Has dadila komiki festa

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 30a, 09:32

Galtzaundik ireki du Galtzakomik lehiaketan lanak aurkezteko epea; sari banaketa abenduaren 2an izango da.

Galtzaundi Euskara Taldeak bederatzigarren aldiz antolatu du Galtzakomik lehiaketa. Izen ematea zabaldu dute jada eta azken eguna azaroaren 21a izango da.
Lehiaketan edozeinek parte har dezake, bakarka. Gaia librea izango da, baina ez da onartuko eduki sexista edo arrazista duen komikirik eta dena delako arloan intolerantziazko jokabiderik eragin dezakeenik. Lanek jatorrizkoak eta argitaragabekoak izan beharko dute, autoreak berak sortutakoak.

Euskarazko komikigintza
Lehiaketa honen helburu nagusia euskarazko komikigintza sustatzea izanik, ez da komiki muturik onartuko. Lanak euskara hutsean aurkeztu behar dira, eta erabilitako euskararen kalitate maila ere aintzat hartuko da. Lehiaketan jatorrizko lana aurkeztu behar da eta baita ordenagailu bidez sortu edo tratatuak izan direnak ere. Aurrediseinatutako irudiekin egindako lanak bazterturik geratuko dira; Comic Book creator, TBO, Comic Life, Comic Master edo antzerako programetako aurrediseinatutako irudiekin egindakoak. Irudi digitalizatuen kasuan, orri bakoitzeko inpresio bat aurkeztu behar da, A-4 neurrikoa eta gutxienez 300 ppp-ko kalitatekoa izan behar du. Lan bakoitzak A-4 neurriko lau orri izango ditu gehienez, eta istorio bakarra zein anitza aurkeztu ahal izango dira.

Lanak azaroaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dira Galtzaundiko Tolosako egoitzara bertara joanda edo postaz (Nafarroa etorbidea 6, behea).

Erakusketa abenduaren 2tik 16ra
Jasotzen dituzten lan guztiekin erakusketa bat jarriko dute Ibarrako kultur etxean abenduaren 2tik 16ra eta erakusketa amaitu ondoren, 30 eguneko epearen barruan, sarituak izan ez diren lanak jasotzeko aukera egongo da. Epe hau bukatuta, eskatuak izan ez diren lan guztiak Galtzaundiren artxibora pasatuko dituzte.

Aurkeztutako komikian autorearen izenik ezin da jarri. Gutun-azalean aurkeztuko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak (izena, telefono zenbakia, adina, helbidea, helbide elektronikoa eta komikiaren izena) beste gutun-azal batean aurkeztuko dira, izenburu berarekin. Bigarren gutun-azal hau lehenengoan sartuta aurkeztu behar da.
Sariei dagokienez 12 urtetik beherakoen atalean lehen saridunak 100 euro eta komiki bilduma bat jasoko ditu; eta bigarrenak komiki bilduma bat eta marrazketarako materiala. Era berean, bost lanek aipamen berezia jasoko dute eta hauek komiki bilduma bana jasoko dute. Ibarrako komikirik onenak ere jasoko du saria: opari txartel bat eta komiki bilduma bat.

12 eta 16 urte artekoen lehen saridunak 200 euro, marrazketarako materiala eta komiki bilduma bat jasoko ditu eta bigarrenak 100 euro eta komiki bilduma bat. Bi egilek aipamen berezia jasoko dute eta komiki bilduma bana jasoko dute. Ibarrako komikirik onenak, aldiz, opari txartel bat eta komiki bilduma bat jasoko ditu.
Azkenik, 16 urtetik gorakoen artean lehen saria eskuratzen duenak 700 euro eta Eluska jatetxean 2 lagunentzako afaria jasoko ditu eta bigarrengoak 300 euro eta Danon txokoan 2 lagunentzako afaria. Egile bakoitzak sari bakarra eskura dezake. Gutxieneko kalitaterik ezean, epaimahaiak sariak eman gabe utz ditzake. Parte hartzaile guztien artean Mahala baserriko produktuen 2 saski zozkatuko dituzte.
Era berean, saridun guztiek, Xabiroi aldizkariaren urteko harpidetza jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!