Dena irabazita pasa da finalerdietara Artola

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 4a, 19:17

Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako partida jokatu du alegiarrak Zabalaren aurka eta 22-8 irabazi du.

Nagusitasunez irabazi du Iñaki Artolak Labrit pilotalekuan jokatu den Buruz Buruko Txapelketako partida Jabier Zabalaren aurka. Horren adierazle emaitza, 22-8 alegiarraren alde.

Ondorioz, eta oraindik finalaurrekoetan ariko diren pilotariak zehazteke Artola multzoko lehena da, partida guztiak irabazita.

41 minutu iraun duen partida tentsio handiarekin hasi da. Artola jarri da aurretik lehen tantoan, eta ondoren bana berdindu du Naiarakoak. Alegiarra hirugarren tantoraino joan da, baina Zabalak hiruna berdintzea lortu du. Hortik aurrera, ordea, Artola nagusitu egin da, eta 12 tanto jarraian egin ditu. 

Zabala saiatu da, baina ezinean aritu da. Tanto bat egin du Zabalak eta Artolak beste hiru batu ditu. Beste bi egin ditu Zabalak markagailua 6-18 jarriz. Artolak beste bi tanto egin ditu, eta ondoren Zabalak beste bi, 8-20. Zabalak ez du tanto gehiago egiterik izan, eta Artolak azken biak egin ditu.

Indartsu aritu da alegiarra, Zabala txiki utziz, eta bereziki sakean min handia egin du. Partidaren bukaeran esan duenez, gauzak garbi zituen hasieratik, eta buruak eta gorputzak ondo erantzun diotela azaldu du: «Nuen guztia eman nahi nuen eta lortu dut, eta oso gustura nago horregatik».

Azken asteetan bere burua ondo aurkitzen duela adierazi du, konfiantzaz, eta horrela iritsi nahi duela finalaurrekoetara: «Bi aste ditut orain prestatzeko, beraz, ondo iritsi beharko nuke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!