"Jarrera etikoari buruzko begirada pesimista da nobela"

Jon Miranda Labaien 2014ko mai. 10a, 20:00
Haur literaturan egindako lan zabalarengatik ezaguna da Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956). Helduentzako poesia liburuak eta aforismo bildumak idatzi izan ditu. 2005ean argiratu zuen bere lehen eleberria, 2009an bigarrengoa eta hirugarrena du Zangotraba nobela. Erein argitaletxeak kaleratu dio

Bizitza doblea darama eleberriko protagonistak. Aduanetako langilea da Joxe eta detektibea Juan Fernandez, maitasun kontuetan espezializatua. Juan Kruz Igerabidek trantsizio garaian eta Irunen kokatu du bere azkeneko lana.

Hirugarren nobela duzu. Zure literatur ibilbidean zein toki betetzen dute eleberriek?
Nire produkzioari begiratzen bazaio, nire lanen artean nobelak askoz gutxiago dira. Nik helduentzat mantsoago idazten dut. Nire buruari, nire belaunaldiari eta asko markatu ninduen garai bati begira idatzi ditut hiru nobelak. Hiru ikuspegi desberdin. Historiari begiratzeko prisma horretan, leiho txiki bat aukeratu dut. Historiatik kanpo geratu diren bizipenak, sentipen zenbait ekarri ditut. Eta horri gero fikzioa gailentzen zaio. Ez da nire ikuspegi pertsonala bakarrik. Hor agertzen diren pertsonaia askorekin ni ez nago ados, baina iruditzen zait haien ekarpena ere interesgarria dela.

Hauts bihurtu zineten, Elurra sutan, eta orain Zangotraba. Azkeneko honek besteekiko zein desberdintasun du?
Azkeneko hau, garai berera itzultzen da, baina ikuspegi umoristikoagoa du. Aldi berean mingotsagoa ere bada, umore absurdoa du etengabe liburuak. Oraingo honetan hurbilketa ez da hain sentimentala, aurrekoetan baino pisu gutxiago du horrek. Tragikomedia deitu diezaiokegu. Tragedia horretan, zein barregarri moldatzen garen gizakiok, zenbat baldarkeria… ikuspegi horretatik abiatu naiz liburua idazteko.

Zeinen ikuspegian jarri zara Zangotraba idazteko?
Hauts bihurtu zineten hura iniziazio nobela bat zen. Bigarrenean, berriz, kontzientziaren apurketa bat kontatzen zen. Eta oraingo honetan berriz, garai berari zahar baten ikuspegitik begiratzen zaio... Desenkantu batetik dago idatzita. Ikuspegi ironiko batetik eta distantzia pixka bat hartuta, jolastuz.

Patetikoak dira nobelan agertzen diren pertsonaiak...
Bai, baldar hutsak dira. Sinbolo ere badira. Historia aldatzen saiatu eta zein patetiko geratzen diren ageri da nobelan. Iraultzaile usteko, azkenean burges txiki. Sindikalista sendo askoak agertzen dira baita ere, baina haiei ere errealitateak irentsi egiten die. Ez dira protagonista nagusia bezain makalak, baina hauek ere burua makurtu behar izaten dute azkenean.

Protagonista nagusia aipatu duzu, pertsona bat bitan.
Irunen kokatuta dago nobela. Narratzailea aduanako enpresari txiki bat da eta aldi berean alboko bulegoa alokatuta dauka. Mozorrotu eta aldameneko bulego horretan detektibe lanak egin eta gona kontuak ikertzen ditu. Bi nortasun, beraz, bata normala eta bestea berriz misteriotsua. Anbiguotasun horretan mugitzen da pertsonaia bere bizitza bikoitzean eta berak sortzen dituen endredo horietatik ezin atera ibiliko da, modu oso traketsean.

Irunen zergatik?
Ni neu zortzi urtez bizi izan nintzen han, juxtu garai hartan, 1978tik aurrera. Mugimendu sindikalistako jende asko ezagutu nuen, lagun onak. Tolosako jende bat ere bazen han, lanera joandakoa. Sindikatuak sortzen ari ziren, ilegalak baitziren garai hartan.

Garai hartako pertsonaia asko topatuko ditu irakurleak liburuan...
Pertsonaia baten larruaren azpian daude benetakoak eta gero asmatutako ezaugarri pila bat. Bakarra da nobela guztian egiazkoa: Celestino Dorronsoro Xarra sindikalista. Alegiarra zen jaiotzez, nahiz eta Irunen bizi. Gizon osoa zen eta liburuan bere aipamena eginez omenaldia egin nahi izan diot, 2008an zendu baitzen. Batzuk esan didate, adibidez, Pertur-en kasuaren isla ikusi dutela liburuan. Historia horren oihartzunak badaude baina nobelara ekarriak, fikzionatuak. Eta noski, nik bizitako esperientzia batzuk ere ageri dira, adibidez kontakizunaren hasieran. Aprobetxatu, muturrera eraman eta fikzioa sortu dut horiekin.

