Gutuna: Jo ta ke futbitoa maskulinitate hegemonikotik askatu arte!

Erabiltzailearen aurpegia Aizan Talde Feminista 2016ko uzt. 1a, 19:38

Kezkatuta gabiltza azken aldian, kezkatuta gabiltza eta kezkatu egiten gaituzte azken aldiko gertakariek...Billabonako plazan jolasten den koadrila arteko futbol txapelketak tarteko, plazan bertan ‘ea nor den gizon heterosexual maskulinoena’ eta ‘saria matxitoenari’ pintadak ez direla ezer ulertu ikusita, azalpena da segidakoa.

Hasteko, konparaketa erraz bat: Regetoiak ez du zertan matxista izan behar, regetoia ez da berez matxista; matxista direnak diskografiak eta artistak dira, hauek egiten dute regetoia matxista izatea. Bada, futbolarekin berdin-berdin: futbolak ez du zertan matxitoena izan behar, futbola ez da berez matxitoena; jolasten duten matxitoek egiten dute futbola matxitoen gauza izatea.

Eta ez, Athleticeko neskak eta beraien futbola ez dira matxitoenak, ez baitira estrukturalki eta sistematikoki boterean egoteko eta maskulinitatea gauzatzeko heziak izan.

Gaur egun saltzen den futbolak gizon eredu zehatz bat indartu eta bermatzen du: gizon heterosexual maskulinoarena. Hiru terminoak batera doaz, zaila da batek besteak gabe zentzua izatea. Sistemak gizon heterosexual maskulinoak sortzen ditu, faloa izanda maskulinitatea gauzatuko duten gorputzak. Maskulinitateak, boterea, esparru publikoa, hitza eta espazioa hartzea, ausardia, indarra eta indarkeria, lidergoa, boterearekin loturiko lehiakortasuna eta antzeko ezaugarri, jarrera eta pentsaerak barnebiltzen ditu.

Berdin du zein gorputzekin izaten dituzten praktika sexualak, izan ere ‘heterosexual’ erabiltzean praktika sexualez hitz egin baino, pentsamendu eta jarrerez hitz egiten da. Heterosexualitatea ez da praktika sexualen multzo hutsa, erregimen politiko bat da, gizartea antolatzeko modu bat. Erregimen hau bermatzeko gorputzak genitalen arabera bi multzotan sailkatzen dira, genital aniztasuna ezabatu eta bi talde itxi sortzen direlarik, faloa eta alua.Genital multzo bakoitzari genero bat (maskulinitatea eta feminitatea) inposatzen zaio eta horrela ‘gizonak’ eta ‘emakumeak’ eraikitzen dira; estrogeno eta testosteronak ez gaitu emakume eta gizon egiten, inposatutako generoek barnebiltzen dituzten jarrera eta pentsaerak gauzatu behar izateak baizik.

Bi generoek laranja erdiaren funtzioa betetzen dute: oso ezberdinak dira beraien artean eta batak besteak ez dituen ezaugarriak izango ditu. Horrela, ‘elkar-beharra’ zein botere-harremanak sortzen dira, eta horrekin batera genero zatiketan oinarritutako erregimen politikoa: heterosexualitatea.

Genero bereizketa hau futbito txapelketan argi ikus daiteke: faloa duten gorputzek futbolean jolasten dute aipatutako maskulinitateak barnebiltzen dituzten jarrerak gauzatuz.

Bestalde, ez da harritzekoa pintaden edukia ez ulertzea, izan ere, txiki-txikitatik horrela hezi gaituzte eta erabat normalizatua eta naturalizatuak ditugu horrelako jarrera, pentsaera eta futbolean jolasteko erak. Txiki-txikitatik, gure eskoletako patioetan ere gauza berdina gertatzen zen, normala erraietaraino sartua izatea, baina aldaketarako pausoak eman behar dira jarrera kontserbadoreetan tematu gabe.

