'Kantazgora' musika irratsaio berria abian

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 28a, 11:32

Tolosaldeko hainbat musikarik eginiko proposamenekin osaturiko irratsaioa ostiraletan eta igandetan dago entzungai.

Berritasunez beterik dator ATARIA IRRATIko denboraldi berria. Nabarmentzeko lehena, kolaboratzaile eta sinadura gehiago entzun ahalko ditugula gure sintonian, eta bestea, musikak protagonismo handiagoa hartuko duela, saio berriekin.

Denboraldia hastearekin batera, lehendik ere entzungai ziren saioei batuz —Entzuteko jaioak eta Oskar Tenak gidatutako Kokondo— bere ibilbidea hasi duena Kantazgora da. Astero entzungai izango den musika saioa da, ostiral iluntzeetan eta igande arratsaldeetan, eta berezitasun moduan, Tolosaldeko musikariak izango dira protagonistak. Beraiek edota beraien musika proposamenak.

Beñat Igerabide, Elene Arandia, Juantxo Zeberio, Natalia Garmendia, Migel Zeberio, Iñaki Lizaso, Maddi Etxeberria, Iñar Sastre, Zigor Lampre, Imanol Ubeda, Iñaki Letamendia, Itsaso Etxebeste, Enrike Rubiños, DJ Bull, Karlos Aranzegi, David Azurza, Joxi Ubeda, Xabier Zeberio, Xabi Zubeldia edota Martxintxo Arakama izango dira astero-astero eskualdeko euskarazko irratiko entzuleentzat proposamenak egingo dituztenak. Emaitza, estilo anitz eta askotariko abestiez osaturiko musika saio interesgarria izango da.

Urritik aurrera saio berri gehiagok ikusiko dute argia gure sintonian eta joango gara horiek ere aurkezten. Eta ohi bezala, ateak irekita izango ditu gure irratian bere saioa egin nahi duen orok. TOLOSALDEKO ATARIArekin harremanetan jarri (ataria@ataria.info edo 943 65 56 95), eta ziur lekua egingo zaiola bere estiloari ere!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!