Zenbat balio du?

Iñigo Terradillos 2016ko eka. 30a, 11:41

Elkarbanatzean oinarritutako ekonomia ereduak ugaritzen eta boladan jartzen ari dira; erabiltzaileen ustetan, monetaren erabilera gutxitzen eta gertuagoko erlazioak bultzatzen dituzte ekimen horiek.

Erosketekiko mendekotasuna dago XXI. mendeko gaixotasunen artean, eta horren arrazoietako bat kontsumismoa da, beharrezkoa denaz gain gero eta produktu eta zerbitzu gehiagoren kontsumoa bultzatzen duen gizarte jarrera. Hori, era berean, kapitalismoaren barruko kontsumo gizartearen ondorioa da. 80. hamarkadaren hasieratik aurrera bereziki nabaritu zen joera hori, herrialde garatuetako kontsumoa izugarri haziz, eta neurririk gabe gastatu beharra obsesio bilakatu zen askorentzat.

Jarrera edo eredu honek utzi dituen ondorioak nabarmenak dira, pertsonengan, gizartearengan nahiz ingurumenean. Hala, herritarren nahiz herrialdeen arteko desberdintasunak ugaritu dira, kontsumitzaileengan frustrazioa sortzen da ezin dutelako nahi dutena erosi, edota identitatea itxuraldatzea dakar, dutenarengatik garrantzitsu sentitzearen ondorioz, eta natur erreserbak agortzen dira eta hondakinak ugaritu, ingurumenaren kaltetan.

Ondorioak ugarituz doazela jabetuta, eta ekonomia egiteko beste modu batzuk daudela sinetsita, kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza eta trukea bezalako ideiak eta ekimenak beren lekua ari dira egiten gizartean.

HERRITARREN ARTEKO SAREA

Filosofia horien barruan sartzen da denbora bankua. Gauzen eta zerbitzuen balioa neurtzeko diruaren erabilera dago hedatuta, baina hori izan aurretik ere bazen ekonomia. Pertsonek beren premiak asetzeko, eta janaria edota arropa lortzeko truke ekonomia egiten zuten, gauzei garrantziaren arabera balore bat emanez eta elkarbanatuz.

Ideia hori ardatz hartuta funtzionatzen dute denbora bankuek. Gurean, Aiztondokoak, esaterako, zortzi urte daramatza lanean. 40 pertsona inguru daude izena emanda eta 20 inguruk hartzen dute parte maiztasun batekin. Bultzatzaileek diotenez, nahiko geldirik egon dira azken urtean, eta orain ekimena berpizteko asmotan dabiltza. Helburu horrekin, hain justu, egin zuten truke azoka iragan ekainaren 19an Zizurkilen.

Trukea natural izateko helburuarekin sortu zen. «Zerbitzuak trukatzeko modu bat da. Egunerokotasunean behar ditugun gauza edo lanak, enpresa batera jo beharrean gure artean bete ahal izatea da asmoa», azaldu du Eider Ezeizak. Halaber, diruaren, moneta ofizialaren, erabilera gutxitzearekin batera, jendearen arteko sare bat sortzeko bide moduan ere ikusten dute.

Denbora bankuaren partaide izateko, izen emate orria bete behar da, eta bertan zehaztu behar dira norberak eman edo eskaini ditzakeen zerbitzuak, eta jasoko lituzkeenak. Eskaini daitezkeen zerbitzuen artean denetarik egon daiteke: paseatzeko konpainia ematea, umeei etxeko lanetan laguntzea, sukaldatzea, joskintza, ordenagailua konpontzea, informatikako jakintzak konpartitzea, lege aholkularitza, erosketak egiten laguntzea, etxeko konponketak, dantza ikastaroak… «Ikasi dugun edo oso ondo dakigun horretan soilik pentsatzen dugu, baina, beste hamaika gauza izan daitezke, eta azkenean behar ditugun gauza asko elkarri lagunduz egin ditzakegu», dio Ezeizak. Partaideak zerbitzu baten eskaria egin, eta beste batek erantzutearekin batera jartzen da martxan denbora bankua. Txeke batzuk dituzte zerbitzu bat jasotzen den bakoitzean, eman duenari emateko, zehaztuz jasotako zerbitzua eta erabilitako denbora, eta koordinatzaileak kudeatu eta oreka mantentzen du. aiztondokodenborabankua@gmail.com helbidea dute eurekin harremanetan jartzeko.

Krisi garaian horrelako ereduek funtzionatzen al dute? Denbora bankuak gehien funtzionatu duen unea krisi garaian izan da. Dena den, hortik harago, «gizarteak funtzionatzeko era polit eta gertuko bat» da Eider Ezeizaren arabera. Krisiari aurre egiteko sortutako ekimenetan moneta propioa sortzearena ere topa dezakegu. Horixe da, hain zuzen ere, Londresko Brixton barrutian egin zutena, diru faltan, euren moneta propioa sortu, Brixton Pound delakoa. Gurean, berriz, Euskoa dugu, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian erabiltzen den tokiko dirua; Tresna horren bidez, tokiko ekonomiari bultzada eman nahi zaio, bertako gizartearen eta kulturaren onurarako.

Ideia hori, baina, trukearen moduan, ez da berria, XVII-XVIII. mendera arte hiri bakoitzak bere moneta propioa izaten baitzuen.

