Feminismoaz gogoeta egiteko aukera ematen duten dokumentalak

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 3a, 10:08

Hilean behin Aizan talde feministak ikus-entzunezko lan bat eskaintzen du Atxulondo kultur etxean eta horren ondoren gaiaren inguruko hausnarketa egiten dute taldean

Loreak gustatzen zaizkizu? Mekanikari buruzko aldizkariak atsegin dituzu? Errugbia bezalako kirol gogorrak egiten dituzu? Gisa horretako galderak egiten dizkiete psikologo eta psikiatrek hormona bidezko tratamendua hasi nahi duten pertsonei. Test de la vida real dokumentalean esperientzia horretatik igarotako bost pertsonen testigantzak jaso dituzte eta aurreko ostiralean eskaini zuen Aizan talde feministak Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. «Ikus-entzunezkoan ageri direnak ez dira posizionatzen gizon-emakume parametroetan. Beste gauza bat direla diote». Genero aniztasunari egiten dio erreferentzia dokumentalak, «hori ere erabaki politikoa baita eta jakina da instituzio asko saiatzen dira horretan esku hartzen. Sistema binarioa dela erakutsi digute txikitatik, baina dibertsoagoa da generoa».

Aizan taldeak uda aurretik jardunaldi feministak antolatu zituen Zizurkilen eta arrakastaz joan ziren. «Gu oso gustura geratu ginen eta etorri zen jendea ere bai. Balio izan zigun konturatzeko jendeak baduela feminismoan interesa». Jardunaldiak antolatu eta gero, konpromiso bat sentitu zuten taldeko kideek harreman horrekin jarraitzeko eta «herriari zerbait eskaintzeko». Hilero dokumental bat botatzeko ideia otu zitzaien eta dagoeneko bi eskaini dituzte Zizurkilgo kultur etxean.

Abenduan IDEMtitateak Hamaika telebistako saioak ekoitzitako Maitasun erromantikoa, botere harremanen euskarri? lana eskaini zuten. Behin ikus-entzunezkoa bota ondoren, dinamika bat egin zuten parte hartzaileek: «baieztapen batzuk planteatu eta horrekin adostasuna edo arbuioa adierazi behar zuten gerturatutakoek. Eztabaida sortzea izan zen gure helburua». Botila batekin egin zuten jokoa, besteen hitzak eta txandak errespetatuz. 20 pertsonek parte hartu zuten parte eta horietako gehienak gazteak ziren, 15-16 urte ingurukoak. «Poztekoa da gaztetatik emakumeek gai hauetan interesa agertzea eta adin diferenteetakoak elkarrekin espazioak partekatzea».

Hileroko dinamikarekin jarraitzeko, otsaila bukaera aldera eskainiko dute hurrengo emanaldia. «Ez dugu zizurkilzentrista izan nahi eta beste herrietara zabaldu nahi genuke proiekzio ziklo hau». Asteasu, Larraul, Aduna eta Zizurkil bertako emakumeek osatzen dute Aizan taldea. Hurrengo dokumentala, Arrakala. Zirrikitu bat haitzean izenekoa izango da. “Zer da heteroaraua? Nola egituratzen da bizi garen jendartean? Nola eragiten digu gure bizitzetan eta harremanetan? galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko gara emanaldiaren ondorengo solasaldian».

«Tertulia eta giro polita egoten da eta animatzeko» esaten diete Aizan taldekoek herritarrei, «ez dezatela konpromiso bat bezala hartu, lasai etorri eta entzutera gerturatu daitezela. Ez dugu hozka egiten!», dio kide batek, «edo bai» ondotik, barrez, beste batek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!