Gai-jartzaile Eskolaren saioa maiatzaren 9an

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 28a, 11:53

Amasa-Villabonako Gurea aretoan, 22:30etan hasita bertso saioa antolatu dute maiatzaren 9an. Gai-jartzaile Eskolako ikasleek gaiak jarriko dizkiete sei bertsolariri.

Bederatzi hilabeteko ikastaroan landutakoa praktikan jartzeko Gai-jartzaile Eskolako ikasleek jarriko dizkie gaiak bertsolari seikoteari. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Igor Elortza arituko dira kantuan maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Gurea aretoan, 22:30ean.
 
Sarrerak 5 eurotan jarri ditu salgai  Bertsozale Elkarteak. Amasa-Villabonan Subijana etxean (Bertsozale Elkartearen egoitzan), RK tabernan eta Amasa kafetegian eskura daitezke sarrerak. Anoetan Itzuli tabernan eta Tolosan Orbela tabernan. Sarrerarik geldituko balitz egunean bertan saioa baino ordubete lehenago zabalduko da aretoko leihatila.
    
Gai-jartzaile eskolaz bi hitz
 
Pasa den urrian jarri zuen martxan Bertsozale Elkarteak Gai-jartzaile Eskola. Helburua bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremana indartu eta gai-jartzaile lanaz gogoeta egitea izan da. Bertso saioan parte hartu duten bertsolari ia guztiak hizlari izan dira urritik maiatzera.

Bertsoa unibertsitatean, EHUko udako ikastaroetan

Iaz abiatu zuen Mintzola Ahozko Lantegiak Gipuzkoako Foru Aldundiren laguntzarekin Bertsoa Unibertsitatean eskola, arrakastatsua izan zena gainera. Aurtengoak bi ikastaro izango ditu bere baitan: Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan, Karlos Aizpuruak zuzenduko duena eta uztailaren 6an eta 7an Miramar Jauregian eskainiko dena. Eta bestea berriz, toki berean uztailaren 8an, 9an eta 10ean eskainiko den Bertsolaritzaren bidegurutzeak, Beñat Gaztelumendiren zuzendaritzapean.

Lehen ikastaroan bertsolaritzari ez ezik, ahozko beste generoek zein ahozkotasunak hartuko dute lekua. Aurten, ipuingintza eta batez ere, hezkuntza arautuari begirako kantagintza nabarmenduko dituzte. Lehen egunean, ahozkotasuna eta gazteak hartuko dituzte hizpide eta Inma Muñoa, Andoni Egaña eta Itziar Zubizarretak hartuko dute parte. Bigarrenean, Jaione Eskudero, Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien arituko dira eta elkarrekin egingo duten mahai inguruaren ondoren, performancea eskainiko dute. Bertsoa eta kantua uztartuko dituzte Ainhoa Ansak, Uxue Alberdik eta Igor Elortzak.

Bigarren ikastaroan bertsolaritzari buruzko gogoeta estrategikoei eta ikerketa berrienei egingo diete leku. Hiru bidegurutze jarriko dituzte mahai gainean: lehena ideologikoa, bigarrena transmisioaren ingurukoa eta azkena ikerketa esparru berriena. Hiru egunetan, besteak beste, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Jexux Muruak, Jon Sarasuak, Joseba Tapiak, Estitxu Eizagirrek, Kepa Pazek, Aitzol Astigarragak eta Manex Agirrezabalak emango dituzte azalpenak.

Matrikula-orria eta Uda Ikastaroen kontuan ikaslearen izenean egindako diru-sartze ziurtagiria, maiatzaren 4tik aurrera bidali beharko dira udaikastaroak@ehu.eus helbidera. Interesatuek informazio guztia www.ehu.eus/cursosverano helbidean topatuko dute eta bestela 943 21 95 11 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!