Unipapel

Ostiralean jakinaraziko diete azken erabakia Unipapeleko langileei

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 5a, 11:03

Enpresa zuzendaritzari ostiralean amaitzen zaio epea azken erabakiaren berri emateko.

Unipapeleko zuzendaritzak ekainaren 24an amaitutzat eman zuen Madril, Logroño eta Adunako lantegien geroari buruzko kontsulta epea. Akordiorik gabe amaitu dira negoziaketak, eta orain, 15 eguneko epea du enpresak bere erabakiaren berri emateko.

Ekainaren 30ean, Madrilgo lan ordezkaritzan izan ziren hiru lantegietako komiteetako ordezkariak, adostasunik gabeko azkeneko akta aurkezteko. «Ikuskatzaileak uste zuenaren aurka, zuzendaritzak epea agortuko duela jakinarazi zuen eta hilaren 8ra arte, ez zuela bere erabakiaren berri emango», esan du Pello de la Cruz Adunako Unipapeleko langileen ordezkariak.

Bien bitartean, lanean

«Lantokira egunero etortzen gara baina ia ez dugu lanik izaten», dio De la Cruzek. Carrefourrek egindako eskaera bat amaitzen ari dira eta makina bakarra dute martxan. «Behin materiala bukatzen zaigunean ez dugu zer eginik edukiko». 60 langile inguru dabiltza Adunan eta goizeko txandan azaltzen dira lantokira. «Hainbeste orduz besoak gurutzatuta egotea gure aurkako gerra psikologikoa da», LABeko ordezkariaren ustez.

Maiatza erdialdera, Adunako lantegiko hamazazpi behargin kaleratu eta gainerakoei aldi baterako dosierra ezartzeko proposamena luzatu zuen Springwater inbertsio funtsak. Orotara, 109 lagun bota nahi zituzten: Madrilen, 79; eta Logroñon, beste 13.

Langileek ez dituzte azken hilabeteetako lan sariak jaso eta Springwater funtsak diru falta argudiatu du horretarako. «Nominak ordaintzeko adina diru ez badute, nekez ordaindu ahal izango dituzte 109 kaleratze. Gure susmoa da, Unipapeleko behargin guztiak aldi baterako erregulazio espedientean sartuko gaituztela».

Azken hilabeteetan Adunako langileek elkarrizketak abiatu dituzte Foru Aldundiarekin, lantegiaren bideragarritasun plan bat egin eta etorkizunera begirako alternatibak garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!