Ongi etorri beroa Eneko Galarragari

Ataria 2015ko urt. 21a, 20:27

Zazpi urte espetxean pasa ondoren, 09:00etan utzi dute aske billabonatarra Ocañako (Toledo) kartzeletik. Iluntzean ongi etorri beroa eskaini diote Villabonan. Senideek TOLOSALDEKO ATARIAri jakinarazi dioten moduan, atera den unea "oso hunkigarria" izan da.  

Galarraga 2008ko urtarrilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Urruñan (Lapurdi). Han bizi zen neska-lagunarekin. Handik lau egunera aske utzi zuten baldintzapean eta Auzitegi Nazionalak igorritako euro aginduaren emaitzaren zain. Azkenean onartu eta martxoan Espainiaratu zuen Frantziako Poliziak. 

Julen Zelarain, ostiralean
Etzi, berriz, Julen Zelarain billabonatarra utziko dute aske Valdemoroko (Madril, Espainia) espetxetik Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako operazioan kasik 10 urteko espetxe zigorra bi txandatan bete eta gero. 

Julen Zelarain 2008an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak AAMaren aurkako operazioaren barruan. Epaiketa horretan fiskalak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuentzat. Orain sei hilabete berriz ere deklaratu behar izan zuen beste 9 euskal herritarrekin batera. Prozesamendu berri bat ireki nahi izan zioten zigorra betetzeko sei hilabete besterik falta ez zitzaizkiola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!