Europan bat-batean?

Jexux Murua 2016ko uzt. 18a, 12:01

Egun hauetan hizpide izan dugu aste osoan gauzatu den Europa bat-batean kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, aste osoan gauzatu da Europa bat-batean kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa. Astelehenetik ostiralera, egunero izan dira EHUko Udako Ikastaroetan antolatutako jardunaldi akademikoak, eta hiriko hainbat tokitan antolatutako munduko inprobisatzaileen arteko emanaldiak. Larunbat arratsaldean eman zitzaion maiera, Donostiako Kursaalen, guztien parte-hartzearekin.

1995ean, beste inon bertsolaritzaren antzeko adierazpenik biziko zenik inork gutxik pentsatzen zuenean, Bertsozale Elkartearen eskutik eta EHUko Unibertsitatearen udako ikastaroetan, orduan ere, Donostiako Miramar jauregian izan ziren Kuba, Galizia eta Balearretako ikerlariak, beren ahozko adierazpide kantatuen berri ematen. 1996an, Bertsozale Elkarteak Bertso Egunera gonbidatu zituen Galiziako regueifeiroak, Balear uhartetako glosadors-ak, Alpujarretako troberoak eta Kubako repentistak. Zazpi urte joan ziren gero, harik eta Bertsozale Elkarteak Kulturarteko lehen topaketa antolatu ahal izan zuen arte, hemen, gure lurretan. Beste hamahiru urte igaro behar izan dute, ildo bereko bigarren topaketa antolatzeko modua izaterako, oraingoan, Villabonan eragin gunea duen Mintzola Ahozko Lantegiaren gidaritzapean. Tartean, han-hemenkako esperientziak ezagutu eta bertsolaritzaren berri emateko hainbat joan-etorri egin dira munduan zehar.

Beste behin, ahozko kantu inprobisatuaren munduan erreferentzia-puntu garrantzitsua izatea lortu du bertsolaritzak, sortutako topagunearen aniztasunagatik, eta agerian utzitako antolaketa ahalagatik. Baina, batik bat, bertsolaritzaren gizarte mugimenduaren indar, etorkizun ikuspegi, antolaketa, eskuzabaltasun eta jakin-minagatik. Ehun pertsonatik gora aritu dira hau gerta dadin lanean, asko borondatez; beraiek irudikatutako errealitatea eraiki nahiak mugitzen ditu, baliabideak sortzera eta eragitera. Bertsolaritza, eta honen antzeko tokian tokiko adierazpideak azaleratzeko, urtetako estrategia oso baten ondorioetako bat da nazioarteko topaketa bikain hau, partekatua eta gizartearen talde zabal batek bere egina. Eta hau ez da bat-bateko lana.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!