Iraultzarik gabeko errebeldeak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 29a, 12:00

Chicagoko martirien omenez abiarazitako aldarrikapen-ospakizuna da Maiatzaren 1ekoa. Zortzi orduko lanaldiaren alde mobilizatzeagatik zenbait anarkista erail zituzten eta, bi urteren buruan, 1889an, Parisko Bigarren Internazionalak nazioarteko egutegian josi zuen efemeridea. Josi eta ehundu, oraindik ere puntu gorria baita urteko bosgarren hilabeteko lehen egunarena. Baina, ez ote da borroka eguna opor egunez jantzi, opor eskubidea ia desagertzen ari den garaiotan?

Norbere Kontraesanak Dantzan Jartzeko Nazioarteko Eguna ere dei dakioke, akaso, Maiatzaren Lehenari. Zergatik eta, agintariak erreforma, lege eta dekretu zorrotzenen jabe egin direnean, sindikatze tasek orduantxe egin dutelako behera; eta prekarietateak, gora. Mobilizazio giroak ez bezala.

Joxi Imaz soziologoak (Ibarra, 1972) desideologizazio prozesu bat gertatzen ari dela uste du, eta kontzientzia, elkartasuna, konpromisoa eta militantziaren gisako idealak iraganeko kontu izango direla laster. Baieztapen guztiek bezala, horrek ere aldeko eta kontrako iritziak jasoko lituzke, izan ere, Beñat Azaldegi tolosarrarentzat (1994) «aldarrikapen egun bat» dena, urteko 365 egunetan barrena ezkutaturiko hitzordua da Aiala Nuñez (Tolosa, 1988) eta Ainhoa Aretxabaletarentzat (Tolosa, 1988): «Ez dugu Langileen Nazioarteko Eguna bizitzen eta, egia esan, data iritsi eta komunikabideetan nahiz kalean horri buruz hitz egiten hasten diren arte, ez dugu jakiten langileen eguna zehazki noiz den ere».

Zilbor-hestearen loturatik askatu izanagatik, norbere zilborrari begira bizitzen irakatsi ote zaie mundutarrei? Ezkerraren porrota egia objektibo bilakatu al da, teoria liburuetatik harago? Aldarrikapen ereduak eraberritu egin behar al dira, eraginkor izatekotan? Ukabilen balizko gainbeherak soka luzea du atzean, zalantzarik gabe.

Aiala Nuñez, Ainhoa Aretxabaleta eta Beñat Azaldegi, hirurak ala hirurak, izan litezke Joxi Imaz soziologoaren ikasle; batzuk lankide ere bai akaso. Sei urteko aldeak banatzen ditu neska-mutilak, eta zenbait aferatarako belaunaldi desberdinetako kidetzat hartuko liratekeen arren, denek zuri-beltzean ikusten dituzte langile mugimenduaren inguruko aldarrikapen indartsuenak, iraganean: «Gurasoen gazte garaiko kontakizunetan ditugu horren erreferentziak, eskubide jakin batzuk lortzeko nola mobilizatzen ziren ziotenetan».



Eta, itxura guztien arabera, zuri-beltzeko argazki horrek ez du kolorerik hartu, guraso haien seme-alaben artean: «Egia da lehen mobilizazioak askoz ere bortitzagoak zirela, baina orain ere bada mugitzen den jendea, gauza guztietan bezala, denetarik dago», dio Azaldegik.

Adinak adin eta testuinguruak testuinguru, hiru gazteak bat datoz jarrera aldaketa horri azalpenen bat bilatzerakoan. «Uste dut konformatzera iritsi naizela, eta 'horrela beharko du' esaldia sinetsi dudala», dio Ainhoa Aretxabaletak. Aitortu duenez, begi aurrean ikusten du «gurasoek lortutako hainbat eskubide galtzen» ari direla: «Eta askotan pentsatzen dut, nire artean, 'Zertan ari gara?'; baina, nire kasuan horretan geratzen da, konformismoagatik».

Gertatzen denaren aurrean ikusle soilaren papera izatea beren belaunaldiko gazteen izaeran txertatu dela uste du, berriz, Aiala Nuñezek: «Txikitatik gure oinarrizko beharrak ase izan dizkigute, eta horrek gure borrokatzeko sena galtzea ekarri duela uste dut».

Dagoenarekin konformatzea, borrokatzeko berezko grinarik ez izatea eta informazio falta, horiexek dira, Beñat Azaldegiren ustez, aldarrikapenen gainbeheraren gako: «Orain lehengoek baino borroka gehiago egin beharko genuke, baina ez da hala gertatzen. Desinformazioa izan daiteke, edo atzera begirada hori ez egitea: egungo egoera kudeaketa oso txar baten ondorio da, eta flashback hori egin dugunok haserrea sentitu dugu arduradunekin, baina egin ez dutenak akaso ez dira sumindu oraindik».

Egiazki, ordea, sistemak konforme izateko arrazoi gutxi eskaintzen dizkie gazte tolosar hauei. Irakasle ikasketak egin zituen Ainhoa Aretxabaletak, eta bere lan ibilbideari ikastetxe kontzertatuetan ekin bazion ere, sare publikoan ordezko moduan ari da orain: «EAEko hiru herrialdeetan izena emanda daukat eta, beraz, loteria moduko bat da nondik deituko didaten jakitea. Oraingoz zorte pixka bat izan dut, baina posible da egun batean Balmasedara joan behar izatea, hurrengoan Irunera eta azkenekoan Arabako Errioxara; eguneroko hori nekagarria da oso».