Garai hartako egoera sozialaren isla sumatzen da Zangotraba-n...
Berebiziko krisia bizi zen garai hartan eta hori ere ageri da nobelan. Eta garai hartan uholde bat bezala sartu zen droga. Porrot sentsazio horrekin batera nahastu eta harrapatu zituenak berekin eraman zituen.

Eta erotismoa?
Sexua bai eta maitasun harremanak ere kontatzen dira. Gainera, harreman modernillo horiek, sasoi hartan hain modako zeudenak islatu ditut nobelan; ezkontzea esate baterako, burgesa iruditzen zitzaigun. Maitasun harreman mingotsak dira. Eta erotismoa ere ageri da liburuan. Muturrera eramanda Dama Beltza delako pertsonaiaren kasuan. Boterea eta biolentziaren sinboloa ikusi liteke harreman erotiko/ero horretan.

Hor badago ahalegin estilistiko bat, ezta?
Bai, hiruzpalau pasarte dira eta Dama Beltzaren agerpena kontatzen dute, antzerkiarekin nahastuta. Adierazi nahi nuen eromenaren mugaraino iristeko, adibidez, mitologiaren erotika aukeratu dut. Abiada handia hartzen du kontakizunak eta hor saiakera egin dut narrazioari azkartasuna emateko. Ekintza asko, orrialde bakarrean eman ditut. Bestalde, narratzaile gisa jarri dut protagonista nagusia. Ahulenaren, patetikoenaren ahoan jarri dut kontakizuna eta berea, begirada galdua da. Desolaziotik egindako begiratu mingotsa.

Begiratu mingotsa eta ironikoa ere bai?
Egindako handinahi haiei, pena pixka batekin eta ironiarekin begiratu nahi izaten diet. Niregan jarrera konstante bat dela uste dut. Azpi azpian gupida bat dago, nahiz eta kontakizunean forma garratzagoa hartzen duen, batez ere hirugarren nobela honetan. Jarrera etikoei buruzko begirada pesimista da nobela. Iraultza bat egin nahian eta mundua aldatu nahian ibili ginenoi barre egiteko modu bat. Gerora izan ditugun portaerek eta jarrerek oso lokaztuta uzten dituzte ustezko ideia handi haiek. Ez ditut ahultasunak ezkutatu nahi izan. Egia da, nobelan zenbait pertsonaien jarrera etikoa oso indartsua dela. Pertsonaia nagusia, ordea, ahulagoa da, memeloagoa, iruzurtiagoa, inpostorea... Traizioak ere ahuleziagatik egiten ditu, ez bentaja bat ateratzeagatik.

Nolakoa izan da nobela sortzeko prozesua?
Balorazio historikoak eta gogoeta sakonak garatu nituen hasiera batean, lehen nobelan egin nuenaren antzera. Duela hiru urte ia idatzita neukan liburua baina ekintzari indarra eman nahi izan diot eta pasarte horietako asko kendu egin ditut. Gogoetak gibel solasera mugatu ditut. Azkeneko bi orrietan, narratzaileari ahotsa kendu eta aforismo batzuetara laburbildu ditut hausnarketa horiek denak. Esaldi motz-motzetan.

Nobela hau idatzi ondoren, zein proiektu dituzu esku artean?
Azkeneko aforismo liburua duela zortzi urte atera nuen eta ordutik hona idatzitakoetatik aukeraketa bat ari naiz prestatzen eta urtea bukatzerako ateratzea espero dut, Atenea argitaletxean. Haurrentzako, berriz, ipuin eta poemak biltzen dituen proiektu bat atondu dugu etxean. Semeak eta alabak musika prestatu dute eta liburuarekin batera CD-a aterako da. Etxean prestatu dugu eta ilusio handia egiten dit lan honek. Adunako ume eta gurasoek ere hartu dute parte eta Denon Artean argitaletxean aterako da udazkenean, Elena Odriozolaren ilustrazioekin.

 
 

«Gibel solasetik: ispilu txiki bat bizkarra zaintzeko...»

Narratzaileari ahotsa kenduta, Zangotraba nobelaren azken bizpahiru orrialdeetan gogoeta batzuk utzi nahi izan ditu idazleak. Aforismo horien inguruan galdetu diogu Juan Kruz Igerabideri.

«Zer ikusten ote du Otto Dixen soldaduak, lubaki batean sartuta, lagun hilaren belaun tolestuaren azpitik fusilaz destatzean?»
Otto Dix espresionistaren koadro batetik abiatuta hasi nintzen nobelarekin. Alemanian ikusitako grabatu hori gure historiaren alegoria bat, erretratu bat izan zitekeela pentsatu nuen. Margo horretan soldadu bat lurrean etzanda ageri da bere fusila destatzen, hildako lagun baten belaunen azpitik. Desolazioa erabatekoa da irudian eta aldi berean egoera absurdoa da. Koadroko soldaduaren begirada da Zangotraba-n ageri dena.

