«Ziur gaude jendea presoen eskubideen alde, trenera igoko dela»

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 28a, 13:33

Sare herritarrak presoen eskubideak errespeta daitezen martxan jarritako 'Hartu Trena' ekimenaren barruan kultur jaialdia egingo da. Bihar, Villabonako Olaederra kiroldegian izango da hitzordua 20:30ean. Xabin Fernandez eta Nerea Alias izango dira aurkezleak.

Ezagunak dira Xabin Fernandez (Legorreta, 1985) eta Nerea Alias (Anoeta, 1984). Jendaurrean aritzeko duten abilezia Sare herri mugimenduaren esku utzi dute. Hartu Trena kanpainaren barruan, biharko kultur jaialdian aurkezle lanetan ariko dira biak.

Nola jaso zenuten jaialdia aurkezteko proposamena?
Nerea Alias: Iñaki Lizasoren eskutik iritsi zitzaidan gonbidapena. Nire alabaren irakaslea da eta ni Anoetakoa izanik, gustura hartu nuen proposamena. Gero alboan beste lagun bat edukitzea ondo legokeela pentsatu genuen, pisua elkarrekin banatzeko. Xabin etorri zitzaidan burura, gaur egun elkarrekin lan egiten dugulako eta lagunak garelako.
Xabin Fernandez: Gainera, Tolosaldekoa ez, baina muga mugakoa naiz, Legorretakoa. Onartuko nauzue biharko jaialdirako, ezta?

Aurrez arituak al zarete antzeko lanetan?
X.F.: Nereak nik baino eskarmentu handiagoa du aurkezle gisa, baina ni ere, gaztetatik sartu izan naiz horrelako saltsetan. Niri ez zait kostatzen baiezkoa esatea, askotan gehiago kostatzen zait ezezkoa ematea.
N.A.: Ni ere erraz animatzen naiz. Batez ere atzean horrelako konpromisoa ikusita. Telebistako lana, hala ere, ezberdina da. Bihar jendaurrean arituko gara, zuzeneko bat izango da eta horrek ardura eskatzen du. Urduritasun puntu bat izango dugu eta guretzako ere erronka bat izango da.

Gidoia zuek prestatu duzue?
X.F.: Hor laguntza izan dugu. Iraitz Lizarraga zizurkildarrak osatu du gidoia eta ideia nagusia berea da; lan polita egin du. Aurreratu dezakegun gauza bakarra da, ez dela aurkezpen tradizional bat izango, gidari lanak egingo ditugu baina modu berezi batean. Trenak jaialdi osoan zehar presentzia izango du, baita gure lanean ere.

Zenbateko iraupena izango du emanaldiak?
N.A.: Ordu eta erdiko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Denetarik dago eta ekitaldi ez ohiko bat izango da sorpresaz betea.
X.F.: Tolosaldea oso eskualde aberatsa da eta horren isla izango da jaialdia.

Zergatik babesten duzue ekimena?
N.A.: Nik pertsonalki gauza asko dauzkat esateko eta horregatik hartzen dut parte jaialdian. Sare herri mugimendu bat da eta bakoitzak gure alea jarri ahal badugu, giza eskubide horiek errespetarazi daitezen, gu saiatuko gara. Euskal preso eta iheslariak egoera tamalgarrian bizi dira eta egoera aldarazten saiatuko gara, auzoan, herrian, eskualdean eta nazio mailan.
X.F.: Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina denok bizi eta nozitu dugun gauza bat izan da. Horrelako ekimenak oso beharrezkoak dira, herriari erakusteko errealitatea zein den eta denok ikus dezagun oraindik ere zer dagoen egiteko.

'HARTU TRENA' JAIALDIA

Parte hartzaileak

Kirolariak. Ibarrako sokatiralariak; Irene Caminos Trialsin txapelduna.
Bertsolariak. Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Haritz Mujika.
Dantzariak. Oinkari, Alurr eta Villabonako dantzari talde bat.
Olerkaria. Ione Gorostarzu.
Musikariak. Txintxarri , Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzak; Nerea Barriola sopranoa eta Ana Iparragirre pianojolea; Isk&Bila txaranga, Miriam Quinn biolin jolea; Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze; Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilariak; Bihozkada taldea.
Pailazoak. Pirritx eta Porrotx.
Sukaldariak. Javi Rivero eta Eneko Amondarain.

Sarrerak

Salmenta puntuak. Villabonako Amasa kafetegia; Zizurkilgo Iriarte jatetxea; Tolosako Raku, Denak eta Orbela; Ibarrako Zubiaurre; Alegiako Iskiña eta Anoeta Itzuli taberna.
Salneurria. Helduek 8 euro; 16 urtetik beherakoek 5 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!