Pentagrametakoa hizkuntza unibertsala delako

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 3a, 11:22
Iazko entseguko irudia.

Musika Eskolen Europako Emusik jaialdiaren egoitzetako bi izango dira, Tolosa eta Zizurkil, ostiraletik larunbatera bitarte.

Hamabigarrenez ospatuko dute egitasmoa, Musika Eskolen Europako Elkartearen ekimenez. Hitzordua Gipuzkoara bertaratu izanaren arrazoietako bat, ordea, Donostia 2016 kultur hiriburutza izan da. Horrela, guztira, 21 herrialdetako 8.500 ikaslek egitarau oparoa eskainiko dute Euskal Herriko herrialde guztietan; beste hainbat Errioxan (Espainia) ere ariko dira.

Pentagramak eta bertan dantza egiten duten notak hizkuntza unibertsala direnez gero, Euskal Herriak, Espainiak, Bulgariak, Txekiar Errepublikak, Danimarkak, Estoniak, Finlandiak, Frantziak, Alemaniak, Hungariak, Italiak, Letoniak, Liechtensteinek, Luxenburgok, Norvegiak, Austriak, Poloniak, Eslovakiak, Suediak, Suitzak eta Herbehereek bat egingo dute 2016ko Emusik jaialdiaren aitzakian, eta Tolosako nahiz Zizurkilgo kaleetan ostiral eta larunbatean sumatuko dira horren oihartzunak, egoitzetako bi izango baitira.

Maiatzaren 6an, 11:00etan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango da lehen hitzordua. Alemaniako bi talde, Suizako talde bat eta Poloniako beste bat izango dira protagonista, eta bi abesti eskainiko dituzte, gainera, Loatzo musika eskolako ikasleekin batera. Tolosan, berriz, 18:00etan, lehen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Tolosako musika eskolako ikasleekin batera, Alemaniako Kobern Gondorf herrialdeko Kreinsmusikschule Mayen Koblenz eta Kreis Bad Dürkheim herrialdeko Musikschule Leinningerland ariko dira, Zerkausian.

Larunbatean, berriz, maiatzaren 7arekin, Tolosako Lopez Mendizabal plazak hitzordu berri bat hartuko du, eguerdian: Alemaniako Elze herrialdeko CJD Musikschule eta Herrialdeko Katalanetako Escola Municipal de Música i Dansa de Mora d'Ebre eskoletako ikasleekin ariko dira tolosarrak.

Emanaldiokin batera, Euskal Herri osoan barrena beste 118 kontzertu eskainiko dituzte, ikasleek, eta larunbat iluntzean biribilduko dute Emusik jaialdia, Donostian. Saguesen Big Band erraldoi bat osatuko dute guztiek, 20:00etatik aurrera, eta DJ saioa izango da ondoren; iazko udaberrian Anoeta estadioan izan zen Big Bandaren Gipuzkoako entsegua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!