Santiago adinekoen egoitzako langileak euskara ahoan

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 11a, 17:48
Nazaret zentroko Nereba Peña eta Santiagoko hainbat langile

Villabonako zentroan euskara hizkuntza nagusia izan dadin ari dira lanean 

Villabonako Santiago adinekoen egoitzan euskaraz bizitzeko apustua egin dute eta horretarako bi proiektu dituzte esku artean. Batetik, NEL Ni ere euskaraz lanean programa garatzen dute Banaiz Bagara taldearen eta EMUNen laguntzarekin, eta bestetik, Suediako TDAR programa eredu duen mintzalagun egitasmoa lantzen dute Donostiako Nazaret  zentroarekin eta Kutxazabalekin batera. Guztiz lotuta dauden bi proiektu dira.

NEL programa lantzen Villabonako Udalaren bitartekaritzari esker hasi ziren 2013an Santiagoko arduradunak laguntza eske joan eta gero. Izan ere, udaleko arduradunek argi dute: euskaraz aritzea «langileen eskubidea da, eta batez ere egoiliarrena». Hitzak Kultura zinegotzi den Nora Urbizurenak dira. Urbizu Nagore Etxeberria zinegotziarekin eta Maite Arregi euskara teknikariarekin batera izan da gaur, Banaiz Bagarak NELen barruan eskaintzen duen ikastaroko azken eskolan. Hiru hilabete eman dituzte bertan, eta aurrerantzean mintzalagunaren txanda izango da, hau da, ikastaroan ikasitakoa errealitatera eramango dute.

Egoiliarrekin egunerokotasunean erabiltzen dituzten hitzak eta esaldiak ikasten aritu dira azken hilabeteetan, eta bertan Petra Elser Banaiz Bagarako kidea aritu da. Ikastaro horietan euskaldunak eta ikasten ari direnak elkarlanean aritu direla esan du, Elserrek, «egoera aldatu ahal dela frogatuz». «Ikastaroan laneko egoera oso zehatzak landu ditugu, eta orain, mintzalagunan, jarraituko dugu hori lantzen. Behaketak egin genituen eta ikusi genuen jendeak errealitatean zer esan behar duen eta norekin. Landu duguna errealitatera guztiz egokituta dago».

Jarduerak oso harrera ona izan du langileen aldetik eta euskaraz hitz egiteko konfiantza eta ziurtasuna sendotzeko balio izan diela esan dute. Iaz lehen urtean ikasitakoa finkatzen aritu ziren Santiago egoitzako langileak eta euren nahia «langileen artean eta egoiliarrekin euskaraz eroso eta natural» aritzea dela esan dute. Orain arte, hortaz, langileen hizkuntza portaera eta ohiturak pixkanaka aldatzeko baliabideak emateko aritu dira lanean; lankideen artean zein egoiliarrekin euskara modu naturalean erabiltzeko estrategiak, eta lanean euskararen erabilera indartzeko eta lotsa kentzeko trebakuntza saioak egin dituzte, besteak beste, euren eguneroko eginkizunetan euskara modu erosoan erabiltzeko asmoz.

Mintzalaguna
NEL programarekin lotuta dagoen mintzalagun taldea osatzeko berriz, Donostiako Nazaret zentroko Nereba Peña izan dute lagun.

Lantzen ari diren programak Suedian du abiapuntu. Izan ere, Suediako Stockolmeko Gerontology Centreren burutu zuten TDAR egitasmoa, eta eredu hori hartuta programa pilotua egiten ari dira, orain, Villabonan. «Suedian biztanleria pila bat ari da zahartzen, eta ondorioz, zaintza beharrak hazten eta aldatzen ari dira, eta konturatu dira zaintzaileen hizkuntza trebetasunekin eta baita profesionalekin ere aurre egitea oso garrantzitsua dela. Hori dela eta azken 10 urteetan proiektuak garatzen joan dira, eta konturatu dira lanean ematen den ikasketa oso garrantzitsua dela. Lantokia ikasteko oso egokia dela ondorioztatu dute. Baina ez dituzte trebakuntza batzuk behar dituztenak edo hizkuntza ikasi behar dutenak bakarrik kontuan hartzen, ikasketa prozesu horretan lantokiko jende guztia martxan jartzen dute, ikasketa prozesua eraginkorragoa dela ikusi dutelako. Horregatik sortu zituzten bi profil: guk mintzalaguna bezala ezagutzen duguna, Petra (Elser) gure kasuan, eta hausnarketa gidaria. Bi profilak langileen artean identifikatzen dituzte Suedian. Bi profil horiei esker garatzen da langileen trebakuntza. Lantokia ikasketa tokia izatea oso garrantzitsua da, denak inplikatzen dira eta oso garrantzitsua da».

 

TDAR proiektua, Suedietik Villabonako zaharren egoitzara


Villabonako zaharren egoitzan Suediako Stockholmeko Gerontology Centreren egindako TDAR programan oinarrituta egiten dute mintzalagun programa. TDAR proiektua 2013an hasi zen eta datorren urrian bukatuko da, eta Europako Lifelong Learning programaren diru laguntza jasotzen du. Villabonan Nazaret zentroaren eta Kutxazabalen laguntzarekin abiarazi dute eta EMUNek proiektuaren materialaren diseinuan eta egokitzapenean lagundu du. Villabonan garatzen ari direna esperientzia pilotua da eta ondoren egokitzapena beste zentro batzuetan lantzea da helburua. Suediako programaren bi gidatze plan garatuko dituzte hemen, bata Villabonan, eta bestea eskualdean bertan, Bidania-Goiazko Eguneko Zentroan, hain zuzen. Datorren asteazkenetik aurrera hasiko dira bertan lanean.
Proiektua garatzeko abiapuntua errealitatea izan dela azaldu dute sustatzaileek. Talde dinamikak erabiltzen dituzte eta etorkizunari begira mintzalagun lantegian zaintzan parte hartzen duten beste partaide batzuk sartu nahi dituzte; sukaldariak, psikologoak, apaizak, mantenuko langileak eta abar. «Honek hizkuntzaren hobekuntza bakarrik ez, lantokiko beste arloetarako hobekuntzarako bide ere izan daiteke. Ikerketak argi utzi du lantokiak leku aproposak direla heziketa eta ikasketarako eta hizkuntza heziketa babesturiko espazioetan ematen denean hizkuntza garapen aberatsago bat sustatzen da erakundeetan», azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!