Bi pasio, batean

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 3a, 21:00

Argazki kamerarekin aspaldidanik dabiltza Txarli Gesteira eta Josetxo Perez, eta bereziki gustuko dute bere beste pasioarekin uztartzea: musika. Eta mundu horretan bereziki kontzertuetako argazkiak ateratzea, zuzenekoak irudietan izoztea.

Txarli Gesteira alegiarrak herriko gaztetxean emanaldiren bat zegoenean ateratzen zituen tarteka argazkiak, baina ez zituen inon publikatzen. Argazkilaritza gustuko du eta Alegiako argazkizaleen taldeko kidea da. «Bonbereneara joateko aukera izan nuen Kuraiaren kontzertu batera, eta han ateratako argazkiak ikusita esan nuen: segitu behar dut kamera eramaten kontzertuetara. Eta horrela hasi nintzen berriz ere zuzeneko argazkiak ateratzen». Eta orain dela bi urte inguru ikusi zuen zenbait argazki bilduma zituela. «Facebook-en edo Twitter-en zintzilikatzen nituen, eta pixka bat sakabanatuta geratzen zirela ikusi nuen. Anaia informatikoa denez, aprobetxatu eta noizze.org webgunean sortu genuen. Alfabetikoki sailkatuta, argazkien bildumak daude bertan. Webgune irekia da, edozein argazkilarik igo ditzake bertara argazkiak».

Josetxo Perez tolosarra ere aspaldi dabil kamerarekin irudiak hartzen. «Kontzertu baten lehenbiziko argazkia 2000 urte inguruan izan zen, eta kasualitatez Bonberenean ateratakoa». Parentesi baten ondoren, 2012an berriro ekin zion kontzertuetan argazkiak ateratzeari. «Zergatia? Erraza, eta nik uste dut Txarli ere ados egongo dela: pasioa. Azkenean musika entzun eta kontzertuetara joatea gustatzen zaigu; argazkiren bat atera eta esan: gustatzen zait. Eta hortik aurrera, pasioa». Perez Bonberenea etxeko kidea da eta bere argazkiak Bonbereneako webgunean zintzilikatu izan ditu. «Bestela sare sozialetan ere zintzilikatzen ditut. Ez dakit non dauden nire argazki guztiak; hortik sarean, eta noski, etxeko disko gogorrean ere».

Bi pasio horiek uztartzeko ez dutela zertan urrutira joan beharrik diote biek. Perezek argi du: «Tolosan eta Tolosaldean izugarrizko zortea dugu Bonberenea bezalako etxe bat izanik, ia astebururo kontzertuak eta ekitaldiak daudelako. Eta puntako talde bat edo hain ezagunak ez direnak ikusi daitezke». Agenda begiratu eta askotan gertatzen zaio ez duela inor ezagutzen. «Horretarako dago sarea, jakiteko zer talde diren. Zortea dugu egungo panoramarekin leku hauek edukitzeaz. Askotan esaten dugu, ez dugula joan behar inora. Etorri egiten zaizkigula taldeak».

Gesteirak ere bat egiten du Perezek esandakoarekin: «Inguruan dauden aukerak aprobetxatzen ditut. Josetxok esan duena, luxu bat da horrelako lekuak izatea. Bonberenea da kasu bat. Alegiako Gaztetxean izan da bolada bat kontzertu gutxiago egon direna, baina berriro ere bolada ona harrapatu du, eta luxu bat da». Kontzertu batzuetan jende gutxi izaten dela gaineratu du Gesteirak: «Gero, taldea sekulako aurkikuntza da. Eta aukera horiek aprobetxatu egin behar dira». Kontzertuetara jende gutxi azaltzen denean, Perezek esaldi bat du: «Beraiek galdu dute, etorri ez dena izorratu dadila. Kexatzea erraza da, esatea ez dagoela ezer. Baina kontua da badagoela».