Esan bezala, adibide garbiak dira gure eskoletako jolastokiak: beste behin, errealitatea bitan banatzen da, zentroa eta periferia (bazterrak), eta horrela errealitatea bera eraikitzen da. Boterea duenak erdigunea hartzen du, erdigunea bera boterea delarik. Horrela, patioetako futbol zelaiak erdigunea dira, eta futbol zelaia ez dena, berriz, bazterra.

Maskulinitateak boterea dakarren heinean, hau gauzatzen dutenek hartzen dute zentroa eta maskulinitate hegemonikotik kanpo geratzen diren gorputzak periferian geratzen dira; zentroan lekurik ez dagoelako maskulinitatea gauzatzen ez dutenentzat. Maskulinitateak erdigunearekin du lotura, eta feminitateak, berriz, bazterrekin.

Irudikatu eskoletako jolastokiak; nor ibiltzen zen futbolean? Ba al zegoen maskulinitatea gauzatzen ez zuenik? Eta nor egoten zen bazterretan, adibidez, hizketan? Futbol zelaiak patioko zein espazio hartzen zuen? Galdera berak Errebote Plazako futbol txapelketentzat: nor ibiltzen da futbolean? Ba al dago maskulinitatea gauzatzen ez duenik? Eta nor egoten da bazterretan, adibidez, hizketan? Futbol zelaiak herriko plazako zein espazio hartzen du?

Herriko plaza (espazio publikoa, erdigunea) asteko hiru egunez arratsalde osoan zehar futbol zelai batean bihurtzen denean, espazio publikoko erdigunea inbaditzeaz gain eta koadrila arteko futbol txapelketa gauzatzeaz gain, gizon eredu zehatz, balore eta jarrera batzuk ematen dira. Horregatik, ez da kasualitatea, txikitatik maskulinitatea ez gauzatzeko esan zaion eta futbolean ibili beharrean kotilleatzen geratzen zen gorputz batek koadrila arteko futbol txapelketan parte ez hartzea. Ez du balio ‘nahi duenak hartu dezake parte’ esateak, ez baita egia. Noski, ez dago debekurik, baina parte hartzeko askatasun hori faltsua da, ez da existitzen. Nahikoa neska daude parte hartu nahi dutenak baina ausartzen ez direnak. Ausartzen ez badira oztoporen bat dagoelako izango da, ezta? Beraz, maskulinitate hegemonikoa gauzatzen ez duten gorputzen parte hartzea bultzatuko duten politikak aplikatzea ezinbestekoa da.

Bukatzeko, ‘saria matxitoenari’ ironia bat da. Jakina da ez zaiola matxitoenari garaikurrik ematen, eta eskerrak. Maskulinoa izateak garrantzia duela esan nahi du, maskulinoa izatea baloratzen dela. Zenbat pertsona daude faloa izan eta maskulinoak ez izateko beldurrez? Zenbat une oro maskulinitatea gauzatzen daudenak beraien ‘gizontasuna’ zalantzan ez jartzeko?

Tristetzekoa da gizartea hankarteari begira eraikita egotea, baina hau da errealitatea, eta honetatik askatzeko ezinbestekoa da horri erreparatu, kritika egin eta generoak zalantzan jartzea, arazo bat konpontzeko garaian lehen pausoa arazoa bera ikusi eta onartzea den moduan. Kasu honetan, etsai komuna sistema heteropatriarkala izanik, feministon elkartasuna ezinbestekoa da.

Sor ditzagun gure arteko aliantzak eta jar ditzagun gure ‘emakumetasuna’ eta ‘gizontasuna’ zalantzan!!

http://www.berria.eus/paperekoa/1922/021/002/2016-06-24/lesbiana_nabarmenak.htm

http://www.caladona.org/grups/uploads/2014/03/el-pensamiento-heterosexual-y-otros-ensayos-m-wittig.pdf

 

Elkartasun feminista adieraziz idatzi honekin bat egiten dute eskualdeko Anoetako Neska Taldeak, Ibarrako Talde Feministak, Irmo Talde Feministak, Kontzientzia Moreakek eta Tolosako Neska Taldeak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!