ELKARRIZKETA

«Tratatzen ditudan pertsonak ondo egon daitezen, nik ondo egon behar dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 4a, 07:59

Leirje Ezkerro Garmendia Eibar futbol taldeko fisioterapeuta. J.A.D.

Onenen artean egoteko, eta lesioak ekiditeko, kirolarientzat garrantzitsua da osasuntsu egotea, eta gorputza ondo zaintzea. Horretarako, ezinbestekoak dira fisioterapeutak. Eskualdean asko daude, baina gutxi aritzen dira kirolari profesionalekin. Hori da Leire Ezkerro tolosarraren kasua. Emakumezkoen Eibar futbol taldean aritzen da bera.

Txikitatik kirol zalea da Leire Ezkerro (Tolosa, 1997), eta kirol asko praktikatu izan ditu, batez ere, atletismoa. Familia futbol zalea da berea, eta fisioterapia ikasketak burutu ondoren, argi zuen bi arloak uztartuko zituen lanbide bat nahi zuela. Gaur egun, emakumezkoen Eibar futbol taldeko fisioterapeuta da. Eibar iaz igo zen lehen mailara, eta denboraldi honetan, azken bost partidatan 8 puntu lortu ditu. 5 jardunaldiren faltan, 6 puntuko aldea du jaitsiera postuekiko.

Zer moduz doa denboraldia?

Oso ondo. Taldearen helburua argia da, maila mantentzea. Iaz lortu zuen Lehen Mailara igotzea, eta aurtengo denboraldia espero genuena baino hobea izaten ari da. Jaitsiera postuetatik kanpo gaude; gainera, denboraldi osoan ez gara postu horietan egon. Espero dugu liga amaitu arte horrela jarraitzea. Hala ere, lehia oso estua izango dela aurreikusten dut.

Joan gaitezen denboran atzera. Argi zenuen fisioterapia-ikasketak egin nahi zenituela?

Argi nuen osasunarekin zerikusia zuen arlo batean egin nahi nituela ikasketak. Kontua da, atletismoa praktikatzen nuenean, aldakako lesio bat izan nuela, eta medikuek ez zuten asmatzen zein zen benetako arazoa eta nola egin niezaiokeen aurre. Fisioterapeuta asko bisitatu nituen, eta horrela hasi zen nigan interesa pizten. Torrelavegan (Kantabria, Espainia) egin nituen fisioterapia-ikasketak, lau urtez. Azken ikasturtean, kirol munduan espezializatu nintzen. Ikasketak amaitu nituenean jabetu nintzen ikasten jarraitu nahi nuela.

 

«Ikasketak amaitu nituenean jabetu nintzen ikasten jarraitu nahi nuela»



Torrelavegatik Tolosara itzuli nintzenean, Gipuzkoako bi futbol taldetan aritu nintzen lanean, Andoaingo Euskaldunan eta Ordizian. Gero, koronabirusaren pandemia heldu zen eta dena geldiarazi zuen. Orduan, Kirol Arloko Entrenamenduaren Optimizazioko eta Berregokitzapeneko Masterra egitea erabaki nuen, Sevillan (Andaluzia, Espainia). Entrenamenduen inguruan gehiago ikasteko gogoa izan dut beti, eta horregatik hartu nuen erabaki hori.

Hiru urte egin ditut Sevillan. Lehen urtean masterra egin nuen, eta ondoren, fisioterapia arloko ikasketa gehiago egin nituen, baita ikastaroak ere, eta ekografietan espezializatu nintzen. Aldi berean, klinika batean aritu nintzen lanean, lesioak zituzten kirolariak tratatzen. Zoragarria izan zen. Kirol munduko profesionalez inguratuta egon nintzen lanean, hala nola, psikologia, elikadura edo fisioterapeuta arlokoak, eta beraz, guztiengandik ikasi nuen zerbait. Elkarrekin lan egitea oso aberasgarria izan zen. Pertsona bat ikuspuntu desberdinetatik aztertu eta tratatzeko aukera izan nuen.



Osasunarekiko interesa ez ezik, kirolarekiko ere handia duzu, ezta?

Txikitatik kirol zale amorratua izan naiz. Gurasoek, futbola, eskubaloia, judoa, igeriketa edota atletismoa praktikatzera bultzatu izan gaituzte nire anaia Ander eta biok. Bera eredu bat da niretzat. Beti eraman izan nau bere lagunekin futbolean jokatzera, eta nire zaletasunaren errudun handietako bat da.