Ez dute musika jaialdi edo hitzordu jakin batera joateko ohitura izaten. Agendak erakusten diena, eta ahal dutenaren arabera mugitzen dira. Inguruko eszenatokiez gain, Perezek dio gustuko duela Donostiako Aste Nagusian Piraten gunea: «La Flamenkako giro goxoa gustatzen zait. Sagues zapaldu izan dut, baina nahiago dut Piraten gunea». Glaumoka taldearekin ere batera eta bestera mugitzen da.

Gaztetxeetara eta tabernetara joan ohi da Gesteira, «eszena underground esaten dena. Jaialdi handietara ere bai, baina gehiago gustatzen zaizkit bestelako aretoak». Areto horietan normalean sarrera taldearentzako izaten dela ekartzen du gogora Gesteirak. «Orduan ordaindu behar da. Batzuk esaten dute ez al den garestia zortzi euroko sarrera ordubeteko emanaldiarengatik. Ez dira konturatzen arratsaldeko seietan hor daudela, eta goizeko lauetan oraindik trasteak jasotzen ari direla. Eta astean zehar egiten dituzten entseguak...». Berak, behintzat, garbi du: «Sarrera ordaindu, argazkiak atera, gozatu eta etxera buelta». Kontzertuen agenda jakiteko musikazuzenean.com webgunean sartzeko aholkatzen du alegiarrak.

Perezek, bere aldetik, trukea egin ohi du: «Ez didate eskatzen sarrerarik. Agian joaten naizen lekuetan ezagutzen nautelako. Normalean badakite ez naizela joaten ikusle normal bat bezala. Saiatzen naiz unea erretratatzen, eta zorionez edo zoritxarrez badakite horretara noala».

Errespetua

Argazkiak ateratzerakoan duten jarrera ere asko izaten dute kontuan. Perezek dio «azkena» sentitzen dela kontzertuetan: «Musikariak eta entzutera joan direnak daude aurretik. Errespetua zor diot oholtza gainean dagoenari ta oholtzaren behean dagoenari». Gainera, «ohitura txarra» duela dio: «Argazkilarien artean elkartzen garenean, eta ikustean norbait berria ari dela nire ustez jarrera ez egokian, errespetuz aritzeko eskatzen diot. Xelebre hutsak gara».

Ez dute arazorik izaten argazkiak ateratzeko, baina hori ere jarrera kontua dela diote. «Kontuan izan behar duzu protagonista beraiek direla. Oholtzako argazkiak oso politak dira. Baina, nik, adibidez, hori egiteko baimena eskatzen dut. Errespetu falta handiak ikusten dira», esan du Perezek, eta gaineratu: «Jaialdi batera joaterakoan, prentsa arduraduna etortzen zaizu, eta esaten dizu hiru abesti eta flashik gabe ateratzeko, eta ez dago arazorik. Baina horrelako lekuetan, limiterik ez dagoenean, etortzen zaizkizu argazki harrapariak, profesional plantan doazenak, eta behar ez duten lekuan jartzen dira, behar ez diren galoiak jartzen dituzte... Dena askoz konplikatuagoa egiten dute».

Horren harira, Edozer Dugu Posible jaialdian, Tania de Sousaren emanaldian gertatutakoa ekarri du gogora Perezek: «Lauzpabost argazkilari izan ziren joan zirenak morboa ematen zuen argazkia ateratzera, musikaria gaizki uzten zuena. Oholtza gainean jazartuta sentitu zen eta une batean seinale bat egin zuen, eta argazkilari guztiak bidali zituzten. Errespetu falta izugarria izan zen, artistak oholtza gainetik argazkilariak handik kentzeko eskatzeraino».

Bere zailtasunak ditu argazkiak ateratzeak kontzertuetan, iluntasuna izaten baita nagusi. «Ondo dago kamera ona izatea, baina sekretua objektiboan dago, eta bakoitzaren begian», dio Perezek, eta Gesteirak gaineratu: «Eta unea itxarotea ere bai. Hasieran 200 argazki ateratzen nituen, eta gehienak baliorik gabekoak. Gero, denborarekin, ikasten duzu». Materiala oso basikoa dutela diote. «Objektibo finkoak, argitasun gutxirekin lana egiteko aproposak eta gero begia. Ez bakarrik ikusteko, baita konturatzeko teknikariak nola jarri dituen argiak, eta batetik edo bestetik atera behar den konturatzeko. Leku batzuetan bolo asko izan ditugu, eta argiak beti leku beren daude», esan du Perezek. «Askotan argiaren sekuentziaren zain egoten gara, noiz iritsiko argi txuria. Inprobisatu ere egin behar duzu, zer dagoen ikusi eta moldatu», gaineratu du Gesteirak.

