Biodibertsitatearen babesa aldarrikatuko dute Ingurumenaren Egunaren harira

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 27a, 18:38
Ingurumenaren Egunaren aurkezpena egin dute Fagus-Alkiza interpretazio zentroan.

Ekainaren 5ean Nazioarteko Ingurumenaren Eguna ospatzen da mundu osoan, ingurumenaren inguruan kontzientzia eta ardura sortu eta ingurumenaren babesaren inguruan ekintzak sustatzeko. Eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek, urtero legez, aldarrikapenarekin bat egin dute eta herritarrak ere bat egitera gonbidatzen dituzte antolatutako ekintzen bitartez.

Aurten, besteak beste, "gure biodibertsitatearen babesa aldarrikatu nahi dugu", azaldu du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko teknikariak. "Gure eskualdean Europatik izendatutako babes bereziko eremuak ditugu, Ernio-Gatzume eta Araxes nahiz Leitzaran ibaiak, adibidez; Aralar bezalako Parke Naturalak, landare eta animalia espezie garrantzitsuak eta ekosistema bereziak. Horiek guztiak bizirauteko, mendeetan eraman den nekazal eta abeltzain ustiapenen eredua giltzarri izan da; baina etorkizunean iraunkortasunean oinarritutako garapena sustatzea bereziki garrantzitsua izango dela adierazi nahi dugu".

Alkizan, Fagus Alkiza Hernio-Gatzume Kontserbazio Bereziko Eremuko biodibertsitatearen ezagutza eta kontserbaziorako interpretazio zentroak ateak ireki dituela aitzakiatzat hartuta, Ingurumenaren Egunean bertako paisaiaz gozatzeko mendi ibilaldi bat antolatu du udalak, Largabista eta Tiritatxo Irrien Lagunekin, beraiek erakutsi ditzaten Alkizako altxorrak eta ondoren, ikuskizun berezia emango dute Alkizako plazan. Horrez gain, tailerrak, Eskola Agenda 21 programaren baitan ikasturte honetan ikasitakoaren inguruan kale erakusketa eta bertako produktuen dastaketa ere izango dira.

Koldobika Jauregi Alkizako Udaleko zinegotziak azaldu duenez, ibilaldia "familia guztiak parte hartzeko modukoa" izango da, "baserria eta ingurumena hobeto ezagutzeko. Largabista eta Tiritatxoren laguntzaz, irri batzuk izango dira. Oso lagungarria haur eta helduentzat". Tiritatxok azaldu duenez, "Largabistak Alkizako sekretuak kontatuko dizkigu. Laguntxo berezi bat ere ezagutuko dugu, Rosalina". Eta aholkuak ere eman ditu: "Eguraldi ona badago ekarri bisera eta krematxoa, eta hamaiketakoa ere bai. Ibilbidean zehar zerbait jango dugulako".

Alkizara joateko autobus bereziak jarriko dituzte. Tolosatik igotzeko 9:50ean eta 11:10ean, eta Villabonatik igotzeko 9:45 eta 11:15ean. Alkizatik jaisteko 13:30ean eta 14:40ean aterako dira. Tolosaldea Garatzenetik dei egin die Alkizara joan behar duenei autobus zerbitzua hartzeko, besteak beste, ingurumenaren mesedetan.



Eskualdeko beste hainbat herrietan ere ekintzak antolatu dira:

  •     Tolosa


Ekainak 1, asteazkena. Tolosaldeko Eskola Agenda 21en barruan, Tolosaldeko VIII. Topaketak: Kontsumo ekologikoa.Trianguloa plazan 09:30etik 11:45era (euria egingo balu Musika Eskolan).

  •     Aduna


Ekainaren 2tik 16ra. Ibaialde erakusketa ikusi ahalko da, udaletxeko pleno aretoan. Astelehenetik ostegunera 08:00etatik 17:00etara, eta ostiralean 08:00etatik 16:00etara.

Ekainak 3, ostirala. Hornidurei buruzko saio parte hartzailea, Kontsumobiderekin, 17:00etan, Herri Eskolan.

Ekainak 9, osteguna. Etiketek hitz egiten dute hitzaldia, Kontsumobiderekin, kultur aretoan, 11:00etan.

