Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketako epaimahaiak lanen aniztasuna nabarmendu du

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 16a, 15:19
Hernandorena Kultur Elkarteak bigarrengoz antolatu du Bertsopaper Lehiaketa. Ostiralean egin zuten sari banaketa, afari batean, eta 70 bat pertsona bildu ziren bertan. Helduen mailan Amaia Agirreren 'Donostia Europako kultur hiriburu' eta Aitor Albisturren 'Zuri, ama' lanek irabazi dute, eta gazteen mailan Maialen Akizuren '(Lan) bideak' eta Aitor Servierren 'Krisia'k.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak egin ditu aurten, epai mahai lanak, eta aurten iaz baino lan gutxiago jaso badituzte ere, oso interesgarriak izan direla esan dute. Lanen aniztasuna ere nabarmendu dute.

Helduen mailan lehen saria Amaia Agirreren Donostia, Europako kultur hiriburu lanari eman diote, eta bigarrena Aitor Albisturren Zuri, ama izenekoari. "Lantzen duen gaurkotasuneko lanari mamia horren ondo ateratzeagatik eta bertso sortaren kalitate teknikoagatik" eman dute lehen saria. Bigarrena aldiz, "amarekiko maitasun eta miresmena ardatz harturik autoreak bere barne mundua azaltzeko duen egokitasunagatik eta bertsoak goitik behera osatzeko duen dotoreziagatik".

Gazteen mailan ere bi sari banatu dituzte. Lehena Maialen Akizuren (Lan) bideak izan da "etorkizuneko ikasketak eta bizibidea aukeratu behar dituen ikasle baten gogoeta eta kritika soziala azaltzeko duen modu dotore eta ulerterrazagtik, eta horretarako darabilen teknika apartagatik". Bigarren sariduna, Krisia, "hainbestetan entzuna den krisi ekonomikoa aparte utzita autoreak bere kezkak edo barne krisiak modu egokian azaldu izanagatik" aukeratu dute, Aitor Servierren lana, hain zuzen.

Aurten diasporako euskaldunei dei berezia egin zieten lehiaketan parte hartzeko, eta beraiei zuzendutako sariak ere banatu dituzte. Lehen saria Todor Azurzaren Euskara, gure eguneroko borroka izeneko lanari eman diote, eta bigarren saririk ez ematea erabaki dute.

Hemen dituzue irakurgai saritutako lanak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!