Etxera bueltatu aurretik Agur Festa, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2016ko abu. 21a, 16:42

Uztailaren 1ean etorri ziren Tolosaldera Aljeriako errefuxiatu kanpamentuetatik 23 haur saharar. Uda Tolosaldean igaro dute, eta joan aurretik, ordea, Agur Festa egingo diete hilaren 26ean.

Abuztuaren 31a bitartean egingo dute 2 hilabeteko egonaldia haur hauek, eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko beste udalen laguntzarekin batera, harrera familiekin eta Gipuzkoako Saharar elkartearen laguntzarekin antolatu diete Agur Festa.

Ostiraleko festa antolatzeko Zerkausia aukeratu dute, eta 17:00etan emango zaio hasiera jaiari. Haur sahararrek eta gerturatzen diren haurrek, jolasak eta puzgarriak izango dituzte. Era berean, iaz bezala, mural bat jarriko dute bakoitzak nahi duen ekarpena egin dezan bertan.

19:00etan, ekitaldi politikoa egingo dute, eta jarraian, manifa-kalejira izango da. 20:30ean afari herrikoira joateko deia luzatu dute. Bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu. 22:30ean, berriz, Plaza Zaharrean, Gau Girorekin bat eginez, Iker Lauroba & Itsasargiak izango da. Eta Hotsneba, Saharari kanta 2016 lehiaketako talde irabazlea eta Tiris ere ariko dira taula gainean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!