Elkartu eta adierazteko mugarik ez

Imanol Garcia Landa 2016ko ira. 23a, 14:11

Uda guztian ekitaldiz josi da Zarate, Bedaio eta Azkarate, Gipuzkoa eta Nafarroa elkartzen diren lekuetako bat. Azken Muga deitu diote egitasmoari, eta ekimenaren bultzatzaileak gustura daude erantzunarekin. «Ezustekoa» izan da erabili duten hitza balantzea egiterakoan.

Artista plastikoak, musikariak, bertsolariak, kirolariak, dantzariak... elkartu dira uda honetan Zaraten. Bedaio eta Azkarate artean dagoen naturgunea da, Aralarren parte dena, muga Gipuzkoa eta Nafarroa artean. Baina, muga baino, banatzen duen marra baino, elkartzeko eta artea adierazteko espazio bihurtu da uda honetan Azken Muga egitasmoaren bitartez.

Antolakuntzan ari diren Guillermo Olmok eta Migel Zeberiok balantze ona egin dute. «Izugarri positiboa da», esan du Olmok. «Baliabide gutxirekin abiatu ginen, eta horrelako proiektu parte hartzaile bat egiten duzunean, zaila da jakitea nola bukatuko den. Parte hartu dutenak elkar moldatzen joan dira, eta nik esango nuke proiektuaren lorpen handiena horixe izan dela, lortu den antolakuntza maila». Zeberiok gaineratu duenez, eromen puntu bat izan du antolakuntzak, «baina, bestalde, oso ederra izan da, eta emaitza bistakoa da: pentsatuta genituen ekitaldi ezberdin guztiak aurrera eraman ahal izan ditugu. Jendearen erantzuna oso ona izan da eta ilusioz egin dugu lana».

Aralarko alde bateko eta besteko hainbat herritar elkartu dira, eta baita hainbat arte diziplinetakoak ere. «Aralarko bi aldeetako herritarrak ez ziren aurretik elkartu ekitaldiak antolatzeko, eta hori azpimarratzekoa da», esan du Olmok, eta gaineratu: «Euskal Herrian ez da ohikoa, baina bai Europako beste herrialdeetan arte plastikoa beste arte diziplinekin elkartzearena. Naturan ere ez dira hainbeste ekimen egin Euskal Herrian. Oso proiektu berritzailea izaten ari da».

Aurreikusita zituzten ekitaldi gehienak egin dituzte, eta egitarauaren aniztasuna, zein lekuak berak azpiegiturengatik suposatzen duen erronka nabarmendu du Olmok. Finantziaziorik gabe aritu direla esan du, eta eskertu beharra dagoela parte hartu duten guztiei egin duten lana proiektua aurrera ateratzeko. Eguraldiak bere egina du horrelako leku batean ekitaldiak antolatzerakoan. Zeberiok azaldu duenez, «ekitaldi batzuk egiteko azken unera arte egoten zara kinkan aurrera edo atzera egin. Eta horrek gain tentsio bat sortzen du. Gainontzean, badu logistika aldetik gauzak beste modu batera egin beharra, baina, bestalde, espazio hutsa izanik badu beste askatasun bat gauzak egiteko. Isiltasun handiko lekua da».

Bi aldeetako herritarrek «ezusteko» moduan ikusi dute Azken Muga, Olmoren ustez. «Ezustekoz hartu dute Zarate bezalako leku batean hainbat ekitaldi egitea. Askoz ere erosoagoa da herri batean egitea, baliabide gehiago dituzulako, besteak beste, elektrizitatea». Bestalde, «eragingarri» bat da naturaren erdian egitea. «Kostata egiten denean, gero gusturago hartzen da emaitza», esan du Olmok. «Gainera, ez gaude batere ohituta horrelakoetara. Esaterako, orain gutxi egin den poesia errezitaldi bat, biolina eta pianoarekin, pagadi batean egiteak ezustea sortzen dizu. Eta konturatzen zara hori dela leku egokia horrelako ekitaldi bat egiteko, edo bertsoak entzuteko edo musika zuzenean jotzeko».