«Orbainen gainetik idazteak zauriak berritzen ditu»
Nik umore beltzez irudikatu nahi izan dut bizi izan genuen errealitatea. Poetikotasun guztia kenduz. Otto Dixen koadroan ageri den begirada galdu hori narratzailearena da: errealitateari aulki gurpildun batetik eta balkoi bateko barroteetatik begiratzen dionarena.

«Idazmena asmatu aurretik, mundua kanpoko gertakizun bat baino ez zen (Junger). Asmatu eta gero ere bai, orri batzuetan sartzen den mundua salbu»
Historia narrazio bat da eta pertsonek sentitu eta pentsatzen dutena normalean ez da kontatuta geratzen. Hain juxtu, kontu horiek dira niretzako gauzarik inportanteenak. Fikzioarekin bizipen horiek erreskatatu eta maiz ahaztuta geratu diren historiari begiratzeko beste modu horiek berreskuratu nahi ditut.

«Ironia eta anbiguotasuna, ez bustitzeko aitzakia; ez itotzeko»
Ironiak erakusten digu nobela osoan ageri den tonua. Azpi-azpian, hain gauza tragikoei umorez begiratzea bizitzan sinisteko modu bat bada. 'Historia ulertzeko klabea hau ez da', esateko modu bat.

«Egiak libre egingo zaitu, baina emaiozu denbora pixka bat»
Nobelan kontatzen dudana errealitatearen pusketa bat besterik ez da. Historiaren alegoria bat, beti ere leiho batetik ikusita. Badira beste leiho heroikoagoak. Nik aukeratutakoa txikiagoa da eta batez ere mingotsagoa.

 
 

EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendari

Juan Kruz Igerabidek Donostiako Seminarioan 13 urte zituela ezagutu zituen Mikel Laboa, Xabier Lete, Joxan Artze eta garai hartako beste hainbat kantari, artean haiek ere gazte zirela. Galarazita zeukaten seminariora sartzea, baina moldatzen ziren debekuari trufa egin eta Ez dok Amairuko kideen entseguak ezkutuan jarraitzeko. Diskoetan atera baino lehenago ikasi zituen Igerabidek Laboaren kantak.

Beranduago, Asteasuko Garmendia jatetxean Bernardo Atxagarekin izaten zituen bazkaritan ere behin baino gehiago tokatu zitzaion Donostiako musikaria alboan. Eta harremana oraindik ere gehiago estutu zuten, Marisol Bastida, Laboaren emaztea, unibertsitatean lankide izan zuenean.

Duela urtebetetik, EHUk Mikel Laboa Katedra sortu zuenetik, Juan Kruz Igerabide zuzendari lanetan dabil. Laboaren irudia arte berritzaile gisa ikertzeko eta ezagutarazteko eta, oro har, arteen arloko ikerlanak bultzatzeko sortu dute. Doktorego bekak eta master amaierako diru laguntzak emango ditu, plastika, musika, hitza, dantza eta beste zenbait alor artistiko ikertzeko eta elkarrizketan jartzeko. Horrez gain, sorkuntza bultzatzeko diru laguntzak ere ematen ditu Mikel Laboa Katedrak.

Uneotan, Auritz Aurtenetxe Mikel Laboa eta euskal kantagintza berriaren sorrera. Baga biga higa Sentikaria eta Ikimilikiliklik Bidekidekaria ikuskizunak doktorego tesia garatzen ari da. Ikerketa lan monografikoak egiteko laguntzak ere banatu dituzte katedratik eta lau proiektu lagundu dira, tartean, Imanol Artola amezketarrak idatzitako Benito Lertxundiren kantagintza, euskal nazioaren eraikuntzan. Mintzola Fundazioarekin elkarlanean Miren Artetxe beste doktorego tesi bat ari da garatzen 2013ko irailetik: Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak.

Etxepare Euskal Institutuak 2013ko urrian New Yorken duen Bernardo Atxaga Katedrak Multilingual Education: Basque and International Perspectives doktoretzako programa akademikoa antolatu zuen. Tartean, eta Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, Iñaki Salvadorrek Mikel Laboa, in memoriam emanaldia, eskaini zuen.

Mikel Laboaren musikarekin Manuela Carretta Italiako dantzari flamenko garaikideak koreografia bat baino gehiago prestatu izan ditu. Oraingoan, Lemoizeko zentral nuklearraren gunea aukeratu du Laboaren Gernika lana interpretatzeko. Lan hau Mikel Laboa Katedrak sustatu du eta Irati Gorostidiren Gernika Lemoizen bideo sorkuntzaz gauzatu da. Aurkeztu berria da Donostian eta Gernikan.

Beste hainbat egitasmo ere gauzatzen dabiltza EHUko katedran, Juan Kruz Igerabidek dioenez, aurrekontuengatik ahalmena mugatua duten arren. Proiektu horietako batek egiten dio ilusio berezia adunarrari: Shakespearen soneto guztiak prestatzen ari dira Juan Garziak itzuliak, Joxan Goikoetxeak musikatuak eta Koldobika Jauregik ilustratuak. Eta horiek kultura munduko 150 pertsonak irakurriko dituzte. Udazkenerako argitalpen dotore bat izango da kalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!