Korrika pasatu da

Aurtengo Korrika-ren esperoan. I.T.

Korrika pasatu da; ziztu batean pasatu eta konturatzerako Baionara iritsi da. Hamaika egun eta gau korritzeak esfortzu handia eskatzen du askoren aldetik, baina konturatzen garenerako Korrika pasatu da.

Milaka eta milaka pertsonek —eta beste animalia batzuk— emozioak eta konpromisoak bultzatuta, Baionarainoko bidea ireki dute Korrikaren alde, euskararen alde. Nork esango zien lehen edizioa diseinatu zutenei Korrikak horren modan dauden formatu iragankor supermodernoa izango zuela, egungo bizitza likidoaren isla, non dena itsaspen handiegirik gabe jariatzen den.

Korrika ekintza kolektiboa da, parte hartzen duten pertsona adina emozio eta sentimendu eragiten dituena. Kolektiboa, denok lasterketa jarraitu bakar baten parte garelako, eta pertsonala, bakoitzak Korrikaren inguruan bere kosmosa eraiki duelako: Korrika ulertu zuen urtea, parte hartu zuen lehen lasterketa, parranda ostean korritu zuena, debekuz betetako urteak… milaka bizipen eta istorio Korrikaren inguruan. Korrika gure adierazpen kultural eta politikoaren zati bihurtu dela jakina da. Korrika ekimen arrakastatsua da, batzen gaituena eta euskaldunon autoestimu baxurako aldarrikapen alai, atsegin eta aringarri bihurtzen dena. Indartu egiten gaitu. Bide malkartsuan aurrera egiteko energiaz betetzen gaituen iturria delako. Bi urte ditugu arrakasta amortizatzeko, errudun sentitu gabe edo gure hizkuntza defendatzeagatik zor sentitu gabe.

 

«Pasatu da Korrika eta esperientzia dastatzen jarraitu nahi dut oroimenaren biltegian gorde aurretik, aurten ikasleak izan baitira lekukoa eman dutenak»

 

Pasatu da Korrika eta esperientzia dastatzen jarraitu nahi dut oroimenaren biltegian gorde aurretik, aurten ikasleak izan baitira lekukoa eraman dutenak. Ez da ohore hau dagokien lehen urtea, halere, balio berezia eman nahi diot aurtengo ordezkaritzari. Gure ikastolan askotariko formazioak eskaintzen ditugu, horien artean, langabetuei zuzentzen zaizkienak. Ikastaroak eta ikasleria askotarikoa izanik, emakumeen presentzia nabarmena da. Ikasle horien artean badaude ogibide duin bat lortzeko esperantzarekin euren lurraldeak utzi eta guregana etortzen direnak. Nagusiki zaintza sektorean arituko dira, beraz, gure adinduen sostengua eta asistentziaz arduratuko diren langileak izango dira. Beharbada jakingo duzue, baina badaezpada ere azpimarra jarri nahi dut egiten duten esfortzuan, ez baita erraza, euren bizimodua atzean utzita, abiatzen duten migrazio-proiektuari ekitea. Askorentzako formazioa jasotzea luxu bat da; izan ere, ikasten ari diren bitartean ezin dute lanik egin, edota, euren lana ordezkatzeko beste kide bati euren soldatatik ordaindu behar diote. Ikastaro hauetan, euskarara hurbiltzeko aukera izaten dute ere. Udala eta euskaltegiaren laguntzarekin, zaintza lanean arituko diren ikasleei euskarazko oinarrizko nozioak modu boluntarioan jasotzeko aukera eskaintze zaie. Harrituko zinatekete ekimenak duen arrakastarekin. Ikasleak jabetzen dira euskarak lanerako duen garrantziaz, baina ez da hori arrazoi bakarra, gure kultura eta ohituretara eta euskal izaerara eta izakietara hurbiltzeko ahalegina ere bada. Aurten ikasle horiek Korrikaren lehenengo oroitzapena gordetzeko aukera izan dute. Korrikako lekukoa eraman duen ikasletariko batek esaten zigun bezala: «Uzten badiguzue gu egon nahi dugu, egoten lagundu behar diguzue ordea».

Hartutako hainbat erabaki judizial euskara gaitzetsi dute, gizabanako batzuek salatutako ustezko diskriminazio-egoerengatik. Lawfareren estrategia ezaguna milaka pertsonen aurka abian jarri da, herri oso baten eskubideak kolokan jarriz, baita gure herrialdeko kide berrienenak ere. Horrela, korrika egiten jarraitu beharko dugu, euskara elementu integratzaile eta adiskidetzaile gisa duen ziurtasun eta zilegitasun guztiarekin arekin.

Ahaztu baino lehen, Maiatzaren 1a izan da, eta hau ere pasatu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!