Alkizan hondakinen sistema berria ezarri zuten duela sei hilabete inguru. Ordutik zero zabor herria bilakatu da, organikoa herrian bertan kudeatzen baitute. Sistema ezarri aurretik hondakinen datu bilketa egin zuten herrian pisaketen bitartez, eta hondakinen %25a birziklatzen zela ondorioztatu zuten. Ekainean berriro egin zuten pisaketa, eta datu horien arabera %60eko birziklapen tasa izatea lortu dute herrian. Jon Umerez, alkatearen esanetan, «gehiago egin daitekeen arren datu ona da».
Organikoa biltzeko egoera ezberdinetara egokitzen diren sistemak ezarri dituzte Alkizan. Herritarren gehiengoak «auto konposta» lantzen dute, hau da, etxe bakoitzak bere organikoa kudeatzen du. Eraikin blokeetan, berriz, mota ezberdinetako bi gune jarri dituzte; hortaz, konposta bizilagunen artean egiten dute. Aldiz, tabernentzat, «konposta bolumen handiagoan kudeatu ditzaketen etxolak» jarri dituzte. Norberak sortzen duen organikoa norberak kudeatzea dute helburu Alkizan. Honela, gune komunitarioetan ere «euren artean» kudeatzen dute hondakina. Horregatik, langile berririk kontratatzeko beharrik ere ez du izan udalak, baina udal langilea eta ingurumen teknikaria prozesua «gainbegiratzen» ari dira.
Helburuak
Hondakin bilketarako sistema honek, helburu bikoitza du. Batetik, organikoa «norberak kudeatzea». Bestetik, «birziklapenean sakontzea», honela zabortegira «ahalik eta errefus kantitate txikiena» bidaltzea espero dute.
Iazko apirilean egindako bilera batean aurkeztu zieten herritarrei Alkizarako proposatzen zuten hondakinen bilketa sistema, eta «zalantzak eta ekarpenak» jaso bazituzten ere, «aldeko jarrerarekin» egin zuten topo.
Hala ere, «herritarrei informazioa helarazteko eta zalantzak argitzeko» udaleko Ingurumen teknikariaren laguntza izan dute, eta herritarrek Tolosaldeko Mankomunitatearen kontaktua ere jaso dute. Gainera, edukiontziak dauden lekuetan ere pegatinak jarri dituzte, herritarrak «informatzeko».
Umerezen ustez, zenbait heritarrentzat ez da berria, «Alkizan beti egin izan da organikoaren bereizketa, baina ez du izenik izan; orain modu antolatuagoan egitea da asmoa». Izan ere, berak argi du herritarrak zenbat eta «arduratsoagoak» izan, «kontrola eta inposaketa» are txikiagoa izango da.
Gainerako hondakinei dagokienez, hondakinak jasotzeko hiru puntuak mantendu egiten dituzte, egokitzapenak egitea ez baitute beharrezkoa ikusi. Aurrera begira, emaitzen arabera ikusi beharko da sistema egokia ote den ala ez.