutilen artean. Ikastetxeek darabilten metodologia berritzailea da horren eragileetako bat eta, halaber, enpresekin duten lotura zuzenak lan-merkatuko sarrera errazten die.

Tolosaldean leiho zabala da lanbide heziketarena, eta hiru sektoreak barnebiltzen dituzte, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak, Inmakulada Lanbide Heziketa ikastolak, Fraisoro eskolak, Don Bosco paper eskolak eta Peñascal zentroak. Horrela, batez ere industriara begirako eskualdea izanagatik, "formakuntza ziklo guztiak beren artean osagarriak" direla azpimarratu du Amaia Karrera Inmakulada ikastetxeko ordezkariak: "Gainera, denetan euskaraz burutu daitezke ikasketak, eta horrek balio erantsia ematen dio lanbide heziketari".

Larunbatean, beraz, 10:00etatik 14:00etara bitarte, abeltzantza, nekazaritza, lorezaintza, mekanika, galdaragintza, elektronika, merkaratitza, prozesuko kimika, farmazia, diagnosi irudia, erradiologia, gizarte integrazioa, menpekotasuna dutenen zaintza, sukaldaritza nahiz soldaduraren nondik norakoak ezagutu nahi dituztenek Trianguloko karpan izango dute horretarako aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!