Musika taldeen aldetik erantzun ona jasotzen dutela diote. «Nik kexarik ez dut izan, eta ez didate eskatu argazkirik kentzeko edo. Alderantziz: 'Sekulako argazkia, gustatu zaigu, bidaltzerik bai?...' eta horrelakoak», esan du Gesteirak. «Gero agian beraiek bueltan disko batzuk edo kamiseta bidaltzen dizkizute. Eta ni, oso eskertuta. Niri ez zait ezer ere kostatzen, gustuko gauza bat da, eta gero beraiek horrela eskertzea poztekoa da». Perezek ere antzeko iritzia du: «Mugitzen garen mailan nahiko kontziente gara batak bestearekiko. Taldekoek argazkia eskatzen dizutenean poztekoa da. Nik niretzako politak diren argazkiak atera ditut, eta beraientzako politak badira eta gainera erabilgarritasun bat badute, fenomeno».

Beste asko ere ibiltzen dira argazkiak ateratzen zuzenekoetan, eta askok elkar ezagutzen dute. Beraien artean konplizitatea izaten dute, materiala utzi, aholkuak eman... «Normalean elkar kasu egiten diogu, eta sare sozialetan izaten dugu harremana», esan du Perezek, eta Gesteirak gaineratu: «Ohikoa izaten da lehenengo bere lana ezagutzea; gero kontzertuetan topatzen zara eta elkar ezagutzeko aukera izaten da».

Argazkiak ateratzeko bereziki gustuko talderik ote duten galdetzean, Perezek Glaukoma aipatzen du: «Glaukomarekin amodio istorio bat dut... Ezagutu ginen, pare bat kontzertuetan tokatu zen ni ere han nintzela, eta suertatu zen kontzertu batera joateko furgonetan lekua zegoela, eta gauza batek bestea dakar, eta une honetan leku hori gordeta dago furgonetan, eta ni poz-pozik. Gazteek asko betetzen naute, pasioa dute, pasioa transmititzen dute, eta apustua egin dute eta nik ere bai beraiekin. Rocka, rapa eta reggaea Euskal Herrian dantzatuko da. Orain arte ez gehiegi, baina dantzatuko da, eta nik beraiekin». Horrez gain, Perezek dio gustura aritzen dela etxekoekin: «Humus, Bi Bala, Ze Esatek!, Skakeitan... Zeini aterako nioke gustura? Aurrean jartzen zaidanari. Gorka Urbizuri gustura ateratzen dizkiot, baina zaila delako Gorka ateratzea argazkietan, erronka moduan».

Bere aldetik, Gesteira gustura aritzen da Alegiara joaten direnekin: «Azkenean hor daude, ez duzu urrutira joan behar eta gustura aritzen naiz». Niña Coyote eta Chico Tornadori ateratzea asko gustatzen zaio: «Energia berezia transmititzen dute, estetika ere asko zaintzen dute. Anestesiakoak asko mugitzen dira, eta argi gutxi dagoen tokian erronka bat da. Putzuzulon egon nintzen eta uste dut argazki politak atera nituela; gainera, gustuko taldea dut. Belako erretratatzea ere gustatzen zait».

Eta argazkiren bat? «Zaila da esatea», hasten da Perez. «Edozein Glaukomarena eta edozein argazki Bonberenea Txarangarena, bai oholtza gainean eta baita kalean daudenean ere. Hor arte asko dago. Niretzat bereziak dira horiek». Gesteirak gogoan ditu Kuraiari atera zizkionak: «Gustuko ditut argazki horiek, berriro ere kontzertuetan argazkiak ateratzera bultzatu zidatelako. Bestalde, iaz Amaia Apaolazari omenaldia egin zioten Ordizian, eta azkeneko bi kanta jotzeko Negu Gorriak taldekoak elkartu ziren. Hor argazki bat atera nuen Mikel Kazalis ilea mugitzen, eta justu kide denak daude bertan. Hainbeste denbora eta gero Negu Gorriak berriro oholtza gainean ikustea, eta argazki hori ateratzea, gustukoa dut».

