​​Jokin Eizmendi izan da txapeldun, XVI. Gorostidi Harria Txapelketan

Leyre Carrasco 2024ko mai. 5a, 21:46

Gorostidi Harria Txapelketaren XVI. edizioa izan da jokoan gaur Adunako pilotalekuan, eta aurtengoan ere Eizmendik jantzi du txapela, minutu bat eta 38 segundoko denborarekin.

Puntako zazpi harri-jasotzaile aritu dira gaur lehian txapelaren bila, baina hasieratik faborito zen Jokin Eizmendik jantzi du hirugarrengoz jarraian. Partaideek bost harri ezberdinekin aritu dira lanean, eta harri bakoitzeko bi altxaldi egin behar izan ditu bakoitzak. Hamar jasoaldiak azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu du Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 38 segundoko denborarekin; iazko urtean baino 17 segundo gutxiagorekin amaitu ditu lanak aurten, errekorra lortuz.

Atzetik Mikel Urra izan du, minutu bat eta 51 segundoko denborarekin. Hirugarren postuan Gari Garmendia sailkatu da, hiru minutu eta 20 segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Aimar Galarraga sailkatu da, lau minutu eta 22 segundoko denborarekin. Sergio Mielgok eskuratu du bosgarren postua, bost minutu eta segundo bateko denborarekin. Gorka Etxeberriak egin du seigarren, bost minutu eta 29 segundoko denborarekin. Azken postua, berriz, Alex Merlorentzat izan da, bederatzi minutu eta 25 segundoko denborarekin.

Iñaki Gorostidiren erronka

Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; eta aurtengoan ere bi izan dira, Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituenak. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzea, eta bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Azken erronka egitea lortu dute Eizmendik eta probaren erdibidean geratu da Garmendia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!