Euskara ikasi, ahal dela herrian bertan eta doan

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 13a, 11:32

Uema-ko kide diren udalerrietan euskara ikasteko taldeak sortzeko kanpaina jarri dute martxan.

Euskara ikasteko kanpaina abiatu du Uema-k Tolosaldean. Mankomunitateko kide diren udalerrietan euskara taldeak sortzea da helburua, «baita txikienetan ere», nabarmendu du Goizane Arana, Uema-ko teknikariak. «Kanpaina herritar guztiengana irits dadin euskarriak eskaintzen dizkiegu udaletxeei: etxez etxe banatzeko eskutitzak, eskuorriak, kartel ereduak. Azken batean, euskara ikastera animatu nahi ditugu herritarrak». 

Uema-ko udalerriak, euskararentzat arnasgune dira, eta hain justu, horregatik burutzen dute kanpaina: «Herri horietan jende gehienak euskaraz daki, osotasunean euskaraz funtzionatzen dute eta izaera hori mantendu eta herritarren integrazioa bermatu dadin ezinbestekoa da ez dakiten banaka horiek euskara ikastea». HABEk ezartzen ditu taldeak sortzeko ratioak udalerriaren tamainaren arabera eta normalean, herri txikietan, bost edo sei pertsona biltzea nahikoa izaten da taldea osatzeko. «Hala ere, horrekin ere badugu gure borroka. Gure ustez diskriminazio positiboa egin beharko litzateke herri txiki hauekin, ikusita herrian bertan ikasteak zein garrantzia duen», dio Aranak. Iaz, Adunan, esate baterako, bost lagunek eman zuten izena eta ezin izan zuten taldea sortu. Gertuen dagoen euskaltegira bideratu zituzten ikasleak.

Herriz herri izena eman duten ikasleen zerrendak osatu ondoren, Uema-ko teknikariek bilera egiten dute taldea sortzeko aukera aztertzeko eta inguruko euskaltegiekin harremanetan jartzen dira Aitzol udal euskaltegiarekin eta AEKrekin talde horien ardura hartzeko. Iaz, adibidez, Aitzolek eskolak eman zituen Lizartzan, Larraulen eta Asteasun eta AEKk Anoetan, Iruran, Berastegin, Altzon, Ikaztegietan, Lizartzan eta Villabona-Zizurkilen.

%100 AFEKTIBOA, AEK-N

«Aurten ere Anoeta, Irura, Villabona eta Berastegiko taldeekin jarraitzea da gure asmoa», esan du Iban Balerdi, Andoaingo AEKko irakasleak. «Talde homogeneoak sortzea izaten da herri txikietan zailena eta gutxieneko kopurura iritsi ahal izatea». Azken urteetan haziz joan da ikasleen matrikulazioa AEKn: «Eskualdera zabaldu dugu eskaintza eta Andoaingo euskaltegiaren kasuan ere joera goranzkoa da». Motibazioan, ordea, aldea nabaritzen du Balerdik: «Herri txikietan gainerako herritarrekin edo umeekin hitz egiteko ikasten dute euskara eta horretan asko lagundu dute guraso taldeek. Andoainera gerturatzen direnak, berriz, gehiago egoten dira titulu bati begira». Bat datoz, Uema-ko arduradunak: «Udalerri euskaldunetan izena ematen duena, oso jende jakina da; urteak daramatzana herrian bertan bizitzen eta ezaguna izaten da ingurunean. Horregatik da inportantea herrietan bertan taldea sortzea. Era horretan, errazagoa da integrazioa eta ikasle horiek presente daude herrian. Gainerakoek ere euskara ikasle bezala identifikatzen dituzte. Aurrez aurreko harremana egoten da».

Etorkinentzat, Aisa taldeak ere jarri izan dira martxan gure eskualdean. Talde horietako bat Ikaztegietan sortu zen iaz. «Puntualak izaten dira, beharbada urte batean ateratzen dira eta hurrengoan desagertu. Badira, ordea, gutxi batzuk, euskalduntze talde arruntetara salto egiten dutenak», aipatu du Aranak. Andoaingo euskaltegian gauza bera nabari du Balerdik: «Titulu bila gerturatzen den ikaslearen ibilbidea, bizpahiru urtekoa da. Guk baditugu urte dezente daramatzaten taldeak eta ibilbide osoa osatzen ari direnak. Gure ikaslerik zaharrenak, zortzi bat urte daramatza ikasten, eta iaz, B1 maila atera zuen. Jarraitzera animatu du horrek». Modulazioak jaitsi egin direla nabarmendu du AEKko irakasleak, eta gaur egun, «gehienek astean zazpi ordu eta erdiko eskolak jasotzen dituzte. Autoikaskuntzan izena ematen dutenak badaude, baina jendeak klase presentzialak nahiago ditu».

DOAKOTASUNERANTZ

Ikasleek euskara doan ikasi ahal izatea da Uema-k kanpaina honekin lortu nahi duen beste helburuetako bat. Aranaren esanetan, «udaletxeei diru laguntzen inguruko informazioa ematen diegu, ikasleei matrikula doan eskaintzen dieten udaletxeetan onartutako ebazpen eta ordenantzen berri jakin dezaten. Guk ahalegin hori egiteko eskatzen diegu udalerriei». Eskualdean, esate baterako, Altzo eta Berastegik doan eskaintzen die matrikulazioa ikasleei, «eta gero izugarria da nola nabaritzen den hori izen emateetan. Altzon talde bat eta Berastegin bi osatu ziren iaz». Beste udalerri askotan, jarritako baldintzak betez gero, matrikularen zati handi bat itzultzen die udalak ikasleei.

Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, esate baterako, nahiz eta udal euskaltegirik ez egon eta Uema-ko udalerri ez izan, maila guztietako ikastaro eskaintza egin dute aurtengoan ere. Etorri berrientzat Aisa ikastaroak, oinarrizkoa ikastaroak, lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizuna lortzeko ikastaroak eta autoikaskuntzakoak eskainiko dira.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek, matrikularen %75a arte ordainduko dute ikastaro bukaeran eta Mintzalaguna programan parte hartuz gero, %10 gehiago gehienez guztira 400 euroko kopurua jaso ahal izango da. Laguntza jaso ahal izateko, bi herrietako batean erroldatuta egotea, %85ko asistentzia eta errendimenduaren inguruko euskaltegiaren aldeko txostena eskatuko zaizkio ikasleari.

MATRIKULAZIO KANPAINA

AEK

Euskaltegian. Iraila osoan zehar, Andoaingo Extremadura, 5 kalean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Informazio gehiago: 943 59 17 04 telefonoan eta andoain@aek.eus helbidean.

Uema-ko udalerriak

Udaletxeetan. Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexa.

Amasa-Villabona eta Zizurkil

Udaletxeetan. 943 69 35 01 edo euskara@villabona.net / 943 69 24 95 edo kultura@zizurkil.net

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!