«Kilometroak ez dugu antolatzen herriarentzat, herriarekin baizik»

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 29a, 09:30

Igandean ospatuko da Bergaran, Kilometroak 2016 festa, Demasa lelopean. Antolaketa mailan buru belarri dabiltza aurtengo jaia arrakastatsua egiteko. Guztien buru, Mikel Egibar (Zizurkil, 1963), Kilometroak jaiaren koordinatzaile orokorra.

Nolakoak izaten ari dira azkeneko egun hauek igandeko festa prestatzeari begira?

Mugituak. Baina, gure festak ez du zentzurik hedatzen ez badugu. Jai parte hartzailea bultzatu nahi dugu eta gure denboraren parte bat, zuentzat, hedabideentzat da.

Hitz gutxitan esplikatzeko, zer da Kilometroak jaia?

Azpimarratu behar da ikastolen aldeko jaia, jai erreibindikatiboa dela. Ez dugu perspektiba hori galdu behar. Kilometroak, Nafarroa Oinez edo Ibilaldia bezalako jaiek testuinguru ludikoa dute eta hori ondo dago, baina beti ere aldarrikapenerako ikuspuntua galdu gabe. Beraz, gure lehenengo aldarria beti izango da euskal hezkuntza, euskal kultura eta euskararen aldekoa. Bigarrenik, ondo pasatzeko egun bat da eta guk hori uztartu nahi dugu errespetuarekin, jai aske eta parekidea bultzatuz. Hori da gure nahia.

Zein da festa honen antolaketaren organigrama?

Urte batetik bestera, ikastola batetik bestera pasatzen da lekukoa. Tokian tokiko ikastola jai honetaz baliatzen da dirua lortzeko, gero inbertsio pedagogiko baten aldeko apustua egiteko. Urte osoa izaten dugu ekimenak egiteko. Ikastolaren inguruan dagoen komunitate hurbilari, ekimen kulturalak eta beste baloreen ingurukoak eskaintzeko baliatzen da urtea. Egia da, urriko lehenengo igandearekin egiten den jaia dela ezagunena eta egun hori osatzen da boluntario armada handi batekin. Boluntario gabe ez legoke jairik. Esate baterako, 1.500 pertsona inguru mugituko dira igandean Bergaran. Hau da jaiaren benetako dimentsioa. Kilometroak ez dugu antolatzen herriarentzat, herriarekin baizik. Jai hau, bere jatorritik ekimen herrikoia da eta hala izaten jarraitzen du gaur egun. Hori da galdu nahi ez dugun perspektiba.

Aurten, bereziki, Kilometroak jaiari balio erantsia eman nahi izan diozue eta hainbat arlotan parte hartze prozesuak jarri dituzue martxan.

Harremanetan jarri gara, hemen Bergaran dauden gizarte eragile guztiekin eta ikusi dugu bakoitzaren konpromisoa zenbatekoa den jai honetan parte hartu eta urte osoko ekimenetan inplikatzeko. Azpimarratu behar dugu proiektu bat, parte hartze dinamika gainditu eta benetan autogestionatua izan dena: Haurren basoa. Tonucciren pedagogiak dio umeek hirian espazio bat izan behar dutela, beraiek diseinatua. Hori azken muturreraino eramanda, umeek gune bat diseinatzeko aukera izan dute. Beraiek antolatu dute espazioa eta beraiek erabaki dute bertan egin beharreko aktibitateak zeintzuk diren. Proiektu hori gure harribitxia izan da.

Herri eragileen eguna ere antolatu zenuten. Zer helbururekin?

Modu batera edo bestera jai honen alde lanean jardun duten eragileak omendu nahi izan genituen. Ekainaren lehen astean egin genuen, eragile guztiak elkartu eta jai giroan pasa genuen goiza. Bere gune naturaletik, ekarpena egin diote ikastolen aldeko jaiari eta herri eragileen eguna horren isla izan zen.

Aspacerekin ere egin duzue elkarlana.

Zirkuituaren diseinua beraiekin batera egin dugu. Gurpildun aulkian egin ahal izango da bost kilometroko ibilbidea. Baina harago joan nahi izan dugu eta aurten, bereziki, aniztasunari eman diogu garrantzia. Aranzadi ikastolak, urratsa eman du konfiantzaren pedagogia delakoan eta horrek izango du bere oihartzuna igandeko festan. Kontua ez da, elbarriak kasu honetan, errealitatean integratzea, baizik eta onartzea errealitatea bera anitza dela eta pertsona guztiek izan behar dutela errealitate horretan parte hartzeko aukera.

