Aleginez parte-hartze prozesuaren hirugarren eta azken tailerra egingo da asteazkenean

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 9a, 13:17

Aurreko bi saioetan bildutakoetatik ateratako ondorioak islatuko dira lehen egunean herritarrek osatu zuten Alegiako mapa erraldoian bertan

Diagnostiko fasearen amaierara iristear da Aleginez, Alegiako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarrekin batera osatzeko abian jarritako parte-hartze prozesua. Asteazkenean, hilak 11, parte hartze prozesu honetako azken saioa egingo da kultur etxean. Aurreko bi saioak bezala, 18:00etan hasiko da eta nagusiki, aurreko bi tailerretan herritarrengandik jaso diren datuen eta ekarpenen inguruan proiektuaren arduradunek ateratako ondorioak ikusi ahal izango dira. Herritarrei ondorio horiek ahalik eta modurik egokienean azaltzeko, lehen egunean osatu zen Alegiako argazki erraldoia erabiliko da. Horrela, Alegiak dituen alde positiboak eta negatiboak bistan geratuko dira eta bertaratzen diren herritarrek Alegiako balorazio mapa horren gainean egingo dute lan.

Bestalde, lehen fase honetan inkestak banatu dira herritarren artean, euren iritzia beste bide batzuetatik ere jaso asmoz. Inkesta hauek paperean edo sarean bete daitezke, Aleginezen sare sozialen edo Alegiako Udalaren webgunearen bidez.

Behin diagnostiko fasea amaituta, herritarrek eman dituzten iritziekin zein diagnostiko objektiboarekin, Diagnostiko Partekatua osatuko da, eta hortik abiatuta garapen berriak non, nola edota zein kopurutan eraiki behar diren erabaki beharko da, aurrerago Plan Orokorraren Aurrerapena izeneko dokumentua idazteko.  Bigarren fase hori, 2014arekin etorriko da.

Hori baino lehen, herritarrekin hirugarren tailerra egitea falta da. Esan bezala, asteazkenean izango da hori, 18:00etan, kultur etxean. Eta aurreko saioetan bezala, afari-merienda ere izango da bertaratzen direnentzat. Gogora ekarri, bestalde, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dela saioak dirauen bitartean.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!