Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeak 100 urte betetzen dituzte aurten, eta urteurren borobilaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horien artean, asteburu honetan, hilaren 27an eta 28an, 100 urte 100 mendi lelopean, Euskal Herriko 100 elkarte baino gehiagok Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Nafarroako 100 tontor igoko dituzte.
Bi federazioen baitako elkarteetako kideek aldi berean igoko dituzte gailurrak, eta horietan argazkiak egingo dituzte, aurrez banatu dizkieten mendiurrena-ren banderarekin. Federazioetatik esan dutenez, 108 elkartek hartuko dute parte ekimenean: 38 Nafarroakoak, 30 Bizkaikoak, 25 Gipuzkoakoak, 14 Arabakoak eta 1 Ipar Euskal Herrikoa. Bada, pozik daude izan duen harrerarekin: «Onarpena bikaina izan da. Oso jarduera polita da, kluben jarrera ona ikusi dugu, eta horregatik, asteburu polita izango dela uste dugu».
Euskal Herriko geografiaren gailur guztiak biltzen dituen mapa bat banatu diete elkarteei, eta esperientzia «are gehiago hilezkortzeko asmoz», fitxa bat ere eman diete, igoera xehetasun guztiekin erregistratu ahal izateko.
Hainbat dira ekimenarekin bat egin duten Euskal Mendi Federazioaren barruan dauden eskualdeko elkarteak. Alpino Uzturreko kideak, esaterako, Uzturrera igoko dira larunbatean, eta bertan egingo dute taldeko argazkia, 11:00etan. Horretarako, 09:30ean egin dute hitzordua, Santa Klaran.
Oargi mendi elkarteko kideek iganderako, hilaren 28rako egin dute hitzordua. Auza mendira igoko dira, Erratzu herritik abiatuta, ibilbide zirkularra eginez. 6-7 orduko ibilaldia izango dela aurreikusi dute. Tolosako Usabal kiroldegitik abiatuko dira, 07:00etan.
Amasa-Villabonako Aizkardi elkarteko kideek ere, iganderako egin dute hitzordua. Zuberoara joango dira, eta Etxekortea (1.204m) gailurra igoko dute. Aralarko adiskideak elkarteko kideak, bestalde, Balerdira joateko plana egin dute.
OMENALDIA
40 urtetik gorako ibilbide jarraitua duten federatu gipuzkoarrek omenaldia jasoko dute bihar federazioaren eskutik. Tolosako Leidor aretoan izango da ekitaldia, eta bertan urrezko intsigniak banatuko dituzte.