«Ogirik gabeko otordua pentsaezina da niretzat»

Iñigo Terradillos 2016ko urr. 24a, 08:02

Gipuzkoako okindegien elkartearen baitako okindegiek «kalitatezko eta bertako» ogiaren kontsumoa bultzatzeko eta saltoki txikietako bezeroak saritzeko ekimen berria abiarazi dute. Fabrikatzaile handien ogi ekoizpen masiboak sortutako «lehiakortasun handiari» aurre egiteko «okindegi tradizionalen kalitatea» aldarrikatzen dute. Eskualdeko sei okindegitan jarri dute martxan Primerako ogia kanpaina, Ogi Ona etxearen barruko hiru okindegitan, esaterako.

Okindegi tradizionalen biziraupena du helburu kanpainak. Fabrikatzaile handien ogi ekoizpen masiboak jarri al du arriskuan?

Bai. Azken batean, gauza guztiekin bezala, okindegi txiki eta ertainoi okindegi industrialak nahikoa min egiten digu, bereziki ogia saltzen duen prezioarengatik.

Saltoki handietan, supermerkatuetan kasu, eros daitekeen ogiaz ari zarete, ezta?

Batik bat, bai.

Zer eragin du ogiak salneurri horietan saltzeak?

Guk, okindegi txikiok dugun ogia egiteko modua oso desberdina da okindegi horietatik. Horregatik, kostuak oso desberdinak dira, eta zaila da horri aurre egitea.

Ogiaren salneurria saltoki horietan erdia edo herena izan daiteke okindegi txikiekin alderatuta. Nola da posible hori?

Industrialki eginda dagoen ogia da. Ekoizpen handiak egiten dira, aurre egosi egiten dira, eta izoztu gero. Produktu izoztu hori supermerkatuetan erre eta saltzen dute. Guk tradizionalki egiten dugun ogiak oso zaila du ekoizpen handiko horien maila berean jarri eta neurtzea.

Ogia egiteko osagaietan nabari al da?

Bai. Okindegi industrial horiek era askotariko ogiak egiten dituzte gaur egun. Ekoizpen handi horiek beste osagai batzuen beharra izaten dute, eta ohiko osagaietan, irina, esaterako, beste kalitate batekoa erabiltzen dute.

Noizkoa da afera hau?

Urte asko dira. Ez da gaurko kontua. 20 urtetik gora izango dira sistema hori martxan jarri zenetik, eta gu ordutik hasi ginen eragina nabaritzen. Lehen ogia egitea zailagoa zen, edo beste arazo batzuk zeuden, labeak, esaterako tamaina handikoak izan behar ziren. Hotza eta izozketa sartu zenean prozesuan hasi ziren enpresa handiak era zentralizatu batean funtzionatzen. Urte batzuk badira funtzionamendu horren aurka ari garela. Gure konpetentzia da, baina konpetentzia desleiala dela esan daiteke. Izan ere, beste ezaugarri batzuekin egiten dute lan. Gu bertako langileekin ari gara lanean, egunero egiten dugu ogia, eta zerbitzu askoz ere pertsonalizatuagoa eskaintzen dugu. Horretaz gain, aipatzekoa da gure eskaintza zabalduz joan garela azken urteetan, ogi mota desberdinak eginez. Batik bat, kalitateari garrantzia ematen diogu, eta hor irinaren kalitatea edota egiteko modua sartzen dira.

Konpetentzia gogorra ikusita derrigor jo beharra izan duzue kalitatearen eta eskaintzaren aniztasunaren bidetik, beraz.

Hala da. Alde horretatik jo beharra izan dugu. Zerbait desberdina eskaini beharra daukagu, eta gure berezitasuna, hain justu, kalitatea eta ogi moten aniztasuna da. Horrekin batera, bezeroekiko gertutasuna ere azpimarratuko nuke.

Jendeak hartzen al du kontuan ogiaren kalitatea?

Bi gauza esango nituzke hor. Azken urteak ez dira oso onak izan, krisia dela eta, eta jendeak gastuak murriztu beharra izan ditu. Beraz, arrazoi horregatik ogi merkeago horietara jo dutenak asko izan dira.

Bestalde, esango nuke ogia izan dela jakietan anaia txiroena edo baztertuena. Sabela betetzeko osagai moduan hartu izan da, ez zaio duen garrantzia eman. Uneko edo unean jateko erosketa ere izaten da, eta horregatik ez zaio beharko lukeen lekua ematen.

Ogia erostea garestia al da?

Ez. Beste elikagai askorekin gertatzen den bezala da. Azken batean, haragi on bat erostea edo fruta on bat erostearekin pareka dezakegu. Horietan ere, badira eskaintza merkeak. Nik behintzat, janariari garrantzia ematen diot, eta behar den dirua gastatu behar dela iruditzen zait.

Dena den, kalitateari begiratzearena boladan ere badagoela azken aldian esan daiteke, ezta?

Bai, egia da. Bertako produktuak, baserrikoak, ekologikoak... indarra hartzen ari dira. Kalitateari indar handia ematen zaion mugimendua badago gaur egun. Hori bai, gure afera aspaldikoa da, eta pixkana jendea kontzientziatzen joan dela esan daiteke. Baina, gorabeherak ere izan dira. Gure kasuan, 80. hamarkadan ogi ekologiko bat egiten hasi ginen, eta ez zuen arrakasta handirik izan, une hartan agian, jendea ez zegoelako sentsibilizatuta. Ez zegoen behar zuen eskaria, eta egiteari utzi zitzaion. Gaur egun, baina, badago eskaria eta egiten dira ogi ekologikoak.

Betiko okindegi tradizionaletara jendea erakartzeko helburuarekin hainbat ekimen ari zarete bultzatzen. Azkenarekin, opariak eta ogia doan eskuratzeko aukera izango dute bezeroek.

Bezeroen leialtasuna bilatzen du kanpaina berri honek, eta bezeroak nolabait eskertzea eta saritzea ere bai. Hala, ogia erostera joaten direnek txarteltxoa bete beharko dute, eta ogia astebetez doan eskuratzeko zozketan sartuko dira, eta katiluak ere jasoko dituzte opari moduan.

Ogirik gabeko otordurik imajinatzen al duzu?

Egin ezina da niretzat. Ohitura izango da, baina, ogirik gabe otordu bat egitea zail ikusten dut. Goizean goizetik hasita, beti dut nik ogia nire otorduetan. Gosaltzeko, esaterako, kafesnea ogi zopekin, eta bazkarirako hainbat jaki ogirik gabe lagunduta jatea pentsaezina dela iruditzen zait.

Ogia erabat gomendatzen duzun elikagaia da, beraz.

Bai. Baina, ez nik soilik, ikusia baitago ogia onuragarria dela duen karbohidrato kopuruarengatik. Eta hori beharrezkoa da gorputzari beharrezko indarra emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!