‘Euskararen historia’ ikastaroko lehen saioa hilaren 20an izango da

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 9a, 11:59
Garikoitz Goikoetxea soziolinguistak gidatuko du ikastaroko laugarren hitzaldia, martxoaren 2an. FOKU

Egitasmoa elkarlanean antolatu dute Altzoko Kultura Batzordeak eta Galtzaundi Euskara Taldeak; urtarriletik martxora, bi astez behin larunbatetan egingo dituzte saioak.

Euskararen historiari buruzko ikastaroa antolatu dute elkarlanean Altzoko Kultura Batzordeak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Urtarrilaren 20an egingo dute ikastaroaren lehen saioa, eta izen-ematea zabalik egongo da hilaren 18ra bitarte, egun hori barne. Larunbatetan elkartuko dira, bi astez behin, eta, guztira, bost saio egingo dituzte; hitzaldiak izango dira lehen lauak eta azkena, berriz, mahai ingurua egingo dute.

Manu Olano da antolatzaileetako bat, eta haren hitzetan «biziki interesgarria» izango da mahai ingurua: «Maila altukoak dira bai parte hartzaileak, bai moderatzailea. Aberasgarria izango da ikuspegi ezberdinak,  datuak eta planteamenduak ezagutzeko». Bide beretik, azken ekimen horren bitartez «oreka» lortuko dutelakoan dago Olano, «iragana zein etorkizuna» landuko dituztelako ikastaroan.

Duela bi urte hasi zen Altzoko Udaleko Kultura Batzordea «herriko historia hobeto ezagutzeko» ikastaroak antolatzen. Euskal Herriaren historia izan dute hizpide aurreko bi urteetan, eta ikastaroak Gaizka Arangurenek eta Asisko Urmenetak gidatu dituzte, hurrenez hurren.

Aurten, berriz, euskararen historia ezagutzeko eta «etorkizunaz gogoeta» egiteko antolatu dute ikastaroa. Gai aldaketaren inguruan, Euskal Herriko historiaren «oinarrizko jakintza» landu dutelakoan dago Kultur Batzordeko kidea; eta, hori horrela, «momentu aproposa» iruditu zaie euskararen gaia lantzeko:  «Euskararen inguruan uste asko daude, baina guk errealitatearen inguruan zientziak zer dioen jakin nahi dugu; euskararen gaia denon ahotan dago, eta pixka bat sakonago landu nahi izan dugu».

Garaia nola, hitzaldia hala
Aurre-historiatik hasi eta, lau ataletan banatuta, gaur egunera arte ekarriko dute gaia hainbat adituk. Lehena Borja Ariztimuño irakasle eta euskal filologian doktorea izango da. Aurrez aipatu bezala, datorren larunbatean, urtarrilaren 20an, emango du Jakin noiztik X. mendera hitzaldia.

Egutegian bigarrena, berriz, Euskara, jalgi hadi kanpora, XI-XVIII. mendeak saioa izango da. Otsailaren 3an egingo dute, eta Blanca Urgell euskal filologiako doktoreak gidatuko du. Bi aste geroago, otsailaren 17an, izango da hurrengo saioa eta Haritz Azurmendi gizarte zientzietako doktoreak eta Jakin taldeko kideak emango du: Pizkundeak eta atzerakada berria, 1800-1975.

Laugarren saioa, berriz, Garikoitz Goikoetxea soziolinguistak eta euskara teknikariak gidatuko du: Euskalgintzaren berregituratzea eta indarberritzea, 1975-2023. Martxoaren 2an egingo dute, eta hitzaldi egiturako azken saioa izango da.

Ikastaroko azken ekimena, berriz, mahai inguru bat izango da. Kike Amonarriz soziolinguistak gidatuko du, eta Nora goaz? Etorkizunera begira izenburupean egingo dute hitz Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Eneko Gorri euskara teknikariak, Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak eta Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak.

Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, eta hainbat modutan egin daiteke: internetez galtzaundi.eus webgunean; edo, aurrez aurre, Altzoko udaletxean zein Galtzaundi elkartearen Tolosako bulegoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!