Zumardiaundia zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 3a, 15:49

Zumardiaundian ikuskapen guztiak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta arriskurik ez dagoela azaldu dutela esan du Tolosako Udalak. Hortaz, berriro ere zabaldu dute itxitako eremua.

Hormigoi puskak erori ziren pasa den astean, A-1 autobidearen zubitik Zumardiaundira, eta segurtasuna bermatzeko errepide azpitik igarotzen diren bideak itxi egin zituzten oinezko eta bizikletentzat. Tolosako Udalak jakinarazi duenez, foru aldundiko teknikariek egin dituzte egin beharreko ikuskapenak, eta arriskurik ez dagoela ziurtatu dute. Ondorioz, itxitako eremua berriz ireki du udalak.

Bestalde, astelehenean ibilgailuak ezingo dira Tolosako Nafar Zubitik pasa, izan ere, zubiaren ikuskapen lanak egingo dituzte. Oinezkoek aldiz pasa ahal izango dute. 08:00etatik aurrera egongo da itxita, eta lanak arratsaldera arte luzatzea aurreikusten dutela esan du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!