«Kostako da berriro horrelako lasterketa bat ateratzea»

Asier Imaz 2016ko eka. 29a, 13:44

Beroa, tximistak, trumoia, elurra, izotza, hotza... eta hotza. Helmugara iritsi eta konortea galdu zuen Aitziber Ibarbiak, baina, esan bezala, helmugara iritsi ondoren.

Aitziber Ibarbia (Zizurkil, 1977) Italian izan da. Ostiralean, kilometro bertikala zazpigarren postuan amaitu zuen, eta igandean, Livignon-en, Munduko Kopako hirugarren lasterketa, bigarren. Podiumean, lehen postuan Elisa Desco eta hirugarrengoan Megan Kimmel izan zituen lagun. Etxera atzo arratsaldean itzuli zen, eta oraindik, ezin sinistu zegoen zizurkildarra.


Handia egin duzu, Aitziber?
Kristorena; izugarria. Oraindik uste dut ez dudala barneratu.


Proba horietan euskaldunon erreferentzia Ohiana Kortazar izaten da, mundu mailan puntan ibiltzen delako. Zer gertatu zitzaion Tolosaldea 3 Tontorreko txapeldunari?
Ostiralean ez zuen oso bertikal txukuna egin. Hain gaizki ere ez zitzaion atera, baina, arnasa hartzea asko kostatzen zitzaiola esan zuen; eztulak atakatzen zion. Igandeko lasterketan, elkarrekin denbora dezentean joan ginen. Oso zona teknikoak zeuden, eta beldurrarekin bezala zebilen. Nik, egia esan, alpinismoa urte askotan egin dut; eta nahiko eroso sentitzen nintzen. Rapela, sokak erabili beharra… oso azkar moldatzen nintzen. Bera denbora galtzen ari zen, eta aurrera joango nintzela esan nion. «Bai, bai… Segi, hirugarren jartzen zara niri pasata. Eman Aitziber, oso ondo zoaz», esan zidan. Gero esan zidaten lasterketa utzi beharrean izan zela. Mina ere hartu zuen eroriko batean. Erorikoa, segurtasun falta hori, katarroa,…


T3T-n Kortazar bi minutura eduki zenuen Iruran. Sentsazio hori izugarria izan zela esan zenuen. Italian, harrapatu eta pasatu.
Jaitsiera tekniko horietako batean izan zen. «Oihana hemen doa, eta… Nahiko aurrean goaz, orduan», esan nion nere buruari. Irteeran nahiko atzera gelditu nintzen. Abiadura izugarrian atera ziren: «Nora goaz!», esan nuen. Gero zona teknikoan jendea pasa eta pasa hasi nintzen, Oihana harrapatu arte. Gora hasi ginen orduan, eta aurrea hartu zidan berriro, baina tarte txikia kendu zidan, eta eroso sentitzen nintzen. Berriro harrapatzean pasa egin nion, eta hirugarren jarri nintzen. Dena eman behar nuela esan nion nire buruari une horretan. Gero, bigarrena harrapatu nuenean: «Baina zertan ari zara!».  


Kimmel, beste lasterkari ospetsu bat.
Aizkorrin bigarrena egin zuen; emakume benetan gogorra. Berak ere zeharka begiratu zidan, esanaz: «Nondik azaldu da hau?». Ahal nuen guztian eutsi egin behar nuela pentsatu nuen une horretan, nahiz eta gero 20. postuan bukatu: «Egindakoa behintzat inork ez dit kenduko». Eta azkenean, bigarren amaitu nuen.


Oilo ipurdirik egon al zen lasterketan zehar?
Ez. Ez dago horretarako denborarik. Sufrimendu bat izan zen. Nik bakarrik dakit zenbat sufritu nuen. Hasieran bero izugarria egin zigun, eta gero, 3.000 metrotara igo ginenean, tximista, trumoia eta Aizkorriko hotza, berriz. Arropa soberan eraman nuen, eta dena jantzi arren, ezin berotu. Gorputzeko zati guztiak berotu nahian, dantzan bezala joan nintzen korrika, berotasun horretan sartzeko. Lau kilometroren faltan harrapatu nuen bigarrena, eta hura ere izugarrizko hotzez zihoan, gogor-gogor eginda. Ni ere bukaera arte herio batean joan nintzen.


