Hiru fusilaturi aitortza publikoa

'Frankismoa Amasa-Villabonan' erakusketan bisita gidatuak

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 27a, 11:38
Erakusketa luzatzea erabaki dute, eta apirileko lehen astean hainbat bisita antolatu dituzte

Hilaren 14an egin zuten Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketaren irekiera ofiziala. Bertan udal ordezkariak, Foru Aldundiko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren, eta Frankismoan fusilatukoen senideak presente zeudela, fusilatuak izan ziren amasar eta billabonatarrei omenaldia eskaini zieten.

Erakusketak interes handia piztu du eta hori ikusita udalak erabaki du martxoaren 29ra arte egon behar zuen erakusketa hainbat egunetan luzatzea. Luzapena, gainera, berezia izango da. Izan ere, Aritza elkarteko kideen laguntzaz lau bisita gidatu antolatu dituzte. Bisita gidatuak, beraz, apirilaren 1ean, 2an eta 3an 18:30ean, eta apirilaren 6an, igandean, 12:00etan izango dira. Bertan erakusketaren nondik norakoak eta historiaren parte diren herritarren historiak gertuagotik ezagutzeko aukera izango da.

Horregatik, udaletik eta Aritza elkartetik gaiarekiko interesa duen pertsona orori bisita gidatu hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!