Emakume bertsolariei historian bere lekua emateko

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 10a, 13:18
'Bertsolaritzaren sekretuak: isildutako emakumeen historia'

'Bertsolaritzaren sekretuak: isildutako emakumeen historia' emanaldia ikusi eta entzuteko aukera, bihar, zinema aretoan.

22:00etan hasiko da eta saioa doan izango da. Emanaldiak bere «sekretu puntua» duela dio Itsaso Paiak, saioa egingo duen taldeko kideak. «XIX. mende inguruan emakume bertsolariak bazeuden eta horren inguruan ariko gara. Izen gutxi eta bertso gutxi jaso dira, baina izan baziren, eta emanaldiarekin bere lekua ematen zaie historian».

Jokin Labaienek sortu zuen emanaldia, 19. Korrikaren harira. «XIX. mendearekin egin zuten lotura, eta hortik tiraka hasi ziren emanaldia sortzen», azaldu du Paiak. «Labaien beste batzuen laguntzarekin artxiboetan hasi zen bilatzen, eta ikusi zuten bazegoela materiala zerbait sortzeko. Oraindik artxibo askotan egongo dela informazioa, baina zaila dela horietara iristea ere gaineratu izan du Labaienek».

Lau partaide daude saioan. Batetik Labaienek narratzaile lanak egin ditu eta berak gidatzen du emanaldia. «Hausnarketara bideratzen du publikoa, testuen bitartez. Datuen berri ere ematen du», esan du Paiak. Musikak ere bere protagonismoa du, Idoia Noble akordeoi jotzailearen eskutik. «Badaude musika bakarrik entzuten den uneak, eta bertsoak ere musikatzen ditu».

Oskar Estanga eta honek ezin duenean Jokin Murua eta Itsaso Paia aritzen dira aktore lanetan. Esketx modukoak egiten dituzte. «XIX. mendeko hainbat emakume bertsolarien papera hartzen dut nik, istorio txikiak azalduz. Gehienbat bertsotan aritzen gara, baina zirtoak ere badaude, eta testuak ere bai».

Emakume bertsolarien indarra nabarmendu du, «bertsoak sortzean eta baita kantatzean ere». Esaterako, asko gustatzen zaio Sabina Elizegi Maizen papera, Pello Errotaren arreba. «Pello Errota denon belarrietara iritsi den izena da, baina Sabinarena ere zerbait jasota dago. Sabinak bazuen erraztasuna erantzun azkarrak emateko. Saioan badago esketx bat gizon batzuk Sabinarengana hurbiltzen direna hainbat gauza esaten, eta Sabinak zirtoen bidez erantzuten die».

Ezustekoak ere badirela emanaldian esan du Paiak: «Iragana eta etorkizunaren arteko fusioak daude. Animatzen dut Alegia eta inguruko jende guztia emanaldira etortzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!