Zizurkilgo bailara historikoen toponimia egokitzeko eta erabiltzeko proposamena egin dute

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 17a, 12:55

Hernandorena elkarteak ikerketa lana egin du azken urteetan eta bailara historikoen toponimia bildu, egokitu eta gaur egungo errealitatera moldatu du, proposamenean

Azken bost urteetan dokumentuetan datu ugari topatu ditu Hernandorena kultur elkarteak. Puzzlea osatzen joan da pixkanaka eta mugarria, argazki batean topatu duten pieza izan da. Joxin Azkue elkarteko kideak aipatu duenez, «Pedro Mari Otaño plazan, lauzpabost emakume ageri dira argazkian, herrigunean zegoen askaren ondoan, eta atzean, ia ezkutuan, mugarri bat». Zizurkilgo ardatza zen hori. Mugarri horretatik iparraldera, Zarateko bidea, hegoaldera, Azken Portura doana, ekialdean Zubiaurretxora jaisten dena eta mendebaldera Nekolako bidea zeuden. «Horiek banatzen zuten herria lau bailaratan: Mendibailara, Buztinbailara, Akezkobailara eta Elbarrena». Zizurkilgo lau bailara historikoak.

XIV. mende bukaerako dokumentuetan, dagoeneko, topatu dituzte Zizurkilgo etxe izenak. Espainiako gerraren ostean, ordea, izenak berdindu eta landa eremuko bideek diseminado izena hartu zuten. Trantsizioaren ostean, berriz, euskaratu eta sakabanatua erabili izan ohi da.

Zizurkilgo nekazal teknikaria da Ainhoa Azpeitia eta berak ere sumatzen du gabezia: «Askotan udaletxera sakabanatua izenarekin helbide batengatik galdezka gerturatzen zaizkigu eta ez dugu erantzuten jakiten. Guretzako baserri izenak dira ezagunak, baina zoritxarrez horiek ez dira ofizialak». Auziari irtenbide bat emateko asmoz abiatu zuten elkarlana Zizurkilgo Udalak eta Hernandorena kultur elkarteak. Egunotan bi bilera antolatu dituzte Plazida Otaño liburutegian eta Iriarte kultur etxean landu duten proposamena aurkezteko. Orain, ekarpenak egin ahal izango dizkio jendeak eta behin udalbatzan onarpena emanda, bide administratiboari hasiera emango zaio.

Toponimia ere egokitu egin dute proposamenean. Duela urte batzuk egin zuten mapa toponimikoa eta oraingo honetan, bildutako izen guztiak Euskaltzaindiari zuzendu zaizkio. «Arauak nolakoa behar duen esan digute eta urte bukaerarako egin asmo den mapan horrela jasota geratuko da», dio Azkuek.

Ez da toponimia aldatu duten gauza bakarra. Bailara historikoen banaketa ere moldatu dute. «Ahal den gehiena eutsi diogu lehengoari. Baina gauza batzuk gaurkora egokitu behar direla uste dugu». Adibidez, Akezkobailara beharko luketen Ubare auzoa, Joxe Arregi plaza edo futbol zelaia, Elbarrena bezala izendatu dute proposamenean, «horrela ezagutzen dituelako jendeak». Aldi berean, Elbarrena goiko plazaraino iristen da banaketa historikoaren arabera, «horrek ez du zentzurik ordea, eta beraz, herrigunetik behera doan auzoarentzat, Ergoiena izena proposatzen dugu».

Mendibailara, Buztinbailara, Akezkobailara, Elbarrena eta Ergoiena, eta guztien ardatza, herrigunea, «eta ez Zizurkil Goia edo kaskoa». Poliki-poliki izen horietara ohitzeko proposamena luzatu dute elkartekoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!