Unipapel

Unipapelen lanaldiak laburtu eta lanpostuak gutxituko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 9a, 18:37

Kontratuak eten eta enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrak aurkeztuko dituela jakinarazi du Unipapel enpresaren jabeak. Adunako langileek oraindik ez dakite nola eragingo dien proposamenak. Maiatzaren 17an, eratuko da negoziazio mahaia.

Bulego eta eskola materiala ekoizten dute Adunako Unipapelen. Azken unera arte lan karga handia izan dute, baina ELA eta LAB sindikatuko ordezkarien ustez, enpresa jabeek «hiltzen utzi dute lantegia». Aurreko ostiralean zuzendaritzak langileei jakinarazi zien lanpostuak gutxitu eta mantenduko diren lanpostuen kasuan, lanaldia erregulatzeko asmoa duela. Neurri horiek, Adunako langileei nola eragingo dien ikusteko dago, oraindik.

Springwater Capital inbertsio funtsak Adveo Group International taldeko Unipapel enpresaren Adunako planta erosi zuen duela bi urte. LAB sindikatuko Pello de la Cruzek, denbora honetan, «utzikeriaz» jokatu izana egotzi dio Suitzako inbertsio funtsari: «Hasieratik ez ditu bere betebeharrak konplitu, ez gizarte segurantzarekin –milioi batetik gorako zorra du–, ezta gure hornitzaileekin ere. Unipapelek, Adunaz gain, Madrilen eta Logroñon dituen lantegietako material hornitzaileekin 20 milioitik gorako zorra du». Langileei berriz, martxoko aparteko saria eta apirileko soldata zor die enpresa jabeak.

Bi urtetan etorri da egoera gainbehera ELAko ordezkari Aurora Berasategiren esanetan. «Lantegi sarreran dauden zaintzaileen tokian langileak egoten gara, bata goizez eta bestea arratsaldez. Azpi kontratatutako beste hainbat enpresek utzi egin diote etortzeari. Garbitzailerik ez dator eta hilabete daramate komunik garbitu gabe eta urtebete baino gehiago inguruko belazeak zaindu gabe, lorezainei ordaintzen ez zaielako». Larriena ez da hori, Unipapelen sostengua izan diren bezero nagusiak galdu dituzte bi urteotan.

Azken hamazazpi urteetan Carrefour izan dute bezero nagusia Adunan eta herenegun jakinarazi zieten aurtengo kanpainari ezingo diotela aurre egin: «Ekoizpenerako behar dugun materialik ez dugu eta beraz, eskolara itzultzeko material hori ezingo diegu ikasturte hasierarako hornitu. Gure bezero nagusia zena galduko dugu eta aurrez hitz emandako eskariari erantzun ez diogulako Carrefourren salaketa jaso dezakegu. Sinatuta genuen kontratua ez dugulako beteko».

Adveok beharko luke Unipapeleko beste bezero nagusia bi sindikatuetako ordezkarien esanetan: «Duela bi urte, Adveok transformazioan interesik ez zuela eta banaketara dedikatuko zela esan zuenean, hurrengo bederatzi urteetan guk ekoitzitako material guztia erosteko konpromisoa hartu zuen. Jan egin dute, ordea, emandako hitza eta ez da inondik inora horrela izan». Langile ordezkariek susmoa dute duela bi urte sinatutako salerosketa kontratuan interes ezkutuak gordetzen direla.

«Salerosketa kontratua eskuan izan dugu, baina parte batzuk propio ezabatuta daude», dio Berasategik. ELAko ordezkariak, beraz, ez du sinesten lantegiaren egoera kaskarragatik saldu zionik Adveok Springwaterri enpresa: «Guk Adunan bezeroak geneuzkan, lan karga handia eta urte osoko planifikazio lanerako. Gertazen dena da, Adveori ez zitzaiola produkzioa interesatzen eta banaketaren arlora salto egiterako orduan karga bat suposatzen ziotela hiru lantegiek». Ados dago baieztapen horrekin De la Cruz, LABeko ordezkaria: «Maileguak ematerakoan bankuek egiten dituzten gomendioak dira horiek. Lantegiak mantentzea, hirurehun langileren soldatak ordaintzea ez zaie enpresa handiei errentagarria ateratzen. Adveo eta Springwater saiatu dira elkarri errua botatzen eta euren arteko haserrea irudikatzen, baina uste baino adostuagoa izango zuten guztia. Duela bi urte Springwaterri saldu zioten Unipapel, ez salbatu zezan, likidatu zezan baizik».

Negoziazioa, Adunan
Unipapeleko langileen batzordeak bere «ezinegon, frustrazio eta haserrea» adierazteko bilera egin zuen martxoaren 14an Springwater Capitaleko arduradunekin Madrileko bere bulegoan. Bertan presente egon zen Berasategi: «Bilera horretan ardura guztia Adveoren gain jarri zuten eta bildutakoei esan ziguten gure aldeko apustua egiten zutela eta soldatetan, paga eta nominetan ez zutela hutsik egingo». Esandakoa ez zen bete, martxoko aparteko lansaria eta apirileko soldata ez baitute jaso Unipapeleko langileek.

Aurreko ostiralean beste bilera batera deitu zituzten Madrilen hiru lantegietako ordezkariak eta orduan jakinarazi zieten, lanpostuak gutxitzeko eta eta lanaldi partzialak eskaintzeko asmoa duela –epe bat langabezian pasa eta bertatik kobratu eta beste epe bat lanean eman–. «Lanera bueltatuko ginatekeen epe horietan ez dakigu benetan zer ekoitzi izango genukeen eta soldatarik jasoko ote genukeen».

Aurreko ostiraleako bileran ez ziren presente izan De la Cruz eta Berasategi: «Guk beti pentsatu izan dugu negoziazioak Adunako lantegian egin behar direla. 13 pertsonetara mugatu dute negoziazio mahaia eta ez dakigu nola erabakiko diren ordezkari horiek. Langile kopuru gehiena duten planten arabera? Hemengo lanpostuen inguruan Madrilgo ordezkariek erabakiko dute? Horregatik, gaur bertan, bilera hemen egin dadin eskaera ofiziala egingo dugu».

Maiatzaren 17an, asteartean, egin asmo du Springwater Capitalek hurrengo bilera eta orduan jakinaraziko dute, ofizialki, lantegi bakoitzean zenbat lanpostu gutxitu nahi dituzten. Lan sindikalean jarraituko dute ELAk eta LABek, hurrengo astearteko bilera iritsi arte eta ondorioak zeintzuk izango diren jakin arte, ez mobilizatzeko erabakia hartu du langileen batzordeak. 


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!