Haritza izango da

Tolosaldeko Ataria 2016ko abu. 22a, 18:15
Herriko jaietan, bozka emateko une bat

Herriko festetan bi egunetan egin zuen galdeketa Zizurkilgo Udalak, eta jakitera eman du emaitza. Gaur egungoa ordezkatuko duen zuhaitz mota haritza izango da. Plaza berritzeko lanak urte amaierarako hastea aurreikusten da.

90 boto jaso dituzte: 30ek haritzaren alde egin dute, 29k lizarra aukeratu dute eta 18k pagoa. Udalak jarritako 3 aukerez gain, artearen alde egin duten bi boto ere jaso direla adierazi du udalak.

“Emaitza estua izan da, iritzi ezberdinak agerian geratu dira baina batek behar du eta boto bategatik bada ere haritza nagusitu denez, berau jarriko da”, azaldu du Aitor Sarasua nekazaritza zinegotziak. Fraisoro nekazal eskolarekin hitz eginda egingo dituztela urratsak gaineratu dute.

Plaza berritzeko lanak, urte amaieran

Plaza berritzeko lanak urte amaiera aldera hastea aurreikusten du udalak. “Aurtengo aurrekontuetan diru partida bat sartu da, eta gainontzekoa hurrengo urtean jarriko dugu”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak. Udazken aldera, hau da, proiektua zehaztu bezain pronto herritarren aurrean aurkeztuko du udalak batzar batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!