Baldintza izugarriak izan zenituzten, beraz.
Bukatu eta gero parte hartzaileekin hizketan egon ondoren, denek gauza bera esaten zuten, karrera hain teknikoa baldintza horietan, oso gogorra izan zela. Elurra, izotza, rapelatzeko tokiak, sokak… 35 km-ko lasterketa bat egiteko 5 ordu behar izan genituen. Astakeria bat izan zen. Normalean hemen mutilek 3 ordu t'erdian egiten dute distantzia hori. Bada, han, lau ordutik gora ibili ziren.


T3T-n ere bigarren amaitu zenuen, zure marka 12 minutuan hobetuz. Egun hartan zure barnean mugaren bat puskatu zela ematen zuen.
Agian bai. Nire buruan konfiantza gehiago edo... Tolosan Oihana gertu ikusi nuen, eta Italian topera atera nintzen; arriskatzera. «Lehertzen banaiz zer egingo dugu ba» esanaz. Ondo atera zitzaidan, baina hurrengoa agian ez da horrela izango. Baina bai, nik uste T3T-k izan duela guzti honetan zerikusia.


Ea barneratu duzun: Munduko Kopako lasterketa, Italian, goi mailako parte hartzaileak,…
Handia. Amak ere iritsi berritan esan zidan: «Baina zer egin duzu? Irratian ez dago beste konturik, eta Zizurkilen kalera atera naizenean, denak zure alaba eta zure alaba besterik ez didate esaten». Askotan, agian, dena baino gehiago izaten da, edo agian ez. Ez dakit. Baina, bada garaia kirol honi ere bere lekua egiten joateko. Esfortzu handi bat dago atzean, eta kirol hauek ere merezi dute aitortza bat.


Gertatua gertatu, hankak lurrean izatea komeni da, ezta?
Hemendik hiru astera berriz Italiara goaz. Beste lasterketa gogor bat daukagu, hango ohitura den bezala. Hiru aste hauetan atsedena hartu nahi dut; lasai ibili, ahaztu dena, haurrekin egon… berriz ere dena ematera joateko. Kostako da berriro horrelako lasterketa bat ateratzea. Nire ustez egun bat izan da, den-dena ondo atera den egun bat: hotza egiten zuen, arropa neukan; sokak zeuden, ondo moldatu nintzen…


Aldi berean, orain ez zara hain ezezaguna. Nabaritu al duzu aldaketa hori?
Lasterketa bukaeran argazkilariak eta etorri zitzaizkidan e-mail eske, argazkiak bidaltzeko. Inork ez zuen nire helbide elektronikorik; ezezaguna nintzen. Elisa Desco irabazleak ere sare sozialetan bera jarraitzeko gonbidapena bidali zidan, ondoren. Ni badaezpada jarraitzen hasi natzaio. (Barreak)


Oraindik zure mugak ez dituzula ezagutzen ematen du.
Pixka bat harrituta bezala nire buruarekin, ezta? (Barreak)


Bere idoloekin lehian dabilen hasiberria bezala.
Bai, baina horrela da. Goitik beherakoan Megan ikusi nuenean bezala: «Ai ama! Megan da. Pasa egin behar al diot?». Ondotik pasatzean begiratu ere ez nion egin. Bukaeran bera etorri zitzaidan zoriontzera: Congratulations, congratulations, esanaz…


Ikustekoa izango zen bukaerako une horiek.
Ez dakit ba. Ni zorabiatuta iritsi nintzen. Eta egia esan, lurrera erori nintzen. Esnatu eta nire ondoan hogei mila aurpegi nituen. Medikuarengana eraman nahi ninduten… pixka bat kaotikoa izan zen bukaera.


Tentsioa jaitsi?
Baietz pentsatzen dut. Zutik jartzea ere kosta egin zitzaidan gero. Hotz handia, kalanbreak gorputz guztian…


Lasterketako azken kilometroa orduan…
Herrira iritsi eta 400 metro geratzen zirela jartzen zuen. «Oraindik?» esaten nuen. Pentsa, 35 km korrika ibili ondoren, 400 metrotan hori esatea. Uste nuen ziplo eroriko nintzela. Erdi balantzaka, atzera begiratu, eta inor ez: «Hau ere ez dator ederki». Amaiezinak egin zitzaizkidan. Gero irudiak ikusi ditut, eta ez irribarre, besorik jaso ere ez; ezer. Ahal zen bezala iritsi, bukatu, eta plast!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!