Kilometroakek ez da egun bateko makro-jaia bakarrik, festa honek uzten du halako arrasto bat antolatzen den herrian. Helburu ekonomikoarekin batera, badago helburu sozial bat?

Aurten martxan jarri dugu Kilometroak Bidea deitutako prozesua, hain justu, horren inguruko hausnarketa egiteko. Ikastolen aldeko jaia, ikastolek antolatzen dute, baina esan liteke, ia kapital sozial batean bihurtu dela. Neurri batean, festa ez dago ikastolen eskuetan, euskal jendartearen eskuetan baizik. Aurten 40. edizioa ospatuko da eta iraganetik datorren ondasun hori guztia eztabaidara eraman nahi dugu eta aztertu zein punturaino ari garen zuzen jokatzen. Gure kezkak ditugu eta kontziente gara dikotomia bat bizi dugula: alde batetik kontsumoa bultzatzen ari gara, jai honen atzean badagoelako etekin ekonomikoaren helburua; baina bestetik, gure eremu naturala pedagogia da eta zalantzarik gabe aisialdi pedagogiko bat bultzatu nahi dugu. Nola konpondu dikotomia hori? Ez da erraza. Hori argitzeko prozesu zabal bat abiatu dugu, patxadaz egin nahi duguna eta ikuspegi soziologiko batetik festa honetan eman diren aldaketak aztertuko dituena, gero zein doikuntza egin behar diren erabakitzeko. Hemendik hiru lau urteetara eredu berri bat eskaintzeko moduan egongo gara.

Badaude zehar-lerro batzuk lantzen ari zaretenak azken urte hauetan: iraunkortasuna, parekidetasuna, inklusibotasuna, aniztasuna...

Bai, zalantzarik gabe, urtetik urtera baloreak metatzen joaten dira. Baina argi dago, jendarte baten barruan kokatzen garela, eta jendarte horrek bere arauak eta presioak dituela. Une honetan gure kezka handiena da, zer ari garen egiten ludikotasunarekin. Gazteak, kontsumitzaile soilak izan gabe, aktibo izateko zein paper joka dezaketen aztertu nahi dugu. Parte hartzaile integralak behar ditugu.

Aurten, 40. edizio izanik, zerbait berezia egingo al da?

Martxan jarri dugun eztabaida prozesuaren barruan, artxibo historiko bat prestatu dugu. Erakusketa fisiko bat antolatu dugu eta horrekin batera, www.kilometroakbidea.eus web gunea. Prozesuak ematen dituen emaitzen arabera hornitzen joango da. Horrekin batera, www.kilometroak.eus helbidean, festaren antolaketa, igandean Lur Lanek eskainiko duen bazkarirako izen emateko aukera eta informazio praktikoa topa daitezke.

Iganderako nora jo eta zer ikusteko gomendioa luzatuko zenuke?

Esango nuke, zirkuituaren ikuspegia ez genukeela galdu behar. Kilometroen funtsa hori izan da betidanik. Euskal hezkuntza eta ikastolekiko konpromisoa dago ibilbidearen atzean. Kontsumoa oso programatua dela ikusten dugu, eskuorria hartu eta jendeak nahi duen gunera jotzen du, nahi duen ikuskizuna ikustera. Joera hori aldatu eta zirkuitu osoari ekiteko gonbita luzatzen dugu, beraz. Eta gero, euskal musika ardatz hartuta kontzertu asko egongo dira. Konpromiso horrekin bat eginez, Doctor Deseok euskara hutsez eskainiko du emanaldia igandean, adibidez. Euskal jolas eta jokoak ere egongo dira, eta 300 gazte egongo dira egun osoan, Erronka izeneko frogetan.

Eta zuk nola biziko duzu igandeko festa?

Alde batetik, lasai biziko dut, egin beharreko lana eginda dagoelako eta baldintzak betetzen direlako. Koordinatzaile gisa dagokidan arduragatik jarraipen osoa egingo diet batzordeei eta dauden gabeziei eta konpondu beharreko detaileei aurre egingo diet. Bulego zentral batean egongo naiz eta handik irrati bidez, zirkuitu osoa kontrolatu ahal izango dugu. Edozer dela gertatzen dena, minutu batean edo bitan, ibilbideko edozein puntutan egon ahal izango gara; antolakuntza izugarria da. Guk lan egingo dugu egun lasaia eta alaia izan dadin. Eguraldiak ere lagunduko omen du eta gure helburua jendea etxera oroimen goxoarekin itzultzea da, proiektu bat indartu duenaren sentsazioarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!