Zeberio ere iritzi berekoa da: «Jende guztiarentzat izan da ezustekoa horrelako ingurune batean proposatu izana horrelako ekitaldi bat. Batetik, proposatu diogunean, eta gero, are eta gehiago ikusi dutenean lekua zein den eta emaitza nolakoa izan den. Horrelako ingurune batek asko janzten du edozein ekitaldi, eta horrek ematen dio artistari, interpreteari edo kirolariari horrelako sari berezi bat. Jendea oso kontentu geratu da». Zeberiok gaineratu du inguruko herri txikietako jendeak «ezusteko handia» hartu duela, «inguru horietan herriko jaiez gain ezer gutxi egiten baita. Bertakoak ere oso eskertuak daude».

Jarraipena izateko asmoz

Zenbait ekitaldi lekuz aldatu egin behar izan dituzte eguraldiarekin, eta hori aurreikusten zuten, «naturak hori baitu». Horien artean daude erromeria, Betelun egin zena, edota aurreko igandeko Bertso Eguna, azkenean Altzon egin zena. «Erromeriarenak pena eman digu, egitasmoaren ekitaldi nagusia zela esan baitaiteke», azaldu du Olmok. «Orain mende bat utzi zitzaion erromeria Zaraten egiteari, eta hori berreskuratzea da asmoa». Ideia nagusia Azken Muga egitasmoak jarraipena izatea da. «Ez bakarrik erromeriak. Orokorrean ekimen ona izan da, oso interesgarria. Esfortzu honek guztiak eta lortutako antolakuntza maila mantentzeak merezi du», gaineratu du Olmok.

Aulki erraldoia Azken Mugaren ikur bihurtu da. Hainbat herritan izan zen proiektuaren berri emateko, eta gero Zaraten bertan izan da, eszenatoki moduan erabiltzeko edo egiten ziren ekitaldien lekuko izateko. «Jende guztiak galdetu du aulkiaren inguruan, eta askok argazkiak atera dituzte. Esan daiteke bere egin duela jendeak aulkia. Aurreikuspen guztiak bete ditu, proiektua jendeari gerturatu diolako, eta bi aldeak ere elkartu dituelako», esan du Olmok.

Herriak «gero eta hiritarrago» direla dio Olmok, «gero eta gutxiago begiratzen diogu naturari. Oso garrantzitsua izan da ekitaldi hauekin egindakoa, hau da, berriz ere beste begi batzuekin naturari begiratzea, eta hainbat kultur eta arte ekitaldi bertara eramatea, eta Aralarko leku hori erdigunean jartzea, lehen espazio nagusi bat zena bi aldeentzat». Artista plastikoak oso pozik daudela gaineratu du Olmok, espazioak berak ere horretarako bide ematen duelako. «Musikari batzuei leku natural batean jotzea berria egin zaie, eta oso gustura gelditu dira», zehaztu du.

Zeberiok nabarmendu duenez, «kontuan izan behar da planteamendua deigarria eta berritzailea dela. Europan, Zuberoan bertan, oso arrunta da, baina hemen herri giroko ekitaldi batzuk eskultura erakusketa batekin nahastea edo jazz kontzertu batekin, edo klasikoko bikote batekin, inoiz egin gabeko kontuak dira. Txillidaleku batean edo egin izan dira, baina hiritik gertu dagoen leku bat da hori. Zaraten planteatu da, eta nik uste dut ereiten ari garela zerbait, eta horrek bere fruitua emango duela aurrerantzean».

Amaiera, Et Incarnatusekin

Ekitaldien egitaraua asteburu honetan bukatuko da. Et Incarnatus orkestraren kontzertuarekin eta mikeleteei eta kontrabandoari buruzko erakusketarekin. Erakusketa irekiak, hau da, Zarateko pagadietan jarri dituzten hainbat artisten eskulturak, udazken osoan iraungo du.

Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendaria da, eta gero eta garbiago du haurrak izan behar direla hartzaile nagusiak. «Musika emanaldia egiten dugunean adina 60 urtetik gorakoa izaten da, eta hori ez da posible. Azken finean belarriak benetan irekita dauzkana sei-zortzi urteko haurra da». Bihar izango da kontzertua, 18:00etan, Zaraten. Eguerdirako aurreikusten ari dira haurrei zuzendutako emanaldia eskaintzea, eta horretarako eskolekin jarri dira harremanetan.

Et Incarnatus orkestrak gonbidatu bereziak izango ditu. Batetik, Bixente Martinez ariko da. «Orain dela urte dezente guretzako egin zuen obra batekin izango da. Gero Lucia Gomez mezzosopranoa izango da, eta Leire Berasaluze ere bertan izango da abesten». Dantzari bereziak egongo dira emanaldian: Tolosako erraldoiak. «Ilusio handiarekin ari dira entseguak egiten eta hara hurbiltzeko bere logistika guztia prest daukate, baso erdian dantza egiteko. Nik uste dut hori ikusi gabeko kontua dela. Ikusten da jendeak izugarrizko gogoa duela gauzak egiteko, gaitasunak ere bai, eta askotan falta izan zaiguna da aukerak izatea».

Et Incarnatus orkestrarentzat ez da berria naturan emanaldiak egitea, Urkizun hamazazpi urtez aritu baitira horrelako kontzertuak eskaintzen. «Naturaren erdian egoteak, Zaraten besteek sentitu duten bezala, indar handia ematen du, transmititzen du», esan du Zeberiok. «Batetik, argitasuna aldakorra da. Bestetik, hurbiltasun bat ematen du publikoarekiko. Normalean baino publiko anitzagoa eta nire ikuspuntutik interesgarriago izaten da».

Bi aholku ematen ditu Zeberiok emanaldira joango direnentzat. Batetik, arropa ugari eramatea, mendian eguraldia aldakorra izaten delako. Esertzeko zerbait eramatea ere gomendatu du. Bestetik, zerbait jateko eramateko, kontzertuaren ondorengorako. «Mendiko mentalitatearekin» joateko, azken finean. «Animatu dadila jendea Zaratera joatera. Oso giro intimoa eta transzendentala sortzen da, eta ez nik esanagatik, jendeak horrela dio. Aurten Urkizun ia mila lagunek egin zuten topo ekainean, zerbaitengatik izango da», esan du Zeberiok.

Eguraldi txarra eginez gero, hurrengo larunbata arte atzeratuko dute emanaldia. «Gu ilusio ikaragarriz ari gara prestatzen, eta obra bat estreinatuko dugu, Juantxo Zeberiok egindakoa», esan du. «Orkestraren 20 urte hauetan egin ditugun obretatik aukeratzen saiatu naiz, batetik proiektuarekin lotura izan dezaketenak, hau da, mugatasun horrekin eta Gipuzkoa eta Nafarroarekin zerikusia dutenak, eta bestetik, oso politak eta entzuteko atseginak izan daitezkeenak». Gonbita egina dago, orain onartzea besterik ez da falta.

Rexu Balerdiri saria

Garoa saria sortu du Azken Muga proiektuak Aralar mendilerroko bi aldeak nolabait elkartu eta euskal kultura bizi duen pertsona saritzeko. Lehen edizio honetan Bedaioko Rexu Balerdi aukeratu dute, pertsona oso ezaguna Zarate inguruko herrietan. Oso dantzari ona, txikitatik inguruko erromeria guztietan aritu izan dena, dantzarako abilezia izugarria erakutsiz. Azken Muga proiektuaren hasieran aulki erraldoiaren gainera igo eta dantzan hasteko zalantzarik ez zuen izan. Proiektuaren irudi ezagunena bilakatu da. Gainera Balerdi artzaina da, Aralarri erabat lotutako lanbide zaharra. «Pertsona xume bat da aurtengo Garoa saria, proiektuaren filosofiarekin bat datorrena», azaldu dute Azken Mugako bultzatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!