II. Ataria Pilota Txapelketa

Zazpi finalak

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 1a, 12:00

Iritsi da garaia. Apirilaren 22an martxan jarri zen II. Ataria Txapelketaren finalak bihar jokatuko dira Villabonako Bear-Zana pilotalekuan. 330 pilotari hasi ziren lehian, eta jadanik, 28 bakarrik gelditzen dira. Izan ere, zazpi final jokatuko dira larunbatean: benjamin b eta a, alebinak palaz eta eskuz, infantilak palaz eta eskuz eta kadete-jubenil mailakoak palaz.

Azken zazpi lehia horien aurretik 278 partida jokatu dira eskualdeko txoko desberdinetan. Txapelketaren helburuetako bat, hain zuzen ere horixe izan da. Parte hartzaileak eskualdeko pilotalekuetara zabaltzea. Gauzak horrela, 13 frontoietan jokatu dira II. Ataria Pilota Txapelketako partidak: Albizturren, Berastegin, Altzon, Adunan, Ibarran, Ikaztegietan, Asteasun, Alkizan, Bidania-Goiatzen, Amezketan, Tolosan, Zizurkilen eta Amasa-Villabonan. Azken honetan jokatuko dira finalak. Iaz, Tolosako Beotibarren izan ziren lehia horiek, baina urtero finalen egoitza aldatzea da Ataria Txapelketaren beste helburuetako bat.

Aipatzeko beste datu bat antolatzaile taldeak egiten duen lana da. Tolosaldeko pilota elkarte eta eskola guztiek hartu dute parte antolakuntza lanetan, hau da, hemeretzik.

Larunbatean Tolosaldea mailan jaialdi handia izango da Villabonan. Finalistez gain, txapelketa jokatu duten pilotariak izango baitira Behar-Zanan. Amaieran, kamisetak banatuko zaizkie guztiei, eta argazki erraldoi bat aterako da. Sari banaketa ekitaldian, Jokin Altuna, Xabier Tolosa, Julen Urruzola, Maider Mendizabal, Ainhoa Garmendia eta beste hainbat pilotari izango dira.

'Ataria' irratia, zuzenean

TOLOSALDEKO ATARIA-k zuzeneko kontakizuna egingo du, Bear-Zanatik. ATARIA irratia bertan egongo da, finalen kontakizuna eskualdeko txoko guztietara zabaltzeko. Kontakizuna jaialdiarekin batera hasiko da, 10:00etan, eta final bakoitzean gonbidatu berezi bat izango da, gertatzen denaren berri ematen. Pilotariak ere protagonista izango dira, partidaren ondoren euren hitzak entzuteko aukera eskainiko baitu eskualdeko irratiak. 107.6 FM bidez jarraitzeaz gain, ataria.info webgunean sartu eta irratia zuzenean entzuteko aukera izango da, baita mugikorretatik ere. Horrez gain, webgunean bertan, finalen inguruko xehetasunak eta argazki galeria zabala egongo da ikusgai. Asteartean, TOLOSALDEKO ATARIA egunkarian, txapelketaren balantzea eta larunbatean gertatua argitaratuko da.

BENJAMINAK B, ESKUZ

TOLOSA-PERURENA, BELAUNTZA-IBARRA (SENDIEKINTZA P.E.)
Adin hauetan oso garrantzitsua da frontoian egoten jakitea eta pilota gutxi galtzea. Horixe dauka Aitor Perurena ibartarrak, bi eskuekin moldatzen da, pazientzia dauka eta segi egiten du aukera garbia izan edo aurkariek galdu arte. Urki Tolosak ondo daki zein den bere egitekoa. Bikote ona osatzen dute.

AGIRREZABALA-ZUBILLAGA, BERASTEGI (BERASTEGIKO P.E.)
Bikote ona osatzen dute neska-mutil hauek ere. Oñate-Otaegi pilotari billabonatarren aurka izan zituzten lanik handienak; gainerako partidak, tantoei erreparatuta behintzat, eroso irabazi dituzte. Enaitz Zubillagaren sena eta Aiara Agirrezabalaren bizitasuna nabarmendu behar dira. Partida polita eskainiko digute.

BENJAMINAK, ESKUZ

CESTAU-ZABALA, ADUNA (TXULOBI P.E.)
Sendotasun handia erakutsi dute txapelketa osoan eta partidarik galdu gabe iritsi dira finalera. Antzeko pilotariak dira biak, eta aurrean zein atzean joka dezakete, finalerdietan sarritan ikusi genituen lekuz aldatzen. Ezkerra da Lander Zabala eta atzera jo bezala uzten du dejada txokoan; Joanes Cestauren ziurtasuna nabarmendu behar da.

OLANO-MURUA, ALTZO (ALTZOKO P.E.)
Ondo banatuta dituzte bien arteko lanak, badakite zein den bakoitzaren egitekoa bikotean, eta hori asko da adin hauetan. Harkaitz Murua ondo maneiatzen da bi eskuekin, postura guztietan; Mikel Olanok berriz ondo zaintzen du bere eremua eta badu gaiztakeriarako sena. Iaz benjamin B mailan lortutakoa berretxi nahiko du Harkaitz Muruak. Tenpleari eusten izango dituzte lanik handienak.

