Euskalgintzaren egituratzeaz, goraldiaz eta egungo zalantzez aritu da Goikoetxea

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 4a, 15:00

Altzon euskararen historiaren inguruan eskaintzen ari diren ikastaroan aritu da Tolosako euskara zerbitzu burua.

Altzoko kultura batzordeak Galtzaundi euskara taldearekin elkarlanean antolatu duen euskararen historiari buruzko ikastaroan aritu da Garikoitz Goikoetxea euskara teknikaria. Azkeneko 50 urteotako egoerari erreparatu dio eta hiru epe bereizi ditu.

1975tik 1990. urtera bitarteko epeari egituratze aldia deitu dio. Frankismoaren amaierarekin, egoera administratibo berria ezartzen da euskararen lurraldean, bakoitza bere aitortza eta eskubide mailarekin. Orokorrean, berreskuratze eta indarberritze aroa biziko du euskarak aldi honetan, batez ere Hegoaldean.

1990tik 2006ra bitarteko epea goraldiarena bezala azaldu du Goikoetxeak. Urte hauetan sortzen dira euskararentzat garrantzizkoak diren erakundeak, hala nola, Uema, Kontseilua, Topagunea, Iparraldean EPP eta Nafarroan Euskarabidea.

2006tik honakoa zalantzaren arotzat hartu du euskara teknikariak. Hamarkada hauetan teknologiak izandako garapen azkarrak, globalizazioak, eta gertaera sozio-ekonomiko-politikoek, migrazio fluxuek eta abarrek, aldaketa handiak eragin dituzte euskal gizartean eta euskaldun komunitatean eta, ondorioz, euskararen egoera eta kokapenean.

Datorren martxoaren 16an amaituko da euskararen historiari buruzko ikastaroa Altzon. Nora goaz? Etorkizunera begira mahai-ingurua antolatu dute eta Kike Amonarrizek moderatuta lau lagun arituko dira hizlari: Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia; Eneko Gorri euskara teknikaria eta Plazara kooperatiboko kidea; Intza Gurrutxaga EHEko kidea; eta Iñaki Martinez de Luna soziologoa eta Garabide elkarteko lehendakaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!