Unibertsitateko publizitate ikasketak aspaldi biribildu zituen, bere aldetik, Aiala Nuñezek, baina horrek ez dio lanpostu duinik bermatu: «Lan desberdin pilo bat izan dut orduz geroztik eta, azken urtebetean, esaterako, hiru lanetan aritu naiz. Enpresa gehienentzat zenbakiak besterik ez gara, eta ez dituzte langileon dohainak kontuan hartzen. Gainera, badirudi mesede bat egiten digutela lanpostua eskaintze hutsagatik, eta horrek motibazioa lurpean uzten dio bati».

Bide horretan, Beñat Azaldegi motibazioz beteta dago oraindik. Zuzenbide ikasketak amaituko ditu uda aurretik, eta sindikatu batean aritu da bere azken praktikaldia egiten: «Jendearekin zuzeneko harremana izan nahi nuen, eta lan munduko arazoak interesgarriak iruditzen zaizkit». 200 ordu osatu ditu langile norbanakoen gorabeherak ezagutu eta kudeatzen eta, ikusi ahal izan duenagatik, argi dio badela lanak asetzen ez duen jenderik: «Zenbait lanpostu oso prekarioak dira, eta jendea asko ez dago ondo bere zereginetan. Askotan, gainera, lanak exijentzia handikoak izaten dira, fisikoki nahiz psikikoki, beraz, desgaste handia dagoela iruditzen zait».

Ni eta zu izatetik, gu izatera

Argazki jendetsuak, ukabilez jositako egunkari azalak, herritarren gehiengoak babestutako oihuak, txaloen erritmoaz lagundutako martxak. Horiek eta beste hamaika irudi imajina ditzake, hainbatek, bizitzan ezagututako Maiatzaren Lehenak buruz errepasatzerakoan. Badira, ordea, halako iruditeriarik gordetzen ez duten memoriak, kolektibitatea testu liburuetan baino ezagutu ez duten begiak.

«Esango nuke askotan ez garela gizarte honen parte sentitzen, eta hori indibidualismoagatik izan liteke. Asko sustatzen da norbere buruarekin ondo sentitzea, eta egia da pertsona sozialak garela, baina benetan axola duten gauzak norberak bilatzen ditu, eta dibertsiorako bakarrik elkartzen gara». Maiatzaren 1eko aldarrikapenek ezer berezirik esaten ez dioten arren, Aiala Nuñez eta bere belaunaldiko kideek txanponaren aurpegia eta ifrentzua irudikatzen dituzte, egia gordinaren jabe baitira, horrelako hitzekin.

Baliteke, beraz, gazteei kontzientzia falta gehiagorik egotzi behar ez izatea; arazoaren muina beste nonbait bilatu behar izatea. Etorkizuneko gizon-emakume izango direnen kezketara nola hurbildu, baina? Inork gutxik izango du horretarako giltza, Beñat Azaldegiren ustez: «Aldarrikatzeko erabiltzen den horrek presioa egiteko balio behar du, bestela alferrikakoa da, baina egungo ereduari buelta emateko soluziorik ezin dut eman oraingoz».

Mobilizazio eredu berrien bilaketa askoren erronka bilakatu den bitartean, ordea, Aiala Nuñezek beste arazo batez ohartarazi nahi izan du: «Eredu berrien beharra egon daiteke, manifestazioetara joanez ezer ez dela lortzen iruditzen zaigulako, baina, bakoitzak bere buruari bakarrik begiratzen badio, eredu berri bat ez da sekula nahikoa izango. Kolektibo izaera lortu behar da, talde bat ez garen bitartean ez dugulako ezer lortuko. Dena den, egungo sistemak ez du nahikoa kontziliazio eskaintzen familia, etxea, lana, sindikatua eta aisialdia uztartzeko».

Bide horretan, pribilegio egoera batean bizita ere, gutxien-gutxienekoa errealitatea zalantzan jartzea dela uste dute Aretxabaletak eta Nuñezek: «Ezer ez egitea gauza bat da, baina, gutxienez, gauzak nola dauden jakin behar da, zer falta den eta zer ez, zer lor daitekeen,... Gainerakoan ezjakintasunean biziko ginateke».

21 eta 27 urteko hiru gazteon esanek etorkizun gris samar baten marrazkia osatu dutela dirudi, baina, egiazki, gisa horretako hausnarketek aktibazio bat sortuko dutela uste dute. Norbere zilborrari begiratzetik 'gu guztion zilborrak' begiratzeko jauzia izango ote da gizartea aldatzeko inflexio puntua?: «Nork daki. Azken urteotan kapitalaren ardatzaren inguruan bildu eta indibidualizatu garen bezala, zergatik ez da egoera aldatuko, honekin nazkatuta? Horren alde lanean ari den jendea badago, eta hamar urte barru orain baino duinago biziko gara akaso, zergatik ez? Norberaren esku ere badago, eta mundua bakarka aldatuko ez dugula argi dagoen arren, txikitik gauza handi batzuk egin genitzake, parean jarritako arazoei aurre eginez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!