ALEBINAK, ESKUZ

IZTUETA-ELOLA, TOLOSA-BIDANIA GOIATZ (TOLOSA F.C.)
Ondo ezagutzen dituzte aurkariak, eta oso ezagunak dira haientzat, orduak pasatzen baitituzte elkarrekin entrenatzen. Iztueta eta Elolak txapelketa oso ona egin dute eta aisa gainditu dituzte azken bi kanporaketak; final zortzirenetan, ordea, Arrillaga anaiek osatutako bikote orexarra kanpoan uztea lortu zuten 16-15 bukatu zen partida estuan. Lanak emango dituzte.

AMONDARAIN-GABIRONDO, HERNIALDE-GAZTELU (TOLOSA F.C.)
Oso bikote ona: pilotari abilak eta langileak dira biak. Maila honetako iazko txapeldunak izaki beraiek dira faboritoak aurten, iazkoagatik eta txapelketa honetan erakutsi duten jokoagatik. Iazko finalean zer edo zer erakutsi bazuten, lanerako kemena eta irabazteko grina izan zen. Gabirondok erraz mugitzen du pilota bi eskuekin eta Amondarain bukatzaile aparta da.

INFANTILAK, ESKUZ

GOROSTIDI-UGARTEMENDIA, ALKIZA (ZIOTZA P.E.)
Pilotan oso ongi jokatzen duten bi pilotari dira hauek. Ugartemendia atzelari gisara jokatzera dago ohitua, baina aurrelari aritu da txapelketa honetan; mutil handia da daukan adinerako, baina aisa mugitzen da eta sake bortitza du. Gorostidi pilotari dotorea da bi besoekin, egokia eta jokoa ongi ikusten duena. Aisa irabazi dituzte orain arteko partidak, baina final estua espero da.

ARTOLA-ALTUNA, ALTZO-ALEGIA (INTXURRE P.E.)
Artola, atzelaria, ezkerra da eta indar handiz mugitzen du pilota; egun ona badu gai da tarte zabalak irekitzeko frontoian, eta Unai Altuna abila da tantoak amaitzen. Hor egongo da gakoa, altzotarrak agindu behar du piloteoan aukerak izango badituzte. Zubeldia-Uzkudun biko onari irabazi zieten finalerdietan partida estua jokatuta, eta konfiantza handia emango zien horrek.

ALEBINAK, PALAZ

ARRIETA-OTEGI, ASTEASU (ATZAPAR P.E.)
Bikote konpentsatua dela esan behar da. Finalerdietan lana fin eta ondo egin behar izan zuten Maiz-Alkain bikotea gainditzeko. Otegik maila honetako finala jokatu zuen iaz eta aurten lortu nahiko du iaz ezin izan zuena. Arrieta aurrelariak ondo zaintzen du bere eremua, eskumutur joko indartsua du eta aisa mugitzen du pilota.

UZKUDUN-AGIRRE, ALTZO-ALEGIA (ALTZOKO P.E.)
Agirre alegiarrak darama bikotearen ardura. Grina handiz jokatzen du, ondo baliatzen ditu bi besoak eta pilota aisa luzatzen du; iaz finaletik kanpo utzi zuen Otegik eta harra atera nahiko du. Uzkudun lehen urteko alebina da; ez du besteen indarrik baina ondo egiten du bere lana. Partidarik galdu gabe heldu dira finalera aurkariak bezala.

INFANTILAK, PALAZ

URKOLA-ARANBURU, ASTEASU (ATZAPAR P.E.)
Aranburu atzelariak hartzen du bikoteko ardura eta zama. Ezkerra da eta nahieran mugitzen du pilota beso horrekin, atzera zein aurrera; behartzen badute moldatzen da eskuinez ere. Urkolak joko jauzi handia eman du aurten eta gero eta gehiago ausartzen da aurreko jokoan. Ez dute partidarik galdu txapelketan orain arte eta horrela amaitu nahiko dute.

ELIZEGI-HERRERO, ASTEASU (ATZAPAR P.E.)
Bikote honetan ere atzelariak hartzen du bikoteko ardura. Eskuina da, pilota bizi mugitzen du eta erraz mugitzen da frontoian; ezkerrez jokatzea behartzen dutenean nahiago du derrebeska jardutea. Elizegik ondo daki zein den bere egitekoa bikotean eta ederki moldatzen da. Urkola-Herrerok bikote zirela irabazi zuten iaz alebin mailan; aurten bietako bat txapelik gabe joango da etxera.

KADETE JUBENILAK, PALAZ

ZUBELDIA-LARRARTE, ALTZO-BIDANIA GOIATZ (INTXURRE P.E. - SUBERRI P.E.)
Bikote ona osatuko dute. Irantzu Zubeldia, atzelaria Agirreren ordez jokatuko du, ondo moldatzen da airera zein botera bi besoekin eta joko ikuspegi ona du. Miren Larrarte, adinez infantil mailakoa oraindik, etorkizun oso ona iragartzen zaion pilotaria da: joko ikuspegi eta teknika ona, bi besoekin jokaldi asko menperatzen ditu... Atzean eustea lortuz gero, aukerak izango dituzte.

ERASUN-BACH, ZIZURKIL-ALTZO (ZIOTZA P.E. - INTXURRE P.E.)
Ez dute galdu partidarik txapelketa osoan; 25-23 irabazi zieten Larrarte-Agirreri ligaxkan. Itxaso Erasun da bikoteko karga eramaten duena: indartsua da, aire zein boteko jokoa ondo menderatzen ditu, eta badaki bikoteari agintzen eta laguntzen. Klaudiak esperientzia gutxi du maila honetan, baina aurreko hormatik gertu pilota hartuz gero badaki tantoa bukatzen. Partida estua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!