Zizurkilgo gazteek elkarrekin ospatzeko eguna dute bihar

Jon Miranda Labaien 2015ko mar. 27a, 13:59

Laugarrenez antolatu dute Gazte Eguna egitarau oparoarekin. Unai Mendizabal, Txepetxa gazte asanbladako kideak eman ditu azalpenak.

Dena prest dute biharko Txepetxa gazte asanbladako kideek. Laugarrenez ospatuko dute Gazte Eguna.

Zizurkilgo gazteen arteko mugimendua duela lau urte sortu zen. Herri kirol lehia egin zuten orduan Zizurkil Goiko eta Beheko gazteek. «Saltsa polita sortu zen eta bi gazte taldeen arteko harremana estutu egin zen. Udalaren proposamenez antolatu genuen duela lau urte lehen Gazte Eguna», dio Unai Mendizabal gazte asanbladako kideak.

Asanblada ere ordukoa da. Txepetxa izena jarri zioten: «Bila aritu ginen zizurkildarrok ezizenik ba ote genuen eta topatu ez genuenez Pello Mari Otañoren txepetxaren bertso ezagunak gogoan hartuta jarri genion asanbladari izena».

Bilgune finkorik ez dute eta bilerak maiztasun jakinik gabe egin dituzte: «Beharra sortzen denean biltzen gara, normalean, Zizurkil Goiko Zentroan». Gazte Egun hau antolatzeko lana hartu dute eta egun osoko egitaraua prestatu dute biharko (ikusi agendan, 26-27 orrietan).

«Zizurkil Goiko eta Beheko gazteen harteko harremanak estutu, elkarlanean aritu eta ondo pasatzea da helburu», Mendizabalen hitzetan.

Martxo Morea Anoetan
Anoetako Gazte Asanbladak antolatu duen Martxo Morea ekimenarekin amaitzeko gaur 22:00etan, Amets zirkoa salgai antzerki lana eskainiko dute Gaztetxean eta bihar, 17:00etan homosexualitatearen inguruko tailerra izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!