Oker ez banago, Master Amaierako Lana hemen egin zenuen, Realeko emakumezkoen taldean.

Masterra Sevillan egin banuen ere, praktikak Realean egiteko aukera izan nuen, 2020-2021 denboraldian. Esperientzia oso ona izan zen. Ordura arte, inoiz ez nintzen talde profesional batean egon, eta Realean egon nintzenean jabetu nintzen zer zen benetan gustatzen zitzaidana, futbol talde batean lanean aritzea.

Orain Tolosan bizi zara. Sevillatik itzuli zarenetik, gertukoen dei gehiago jasotzen dituzu zure zerbitzuak eskatuz?

Beti jaso izan ditut deiak, baita Torrelavegan ikasten ari nintzenean ere, baina orain etxera itzuli naizenean, gehiago. Konfiantzazko pertsona naiz beraientzat eta nigana jotzen dute behar bat duten aldiro. Badakizu, errementariaren etxean, zotza burduntzi.

Hala ere, profesionalki, Eibarren ari zara lanean.

Bai. Hala ere, gaur egun ere ikasten jarraitzen dut. Kirol psikologiari eta coaching-ari buruzko beste master bat egiten ari naiz. Beti izan dut irrika psikologiari lotuta lan egiteko, eta orain, lanbidearekin batera egin ahal nuela ikusi nuenean, ikasten hastea erabaki nuen.

Eta nola heldu zitzaizun Eibar taldean aritzeko aukera?

Sevillan hiru urte egin ondoren, Tolosara itzultzea erabaki nuen. Ez zen erabaki erraza izan, lana utzi nuelako eta oso gustura nengoelako bertan, baina hala egin behar nuela sentitu nuen. Hona etorri eta hiru astera, emakumezkoen Eibar futbol taldeko ordezkarien deia jaso nuen. Ospakizunetan zeuden, Lehen Mailara igoera lortu ondoren. Mediku taldea osatu nahi zutela eta, fisioterapeuta izateko eskaintza egin zidaten. Ni etxean nengoen, amarekin, eta ezin nuen sinetsi. Sorpresa ikaragarria izan zen, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Oso argi nuen errendimenduari lotuta lan egin nahi nuela, klinikan bizi izandako esperientziengatik. Gogo handia nuen. Orain, nire betiko helburuetako bat betetzen ari naiz.

Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Oso pozik nago. Harro sentitzen naiz egiten ari naizen lanarekin, eta ilusioz ari naiz bizitzen etapa hau. Egia da sakrifikatua dela, ordu asko igaro behar izaten ditudalako, eta gainera, asteburutan ere lan egin behar dudalako, baina merezi du. Gozatzen ari naiz.

Izan ere, entrenamenduetara ez ezik, partidetara ere joaten zara.



Bai. Fisioterapeuta bakarra naiz. Beste talde askotan bi edo hiru izaten dira. Ondorioz, partida guztietara joatea egokitzen zait.

Etxetik kanpo egun asko igarotzea ez da erraza izango, ezta?

Ez. Astebururo izaten dugu partida, eta bi astez behin, ia asteburu oso bat igarotzen dut etxetik kanpo. Egoera horri aurre egitea ez da hain zaila niretzat, baina ondoan dituzunekin, senide edo lagunekin, gutxiago egotea edo denbora partekatzeko aukera handirik ez edukitzea gogorra da.

Zeintzuk dira fisioterapeuta batek futbol talde batean egin beharreko lanak?

Futbol talde bat oso handia da. Bertan sartu arte, ez zara kontziente dagoen lan guztiaz, bulegoetatik hasi eta zelaira bitarte. Nire kasuan, zeregin asko izaten ditut. Entrenamenduak hasi aurretik, galdetegi bat betearazten diegu jokalariei, lo nola egin duten, zer moduz sentitzen diren eta nekatuta dauden ala ez jakiteko. Erantzunen arabera, entrenamendu saioa moldatzen dugu, prestatzaile guztiok elkarlanean. Entrenamendua baino lehen, jokalariak tratatzen ditut, batez ere, behar handiena dutenak edo minduta daudenak. Taldean min hartutakoren bat badago, taldearekin entrenatzen ari ez dena, berarekin egoten naiz saioan zehar. Ni egoten naiz beraiekin lesioen lehen faseetan, errendimendu handiagoko saioak egin behar dituzten arte. Azkenik, entrenamenduak amaitu ondoren ere tratatzen ditut jokalariak; batzuek, taldeko saioaz gain, bakarkako lanak ere izaten dituzte, eta horien jarraipena egin behar izaten dut.

