Gaur egun ohikoa da Zizurkilgo Pedro Mari Otaño plaza autoz beteta ikustea. Baina, irudi honek ez du luzaroan iraungo. Izan ere, plazan autoentzat pasabidea eta aparkaleku batzuk jarriko dituzten arren, oinezkoek izango dute lehentasuna laster.
Joxe Mari Luengo alkateak azaldu bezala, aparkalekuena «beti izan da arazoa», eta horregatik legegintzaldi honen hasieratik beraien helburua izan da orain betetzera doazen proiektua aurrera ematea. Honela, plazako trafiko mugimendua «murriztea» lortu nahi dute. Bide horretan, elizaren atzealdean aparkaleku bat egin dute, eta errepide horretan bi noranzkoetako bidea egingo dute. Horrela, plazan auto gutxiago pasatzea lortu nahi dute.
Plazari dagozkionez, oinezkoentzat egokituko dute plaza. Etxebizitzetara eta udaletxera joateko bertatik pasa ahal izango da, eta sei aparkaleku ere egingo dituzte, baina oinezkoei egun dutena baino eremu zabalagoa eskainiko zaie. Plaza egokitzeko «lurra berritu eta margotu» egingo dute. Piboteak ere jarriko dituzte, «kotxeak sartzeko aukera mugatzeko». Lanak uda ondoren hastea aurreikusten dute.
Honenbestez, oraingo ohiturak aldatu eta jada zenbait herritarrek egiten duten bezala, aparkaleku berrian aparkatzeko ohitura zabaldu egin beharko da.
Aparkalekuarekin batera, plazatik Zizurkilera doan errepidean oinezkoen bidea egin dute. Izan ere, paseoan ibiltzeko «ez zegoen lekurik», errepide «estua» baitzen. Hortaz, Foru Aldundiarekin udalak ikusten zuen beharra konpartitu ondoren, bidea ere egitea erabaki zuten.
Futbol zelai berria
Abuztuan beste lan batzuk ere hasiko dituzte Zizurkilen. Kirol Federazioaren eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, futbol zelaia berrituko dute Zizurkilen. Luengok futbol zelaia berritzeko «beharra» zegoela uste du, entrenamenduetako lekurik ez baitago. Gainera, egungo futbol zelaiak mantenu «handia» behar zuen. Horregatik, berrikuntzen ostean belar artifiziala jarriko dute zelaian. Honela, futbol taldeko haurrek «astero» bertan entrenatzeko aukera izango dute..
Luengoren ustez beharrezkoa zen futbolean aritzen diren haurrei bultzada hau ematea, «aurrera jarrai dezaten». Eta bereziki azpimarratu nahi izan du Danena elkarteko gurasoen lana. Beraiek ari baitira «aldagelak eta inguruko biltegiak auzolanean berritzen». Asteburutan aritzen dira lanean eta «proiektuan inplikatuta» daude.