Bertso saioak memoria landu eta emozioetara iristeko

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 6a, 09:23
Herenegun hasi zen Adin-adin programa Uzturre egoitzan; Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran aritu ziren.

Lankuk eta Foru Aldundiak ‘Adin-adin’ programa abiarazi dute hirugarren urtez; Iguaran eta Lizaso bertsolariek eskaini zuten lehen saioa, Tolosako Uzturre egoitzan.

Lanku bertso zerbitzuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bertsolaritzaren onurak zaharren egoitzetara eramaten dituzte Adin-adin programaren bidez. Aurten hirugarren aldiz egingo dute eta Gipuzkoako 10 herritan egongo dira. Tolosaldeari dagokionez Tolosan egingo dute geldialdia, lehen saioa herenegun izan zelarik Uzturre egoitzan. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso aritu ziren bertsotan, programari hasiera emanaz. Iurreamendi egoitzan ere eskainiko dute bertso saioa.

Programa zaharren egoitzetara bi bertsolari eramatean datza, gazteagoa bata eta helduagoa bestea. Era berean, dagokion egoitzako bailarakoak bertakoak izaten ahalegintzen dira, bertsotan ere eskualdeko kontuak ateratzeko, adinekoei ezagunak egiten zaizkienak.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak bertsoak adineko pertsonengan duen eragin positiboa nabarmendu du: «Bertsoa bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Beraien bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea. Emozioetara iristen den tresna da bertsoa».

Sebastian Lizasok dio «oso beteta» ateratzen dela saioetatik. «Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu ‘ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...’ ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapenak etortzen zaizkie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: ‘honek tranpa egiten du musean, beste hori txikiteora irteten da...’. Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... Oso esker onekoak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!