Unipapel

Prekarietatea salatzeko protesta egin du LABek

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 3a, 16:28

Buruntzaldea, Goierri eta Tolosaldetik goizean abiatu diren auto-karabanek bat egin dute eguerdian Adunako Unipapelen.

Urrats berri bat eman eta prekarietate egoera ezberdinetan diren langileak protagonista bihurtuzmobilizazioak burutu ditu LAB sindikatuak azkeneko egunotan. "Bizi dugun emergentzia egoerak kalean egotea eskatzen digu, gertatzen ari dena ez delako normala", dio sindikatu abertzaleak. "Ez dira normalak bizi ditugun langabezia eta pobrezia tasak, ezta lan munduan daukagun prekarietate maila".

Lan munduan ere bide alternatiboak jorratzeko ekinbide sindikala "berritu eta egokitu" beharraz hitz egin du LABek. Egoera goitik behera aldatzeko proposamen zehatzak egin ditu: 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astearen aplikazioa, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea eta neurri guztiak emakumeengana iristeko erabakia. Aldaketa gauzatzeko, arrazoia izatea ez dela nahikoa argudiatu du sindikatu abertzaleak eta kalera atera eta mobilizatzeko deia egin du.

Prekarietateak dituen milaka aurpegiak agerian utzi zituen aurreko larunbatean Bilbon egindako mobilizazioarekin. Aste osoan zehar, sektorez-sektore egin dira mobilizazioak. Gaur industria arloko langileek egin dute protesta. Goierri-Tolosaldea-Buruntzaldeko LAB sindikatuko kideek kotxe karabana egin dute. Buruntzaldekoek, greba mugagabean den Ingemar Usurbilgo enpresatik abiatu dute zutabea, lantegiaren egoera salatzeko. Goierri aldekoek berriz, Arcelorren egoeran jarri dute arreta eta elkarretaratzea burutu dute Zumarragan. 

Zutabe guztiek bat egin dute Adunan, Unipapel enpresaren egoitzan. Tolosaldean zehar ibili den kotxe karabanak, besteak beste, Amarotzko Merca Chinaren aurrean egin dute protesta, "igandeetan ere saltokia zabalik izaten dutela salatzeko". Casa Eceizatik ere pasa da auto ilara, "lantegi horretan ematen ari diren soldata murrizketen aurka protesta egiteko".

Unipapel greban

Unipapelen amaitu dute ekitaldia Buruntzaldetik, Goierrialdetik eta Tolosaldetik ibili diren zutabeek. Hiru egun daramatzate greban Adunako lantegiko beharginek eta aurreko ostiralean jakin zuen Springwater jabeak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuela Madrilgo merkatal-arloko epaitegi batean. Langileen ordezkariek, ordea, ez dute inongo dokumentaziorik jaso.

Datorren asteartean deitu dituzte Madrilen bilera egiteko, "baina aurkeztu duten konkurtsoan zer esaten den jakin arte, ez zaigu bidezkoa iruditzen Adunako 17 kaleratzeen inguruan hitz egitea. Lehenik eta behin, zein eskaera luzatu duten jakin nahi genuke, balitekeelako, Unipapeleko hiru plantak likidatzea eskatu izana", aipatu dute LAB sindikatutik.

Bien bitartean, asteazkenetik greban dira Adunako plantako langileak. Mobilizazioak egin dituzte eta gaurko kotxe karabanan parte hartu dute. Bihar, 12:00etan, Tolosan, San Frantzisko elizaren parean elkarretaratzea egiteko asmoa dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!