Musikak protagonismo berezia izango du udazkenean

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 19a, 09:45
Txintxarri Txiki abesbatzakoen emanaldiaren une bat. TXUSO GOMEZ

Aurreko larunbatean izan zen Txintxarri Egunarekin eman zaio hasiera udazkeneko egitarauari.

Musika izaten ari da eta izango da protagonista Alegiako Kultura Batzordeak antolatu duen udazkeneko egitarauan. Txintxarri Egunarekin eman zaio egitarauari hasiera larunbatean, Txintxarri, Txintxarri Txiki eta Castilla Vieja abesbatzek emandako kontzertuarekin. Musikari lotutako ekitaldiekin jarraituz, Eñaut Elorrieta eta Anariren kontzertuak izango dira, eta Loatzoko musika eskolako ikasleen emanaldia.

Bestalde, bi ipuin kontaketa saio izango dira. Horietako bat gaur bertan, Maite Frankorekin, eta bestea Ines Bengoaren eskutik, azaroan. Elkarretaratzea antolatu dute, urtero legez, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeria salatzeko. Horrez gain, gurasoei zuzendutako ikastaroa egingo da, hiru saioetakoa. Euskararen Egunean, abenduaren 3a, tailerra eta hamaiketakoa izango da.

Eñaut Elorrietaren kontzerturako sarrerak salgai daude kultur etxean, 10 eurotan. «Mikel Urdangarin etorri zenean erantzun ona izan zuen kontzertuak, eta espero dugu ere larunbatean zinema aretoa betea izatea», esan du Nati Murua Kultura zinegotziak.

Larunbateko Txintxarri Eguneko emanaldiarekin aho zapore gozoarekin geratu ziren entzuleak. Herriko bi abesbatzen doinuez gain, Palentziako abesbatza baten musikaz gozatzeko aukera izan zuten entzuleek. Hain justu, Castilla Vieja abesbatza izan zen larunbateko protagonista. Hogeita bost bat lagunez osatutako taldeak maila ona erakutsi zuen Alegiako elizan. Musika landua eta gustu handiz abestutakoa, gainera. Gaztelako kultura eta bizimodua jasotzen dituzten obrak entzun ahal izan ziren. Ondoren, bi abesbatzek opariak egin zizkieten elkarri. Afari-legea ere egin zuten Alegiako Txintxarri jatetxean, eta bertan, lehen urratsak eman zituzten alegiarrek Dueñasera egin behar duten itzulerako bisita prestatzeko.

Udazkeneko egitaraua

Urriak 19, gaur

17:00. Ipuin kontaketa, Maite Francoren eskutik, liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa izango da saioa.

Urriak 22, larunbata

23:00. Eñaut Elorrietaren kontzertua, zinema aretoan.

Azaroak 16, asteazkena

17:00. Ipuin kontaketa saioa, Ines Bengoaren eskutik, liburutegian. 4-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 22, asteartea

18:00. Loatzo musika eskolaren kalejira eta emanaldia. Plazatik abiatuko dira musikariak.

Azaroak 25, ostirala

19:00. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, elkarretaratzea egingo dute plazan.

Azaroak 30, asteazkena

17:30-19:00. Komunikazioa eta gatazken konponketa ikastaroa, Baikara elkartearen eskutik, gurasoentzat, kultur etxean. Beste bi saio egingo dira: abenduak 7 eta 14.

Abenduak 2, ostirala

22:00. Anariren kontzertua, gaztetxean.

Abenduak 3, larunbata

Euskararen Egunaren harira, Larreta esnekiek eskainitako tailerra plazan. Ondoren hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!