Chicagoko legenda bat, hogei urte beteko dituen Tolosandblues jaialdian

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 3a, 17:58

Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra izango da aurtengo izarretako bat.

Bi hamarkada beteko ditu aurten blues doinuen eta zaletuen topagune den jaialdiak; ekainaren 27tik 30era ospatuko da, eta artista batzuek baieztatu dute bere presentzia.

2005. urteaz geroztik ospatzen da, sanjoanen ondoren, Tolosandblues Jaialdia. Blues doinuen eta zaletuen topagune ez ezik, erreferentziazko hitzordu bilakatu da, urtetik urtera, herriko panorama kulturalean. 

Bada, 2024ko jaialdiak badu dagoeneko data: ekainaren 27tik 30era ospatuko da. Aurtengoa, baina, jaialdi berezia izango da, Tolosandbluesek 20. urteurrena beteko baitu.

Azken bi hamarkadatan datu aberats bezain adierazgarriak utzi ditu Tolosandblues jaialdiak. Guztira, 168 emanaldi eskaini ditu, herriko 12 txokotan. Orotara 80 blues egun izan dira, 20 urtetan zehar.

Aurten, aspaldiko lagunak

20. urteurren honetan, urte hauetan guztietan egindako lagunak bilduko ditu jaialdiak, inguruko artistak eta nazioartean ospe handia dutenak. Maila altuko emanaldiak izango dira, beste behin ere.

Presentzia baieztatu duten lehen artisten artean dira, besteak beste, Noa & The Hell Drinkers, Star Blues, Ander Zubillaga edota Joan Pau Cumellas Band. Chicagoko legenda bat ere izango da. Egitaraua bere osotasunean ekainean emango dute ezagutzera.

Horrez gain, jaialdiaren irudi berria ere sortu dute aurten, 20 urte hauetako ibilbidea islatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!