ARTEAN ERE TRUKEA

Artera ere zabaldu da ohiko ekonomia eredutik aldendu nahi izateko ideia, eta gurean Kulturtruk proiektua dugu horren erakusle. Ura Iturralde, Miren Gonzalez, Alberto Letamendi, Arantxa Orbegozo, Ainara Oscoz eta Iker Valle artistak daude ekimenaren atzean.

Euren esanetan, dirua erabiltzeak diruz neurtzerik ez dagoen guztiari balioa galarazi dio. Artearen munduan desabantailak ere ekarri dituela nabarmentzen dute, trukearen despertsonalizazioa edota artea erostea bera nahikoa diru duten pertsonetara mugatuta egotea, adibide moduan jarriz.

Ideia horiek buruan, abiarazi zuten proiektua, artea eskuratzeko trukea sustatuz, dirua alde batera utzita. Modu honetan lan egiten zuten artistak ere jarri dituzte adibide moduan: «Picassok marrazkiak ematen zituen New Yorkeko Chelsea hoteleko ostatu-gauen truke, Miquel Barcelok oliba-olioaren truke...». Artistaren eta artelana eskuratzen duen pertsonaren artean, zuzeneko harreman pertsonala berreskuratu eta sustatu nahi du ekimenak: «Artelanetako bat nahi duen orok egilea zerk erakartzen edo hunkitzen duen edota egile horrek behar duen zer eskaini dezakeen pentsatzean datza».

Artisten arabera, «batetik, trukearen bidez jende gehiagok izan dezake artea eskuratzeko aukera eta, bestetik, eskainitako ondasunek eta zerbitzuek sorrarazitako ilusioak edo ezusteak aberastu egingo dute artistak lanak erakustean bizitako esperientzia».

«ABERATS SENTITZEN NAIZ»

Agurtzane Belauntzaran berrobitarra eta Oskar Tena tolosarra TOLOSALDEKO ATARIA-ko kolaboratzaileak dira, eta baita bizilagunak ere. Norberak duena banatzean sinesten dute, eta horregatik, interneterako konexioa elkarbanatzen dute baratzeko nahiz baserriko elikagaien truke. «Interneta partekatzeko ideia oso ondo iruditu zitzaigun, baina erdibana ordaindu beharrean detailetxo bat izan zezaketela trukean proposatu genien, eta horrela, tarteka baserriko produktuak ekartzen dizkigute», azaldu du Tenak.

Agurtzane Belauntzaranek dionez, bi aldeak oso pozik daude trukearekin: «Zergatik joango naiz gure kontura aberasten ari den komunikazio enpresa batera kontratu berri bat egitera, elkarbanatu badezakegu?»

Auzotar edo bizilagunen artean eguneroko gauzak elkarbanatzeko ideia betidanik egon dela azpimarratzen du Tenak, baina, gaur egun ez dela gehiegi egiten, agian, «mesfidatiagoak» garelako. Mesfidantzaz gain, lotsa ere badagoela bizilagunari zerbait eskatzerakoan dio Belauntzaranek. Baina, hori bai, biek bat egiten dute, horrelakoekin bizilagunen artean konfiantza eta erlazioa areagotzen dela esatean.

Agurtzane Belauntzaranek dioenez, azkenaldian beste balore batzuk nagusitu dira: «Azken urteetan bizitu gara bizitu garen moduan, eta badirudi edukitzea, eta geroz eta gehiago gainera, dela balorerik handiena; aldiz, elkarbanatzeko ideiarekin, badirudi zailtasunak edo dituzula diruarekin». Gauzak banatzea «ederra» dela uste dute biek, «gure aitona-amonek zituzten baloreak errekuperatzea da».

Berrobitarrak filosofia bereko edo antzeko hainbat ekimenetan ere parte hartzen du, autoa konpartitzean, esaterako: «Askok konpartitzen dute autoa lankideekin lanera joateko, eta bidaiatzeko gisa honetako ekimenak ere indarra hartzen ari dira. Ni, esaterako Madrilera maiz joaten naiz, eta nire moduan hara doan pertsona topatzen badut, gastua elkarbanatuko dugu, eta biak gustura».

Etxea partekatzeko sareak ere badira. Couchsurfing delakoan, esaterako, zure etxea edo gela eskaintzen duzu, eta bidaiatzen ari den norbait zurekin harremanetan jartzen da bertara joateko dirurik ordaindu gabe. Horrekin batera, bertako herritar batekin egonaldia egitea baliatzen duzu lurraldea eta hango kultura hobeto ezagutzeko. «Sare honetako kide ere banaiz. Esaterako, Zeelanda berriko herritar bat izan berri dut etxean, eta esperientzia polita izan da, aurretik izan ditudanak bezala».

Interneten ere gauza interesgarri asko topatu daitezke. Etxean dituzun tresnak edo materialak alokatzen jartzeko aukera baliatzen dute askok, hala nola, zulagailuak, kayakak, patinak edota bizikletak. «Diruz ez erosteko beste alternatiba bat da». Horiek bezala, beste hamaika ekimen ere topatu daitezke, filosofia bera edo antzekoarekin, beste ekonomia eredu bat egiteko hautua ahalbidetuz.

Gizakiak urteetan elikatu eta aberastu duen ereduak gaixoturiko gizarteak badu, beraz, sendabidea. Edo, bai behintzat sendabide izan daitekeen bidea. Gure egunerokoan, pixkana, bide horretara gehiago jo eta albo batera utzitakoak sustatzea izango da gakoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!