Besteen lanak, inspirazio

Besteen lanak ere ikusten dituztela diote. «Zuzeneko argazkiak ikustea kontsumo mota bat da azkenean. Batek nobela bat ikusten du, beste batek telebista serie bat...», dio Gesteirak. Perezek Xavier Mercade argazkilaria aipatzen du: «Horrek egunero ematen digu jatean; Bartzelona batean, imajinatu, egunero daude ekitaldiak. Sekulako artista da, inspirazio konstantea». Eta argazkiak ez direla berdin ikusten bigarren edo hirugarren aldi batean begiratzean: «Horren kulpa da gustatzen zaidala argazkiak ikustea, eta besteen lanak ikustea. Ikasteko eta gozatzeko, eta inspiratzeko».

Argazkiek ere bere funtzioa dutela dio Gesteirak: «Alegiako Gaztetxearen kasuan, 29 urte egin behar dituela, argazki zaharrak oso gutxi daude. Argazki gehienak azken hiru-lau urteetakoak dira. Hor hutsune handi bat zegoen, eta alde horretatik esan nuen: agian aukera bat da argazki artxibo bat egiteko. Hemendik urte batzuetara bere balioa izango du». Gaur egun Kortaturen argazkiren bat erakusten dutenean Alegiako Gaztetxean kontzertua ematen, gazteenak harritu egiten direla dio. «Hainbeste talde pasa dira Alegiatik..., baina ez dago dokumentu grafikorik».

Musika munduarekin zerikusia duten argazkiak, baina kontzertu batekoak ez direnak ere atera izan dituzte. «Galdetu izan didate sesio batengatik zenbat kobratzen dudan, eta esan diet ezer ez, geratu eta aterako ditudala argazkiak», esan du Gesteirak, eta gaineratu: «Batzuetan ere komentatu izan didate, Alegiara datozela eta bertan argazki batzuk ateratzeko». Besteak beste, Balerdi Balerdi taldeari atera zion argazkia Tontokalen, zebrabidea igarotzen, eta taldeak promozio argazki bezala erabiltzen du. «Noizze.org blogak creative commons lizentzia du, beraz argazkiak ez du preziorik. Erabili daiteke, eta bakarrik egilearen izena jarri behar da. Badaude medio batzuk ez dutenak egilearen sinadura jartzen... Tarteka ur marka jartzen diet argazkiei».

Perezek Bonberenean egin izan ditu promozio argazki batzuk. «Etxean grabatu izan duten batzuk komentatu izan didate, eta atera izan ditut. Pixka bat abentura izan da, argi proiektoreak-eta jarriz, eta gustura aritu naiz». Ze Esatek! taldeari egindako promozio argazki sesio bat ekarri du gogora: «Esan zidaten argazkiak egiteko, eta Miramar jauregira joateko. Beraiek mozorrotu egin behar ziren, eta nik ez nekien ezer: platanoz jantzi ziren taldekideak eta managerra tximinoz. Kontuak atera, Miramar jauregian arratsalde batean, platano batzuk eta tximino bat, eta ni atzetik kamerarekin. Sesio dibertigarria izan zen. Ausartu gara eta ausartuko gara horrelako sesioak egitera».

Musikaz eta kontzertuez modu bikoitzean gozatzen dute Gesteirak eta Perezek. Tolosaldean zuzeneko emanaldietara joateko aukera zabala dela, eta jendeari aukera hori aprobetxatzeko deia egiten diete. «Hortxe ditugu Bonberenea eta Alegiako Gaztetxea, besteak beste, musika eta kulturarengatik apustu egiten dutenak», diote. «Eta zortzi euro ordaintzea horregatik... Kubata bat gutxiago hartu eta inbertsio txiki hori egin. Eta ez dena joaten, izorrai!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!