  •     Amasa-Villabona


Ekainak 3, ostirala. Bigarren eskuko azoka, Berdura Plazan, 17:30etik 20:00etara. Parte hartzeko: aurretik izena eman ekainaren 2 baino lehen 689749439 (Alaitz). Udalak mahaiak eta musika jarriko ditu.

Ekainak4, larunbata. Amasamendira mendi irteera, Komizarko Parketik abiatuta, 09:00etan.

  •     Alkiza


Ekainak 5, igandea. Mendi ibilaldia Largabista eta Tiritatxorekin, herriko plazatik abiatuta, 10:00etan. Irrien Lagunak ikuskizuna, 12:30ak aldera. Erakusketak, tailerrak eta bertako produktuen dastaketa.

  •     Alegia


Ekainak 6, astelehena. Ibai garbiketa, Haur Hezkuntzako ikasleekin.

Ekainak 14, asteartea. Ibai garbiketa, DBH eta Gaztetxeko gazteekin.

  •     Ibarra


Ekainak 7, asteartea. Zelai Errekaren inguruko azalpenak, Azkue auzoan, 10:00etan. DBHko ikasleak errekara gerturatzea, Aitzpea Errasti URA Agentziako teknikariaren eskutik.

Ekainak 8, asteazkena. Konposta banaketa San Bartolome plazan, 10:00etatik 12:00etara. Ikasleen laguntzarekin, konposta gertutik ikusi eta interesa duten herritarren artean banatzea

 
Urte guztiko lanketa eskualde osoan

Tolosaldea Garatzenetik nabarmendu dute, eskualdeko udal guztien izenean, egiten duten apustua eskualdearen ingurumena babestearen aldekoa. "Apustu hori argia da eta horretarako hainbat proiektu ditugu martxan", azaldu du Mendizabalek.

Tolosaldeko ibaietako basoa berreskuratzeko proiektua. eskualdeko ibaietan bertako espezieen defentsa, exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta habitaten berreskurapena dira proiektu honen helburuak. Espezie inbaditzaileak ezagutu, kartografiatu, tratatu eta bertako espezieak landatzean datza proiektua; haltza, sahatsa, lizarra, intsusa eta zuhandorra dira bereziki landatzen diren espezieak.

Eskualdeko udaletako erosketa eta zerbitzuen kontratazioetan ingurumen irizpideak txertatzeko konpromisoa. "EAEko Barne Produktu Gordinaren %14 suposatzen dute udaletako erosketek eta eredugarri izan behar dira udalak", esan du Mendizabalek. "2010etik hona eskualdeko udalek erosketak egiteko garaian eta kontratazioak egiteko garaian ingurumen irizpideak txertatzeko pausoak eman dituzte. Aurten, orain arte egindakoa aurkeztu eta konpromiso hori berretsi nahi dugu".

Tolosaldeko mendi ibilbideen saretzea ekimena. Eskualdeko mendi ibilbideak elkarrekin lotzeko lanak egin dira azken hilabeteetan. "Gure paisaia eta gure altxorrak ezagutzera ematea da helburua,  ezagutzen dena maitatzen baita eta maitatzen dena babesten dela uste dugulako".

Eskola Agenda 21. Aurten Tolosaldeko 11 herritako ikasleek hartu dute parte, "gure ikastetxe eta herriak jasangarritasunaren bidean lanean jarriz", zehaztu dute Tolosaldea Garatzenetik. Aurten landutako gaia kontsumo ekologikoa izan da. "Kontsumo ohiturek eragin zuzena dute ingurumenean eta hori ikusi ahal izan dute produktuen bilgarriak, ekoetiketak, jatorria eta iraungitze programatua bezalako gauzak aztertzerakoan. Bertako produktuak kontsumitzea kutsadura gutxitu eta bertako baserri kultura eta paisaiaren alde egiten dugu". Oihana Orkolaga Eskola Agenda 21eko eskualdeko dinamizatzaileak azaldu duenez, "ikasleek ikasturtean zehar ikastetxeko azterketa bat egiten dute, kasu honetan kontsumoaren inguruan. Herrietako diagnostiko bat egin da, ikusiz bertako produktuak saltzen diren, hondakinak kudeatzeko zer baliabide dauden...". Tolosaldeko Topaketa asteazkenean egingo da, ekainaren 1ean, eta hortik ateratzen diren materialak aprobetxatuko dituzte erakusketa bat egiteko ekainaren 5ean, Alkizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!