Oso ondo ezagutzen dituzu zure taldeko jokalarien nahiz gertukoen gorputzak. Baina norberarena ondo ezagutzea ere garrantzitsua da.

Noski! Ondo ezagutzea, eta ondo zaintzea. Tratatzen ditudan pertsonak ondo egon daitezen, nik ondo egon behar dut. Ezinbestekoa da hori. Sevillan jaso nuen ikasgai handietako bat izan zen norbere burua ondo zaintzea. Gure bezeroei eskatutakoa guk ere bete behar dugu, bestela, zer eredu mota gara? Osasuntsu egoteko eta oreka bat izateko, beharrezkoa da atal guztiak lantzea, bai fisikoki, bai mentalki, baita nutrizionalki ere.

 

«Osasuntsu egoteko eta oreka bat izateko, beharrezkoa da atal guztiak lantzea»



Zer da ezinbestekoa fisioterapeuta izateko?

Ikasketak edukitzeaz gain, bezeroari entzutea eta enpatia izatea; askotan behar izaten dute hori. Minduta etortzen dira, eta zure iritzia entzun nahi dute. Garrantzitsua da bezeroarekin komunikazioa izatea. Horrez gain, ezinbestekoa da egiten duzun lana gustura egitea, anbizioz, ez fisioterapian bakarrik, edozein lanbidetan baizik.

Zer ematen dizu zure ofizioak?

Oso gustuko dut, eta pertsonalki gauza asko ematen dizkit. Jokalari edo bezero askok pentsatzen dute lagungarri naizela beraientzat, baina askotan beraiek ere laguntzen naute ni. Hori oso polita da.

 

«Jokalari askok pentsatzen dute lagungarri naizela, baina askotan haiek laguntzen naute ni»



Presio handia izaten duzu futbolari profesionalekin ibiltzeagatik?

Beti izaten dut presio puntu bat, batez ere, jokalari garrantzitsuren bat min hartuta dagoenean. Partia jakin baterako prest egon behar duela esaten badidate, hala izan behar du. Nire kasuan, zorte handia dut, entrenatzailearekin harreman ona dudalako, eta nire iritzia kontuan izaten duelako. Hori ez da beti gertatzen. Hala ere, uste dut beharrezkoa dela presio hori. Jokalariei ahalik eta errendimendu altuena eskatzen badiegu, guri zergatik ez?

Nola bizitzen da emakumezkoen futbola talde baten barrutik?

Indarra hartzen ari da. Duela hamar urte utzi nion futbolean jokatzeari. Batzuetan ez gara kontziente hamarkada honetan gertatu den guztiaz. Aurrerapauso handiak eman dira, eta gaur egun, zaleen artean emakumezko futbolariak eredu dira. Lehen ez zen hala, edo gizonezkoak bakarrik izaten ziren. Hala ere, oraindik asko dago hobetzeko.

Arlo fisikoan desberdintasun handiak izaten dira gizonezkoekin alderatuta. Zuk, fisioterapeuta izanda, nabari duzu?

Bai. Lehen esan bezala, gizonezkoen taldeetan aritu nintzen. Guztiz desberdina da, elkarren artean desberdinak garelako, bai mentalki, baita fisikoki ere, hormonalki. Entrenamenduak antolatzeko orduan ere ez daukate zerikusirik batzuen eta besteen lan saioek. Desberdintasun hauek guztiak ez dira hoberako edo txarrerako; desberdinak gara, eta kito.

Zein izango dira etorkizunerako zure erronkak?

Pasa den udan, urtebeterako kontratua sinatu nuen Eibarrekin, ez nekielako gustuko lanbidea izango zen ala ez. Bizitako esperientzia, eta ikasten eta gozatzen ari naizena kontuan izanda, jarraitzea gustatuko litzaidake. Futbol munduan ikusten dut neure burua. Hori bai, une honetan, maila mantentzea eta jokalariak osasuntsu izatea dira nire erronkak.

Lanbide honetan jarraitzea espero duzu?

Futbolak erakutsi didan gauzetako bat momentua bizitzea da. Horretan saiatzen naiz. Egia da gehiago ikastea gustatuko litzaidakeela, psikologiaren inguruan batez ere, eta lan munduari dagokionez, daramadan ibilbideari jarraipena ematea gustatuko litzaidake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!