Joan den asteko ostiralean piztu zen sutea Goiazko ostatuan. Suhiltzaileak bertaratzerako «kalte handiak» eragin zituen suak eraikineko hainbat eremutan: tabernan, jatetxean eta etxebizitzan; sua ez zen alboko eraikinetara pasa.
Gaur goizean bertaratu dira teknikariak, aseguru etxeetako langileak eta ertzainak, eta horien txostenak argituko luke nola sortu zen ezbeharra. Juan Inazio Zinkunegi Bidania-Goiazko alkateak azaldu du «txostenen zain» daudela, eta ondoren erabakiko dutela udaletxetik «zenbat eta nola» emango duten. Dena dela, eraikina berreskuratzeko intentzio «oso-osoa» dutela ere nabarmendu du: «Aurrera begira ez dago zalantzarik hau bere onera ekartzeko eginahalak egingo direla, atzera lehen zegoen bezala uzteko».
Haren hitzetan, «inpaktu handia» izan du gertakariak herrian, eta «luzerako» joango da: «Kalte materialak, esan gabe doa, larriak direla; baina, horrez gain, balio handiko eraikina da: garai batean Goiazko udaletxe ere izan zen. Herrian kalte izugarria sortu du honek, bai materiala, bai morala».